Azken eguneratzea: 2011/06/01
''011'', trafiko informaziorako telefono berria Euskadin
Trafiko Zuzendaritzak urte honetan zehar ia 90.000 dei jasotzea espero du

Bihar asteazkenetik aurrera, 011 da trafikoaren egoera ezagutzeko zenbakia Euskadin. Horren bidez, euskal bide-saretik zirkulatzen dutenek uneoro jaso ahal izango dute informazioa trafikoaren egoerari buruz, batez ere, EAE mailan, baina lurralde mugakideetakoa ere, Legealdi honen hasieran euskal eta Estatuko Trafiko Zuzendaritzek sinatutako kolaborazio hitzarmena betez.
Trafiko telefono bakarra
Hilabete batzuk barru 011 trafiko informaziorako Espainiako telefono bakarra izatea aurreikusita dago eta Euskadi izango da aipatutako telefonoa martxan jartzen duen lehen lurraldea. Estatuan Trafiko Zuzendaritza Nagusia arduratuko da bere funtzionamenduaz; Euskadin, ordea, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izango du ardura hori, Txurdinagan (Bilbo) kokatutako Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik. Zerbitzua uneoro egongo da funtzionamenduan operadore-talde baten ardurapean. Trafiko operazio berezietan edo garrantzizko eguraldi txarra dagoenean (neguko elurteak, esaterako) operadore-talde hori indartuko da.
Telefono berriak 902.112.088 zenbakia ordezkatuko du bihartik aurrera, nahiz eta denbora batean zehar biak erabilgarri izango diren, erabiltzaileak zenbaki berria (askoz errazagoa) erabiltzera ohitzen diren arte. Deien kostua dei lokalen kostuaren antzekoa izango da, orain arte gertatzen zen moduan.
Erabiltzaileen artean zenbaki berria hedatzeko, publizitate kanpaina bat jarri du martxan Trafiko Zuzendaritzak; gaurtik aurrera garatzen ari da komunikabide (telebista, irratia, komunikabide digitalak) eta beste euskarrien (markesinak, eguzkitakoak, koadernoak) bidez. Hori guztia joan den maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluan onartutako "011 trafikoa" markan oinarritura dago. Publizitate-mezuetan agertzeaz gain, trafikoarekin erlazionatutako informazio eta komunikatuetan agertuko da marka Euskadin eta zenbaki berria familiarragoa eta ikasterrazagoa izateko balioko du.
Ia 90.000 dei
Azken urtean zehar, 84.000 dei jaso zituen trafiko informaziorako telefonoak Euskadin. 011 berrirako aurreikuspenek urte honetara begira % 5eko igoera estimatzen dute; hala, 90.000 deietara hurbilduko da komunikazio-bolumena.
Azