Azken eguneratzea: 2007/04/19
Zabalik da Gazte Auzolandegietan izena emateko epea
15 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduak, kultura eta arkitektura-arloko ondarea berreskuratzea, ekologia eta ingurumena zaintzea, eta gizarte-ekintza eta animazioa bultzatzea dute ezaugarri. Euskadiko auzolandegietan parte hartzeko 210 plaza daude (Iruña-Veleia, Arteleku, Galdakao, Leketio, Arratzu eta Estibalizko monasterioan), eta Euskaditik kanpo, 422.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzak 6 Auzolandegi prestatu ditu Iruña de Oca, Galdakao, Lekeitio eta Arratzuko udalekin eta Estibalizko monasterioa zein Donostiako Artelekurekin elkarlanean uztailean eta abuztuan zehar egiteko. Berak zuzenean antolatutako Auzolandegiez gain, Gazteri Zuzendaritzak harremanak ditu Estatuko beste Erkidegoetan eta nazioartean antolatzen diren auzolandegietan euskal herritarren parte hartzea ahalbideratzeko. Izena emateko epea gaur, hilak 19, zabaldu da eta maiatzaren 20an amaituko da (maiatzaren 4ean atzerriko auzolandegiei dagokienez).

2007ko Gazte Auzolandegiak 15 eta 30 urte artean dituzten gazteei begira daude antolatuak, eta bertan estatuko nahiz Europako beste herrialdeetatik etorritako gazteek har dezakete parte. Aurtengo kanpainak eskaintzen diren plazak 632 dira, horietatik 210 Euskadin eta 422 Euskaditik kanpo, bai beste autonomia erkidegoetan bai atzerrian.

Auzolandegi bat zera da:
Toki bat non leku askotako gazteak biltzen diren, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan.
Beste era batera burutu ezingo liratekeen proiektu horiek eta bertan egiten diren bestelako ekintza osagarriak elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte hartzea, kultura aniztasunean hezitzea, etab. sustatzeko bide bat dira.

Lanaldia: gutxi gorabehera, astean 20 ordutan lan egiten da, gehienbat goizez. Arratsaldez jarduera soziokulturalak egiten dira inguruneko errealitatearen berri izateko, bai eta aisialdiari eta astialdiari lotutako jarduerak ere, esate baterako, ondare historiko-artistiko aberatsa duten tokietara joatea.

Osaera: 20 eta 25 arteko boluntario, eta, horrez gain, arduradun teknikoa eta zuzendaritzako taldea.

Zuzendaritzako taldea: talde hau auzolandegiko zuzendariak eta gutxienez gazteen elkarte bateko kide diren bi sustatzailek osatuko dute.

Ostatua eta mantenua: ostatua eta mantenua ordaintzeko gastuak auzolandegiak antolatzen dituen erakundeak ordainduko ditu; hala, beraz, boluntarioak ez du ezer ordaindu behar. Aitzitik, auzolandegia egiten den tokiraino iristeko egin beharreko joan-etorrien gastuak boluntarioak berak ordaindu beharko ditu, bai eta bere kabuz antolatu ere.

Asegurua: auzolandegietan parte hartzen duten guztiek aseguru bat izango dute; eta aseguru horrek auzolandegietako jarduerak egin bitartean izan daitezkeen istripuei eta istripu horiek eragindako erantzukizun zibilari egingo die aurre. Bestalde, osasun-asistentzia bermatua izateko, auzolandegiko parte-hartzaile bakoitzak bere osasun-txartela eraman beharko du auzolandegira (Osakidetzakoa edo beste antzekoren bat). Europako osasun txartela edo Ordezko ziurtagiri behin-behinekoa (Certificado Provisional Sustitutorio delakoa) eraman beharko dute auzolandegia Europako Batasuneko herrialdeetan, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetan edo Suitzan aukeratu duten guztiek. Halere, Eusko Jaurlaritzak, betiere osagarri, bidaiako asistentzia emateko aseguru bana kontratatuko du espainiar estatutik kanpora doazen guztientzat.

Kuota: parte hartzeko kuota 72 eurokoa da.

  • Egin beharreko zereginen arabera
    Kultura- eta arkitektura-arloko ondarea berreskuratzea: auzolandegi hauen helburua da artearen esparruan dugun ondare aberatsa zaintzeko interesa gazteengan piztea eta, horrez gain, gazteak gure herriaren historiarekin zuzenean harremanetan jartzea. Era berean, jarduera honen bidez, urrats sendoak egin nahi ditugu gure kultura arkitektonikoa zaintzeko.
  • Ekologia eta ingurumena: era honetako auzolandegietan, habitat naturala zaintzeko eta babesteko ekintza zuzenak egiten dira, eta, aldi berean, naturarekiko sentsibilitatea eta begirunea izaten irakatsi nahi zaie parte-hartzaileei.
  • Gizarte-ekintza eta -animazioa: auzolandegi guztietan oro har egoten den alderdi soziala bereziki nabarmentzen da era honetako auzolandegietan. Egin beharreko lana eta elkarbizitza batzean, garrantzi berezia ematen zaio gizarteko alderdiari, hau da, auzolandegia eta aldamenean duen herria, auzoa edo komunitate txikia uztartzeari.

Auzolandegien eskaintza

15 urtetik 17ra bitartekoentzat:

Estibalizko monastegia-Araba.
Ondare kulturala berreskuratzea da auzolandegi honetako lana eta monasterioko  liburutegiaren inbentarioa egitea helburua. Uztailaren 2tik 15era eta uztailaren 17tik 30era

18 urte edo gehiago:


Lekeitio. Gure aitona-amonekin elkarrizketan -Bizkaia.

Gizarte-arloko lana egingo da auzolandegi honetan. Helburua belaunaldien arteko harremanak eta ezagutza sustatzea da, baita hirugarren adinekoei animazio-jarduerak eskaintzea ere. Uztailaren 17tik 30era eta abuztuaren 1etik 14ra. Adina: 18 eta 26 urte bitartean.

Eta, gainera, ingelesez ongi dakiten eta atzerriko gazteekin egon nahi duten gazteentzat:

Iruña-Veleia, erromatarren garaiko hiria - Araba.
Arkeologia-lanak egingo dira bertan. Helburua Iruña-Veleiako Errosetoidun Mosaikoaren Domus-a, hiriko etxerik handienetakoa, zehaztasunez ezagutzea da, baita bilakaera ere, goi-inperiotik erromatarren azken garaira arte. Uztailaren 17tik 30era eta abuztuaren 1etik 14ra. Adina: 20 eta 26 urte bitartean.

Arrolako Iruna - Arratzu-Bizkaia.
Auzolandegi honetan egingo den lan-mota arkeologia da eta helburua, Arrolako Iruna berreskuratzea da. Uztailaren 2tik 15era eta uztailaren 17tik 30era. Adina: 18 eta 24 urte bitartean.


Galdakaoko Errege-galtzada -Bizkaia.

Auzolandegi honetan arkeologia lantzen da eta Galdakaoko Errege Galtzada berreskuratzea da bertako helburua.  Uztailaren 17tik 30era eta abuztuaren 1etik 14ra. Adina: 18 eta 24 urte bitartean.
  
Arteleku: Dinamik(tt)ak -Gipuzkoa
Ingelesez egingo den auzolandegi honetan, Donostiako Loyola auzoko Arteleku zentroan, sormena lantzea izango da helburua, baita ere parte hartzaileei ikuspegi bat ematea kreazioa gizarte interakzioan tresna gisa erabiltzeari buruz. Uztailaren 16tik 27ra. Adina: 17 eta 19 urte bitartean.


Auzolandegiak beste Autonomia Erkidegoetan eta atzerrian- 2007

  • Auzolandegi-mota desberdinak daude. Adinaren, ingeles-mailaren edota gustuen arabera, estatuko gainerako autonomia erkidegoetako auzolandegi batean parte har dezakete Estatuko gainerako autonomia erkidegoetako auzolandegietan:  Andaluzia,  Aragoi,  Asturias, Balear Uharteak, Ceuta, Errioxa, Extremadura,  Galizia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Kanariar Uharteak, Kantabria, Katalunia,  Madril,  Murtzia,  Nafarroa eta  Valentzia.
  • Atzerrian ere auzolandegiak badira Europan, Afrikan, Amerikan eta Asian. Aurten, herrialde hauek aukera daitezke: Alemania, Belgika Kanada, Korea, Danimarka, Eslovenia, AEB, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Islandia, Italia, Japonia, Moroko, Mexiko, Herbehereak, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Serbia eta Turkia.

2007ko auzolandegietan izena emateko epeak:

1.- Lehen fasean izena emateko epea:

-Hasiera: apirilaren 19an,  goizeko 9:00etan, zabalduko da (deialdia arautzen duen Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean).
-Amaiera: Lehen fasean izena emateko epea maiatzaren 20an amaituko da; hala ere, atzerriko auzolandegietan izena emateko maiatzaren 4an itxiko da epe hau.

2.- Libre geratutako plazak:
Libre geratutako plazak maiatzaren 28ko goizeko 9:00etatik aurrera eskainiko dira, plazak agortu arte edo uztailaren 31ko eguerdiko 14:30ak arte. Fase honetan Euskadiko plazak Internet bidez eskatu ahal izango dira. Beste autonomia -erkidegoetakoak edo atzerrikoak eskatzeko, berriz, Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuetara jo beharko duzu.

Nola izena eman:

a) Internet bidez, www.gazteaukera.euskadi.net web orrian (eskaera orria apirilaren 19an, goizeko 9:00an bistaratuko da)
b) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuen bidez:
" Bilbao: Gran Vía 85; tf. 94 403 16 52
" Donostia-San Sebastián: Andia 13; tf. 943 02 29 64
" Vitoria-Gasteiz: Donostia 1; O eraikina, 3. solairua. (Gazteria Zuzendaritza)
Tf. 945 01 95 01, 945 01 95 36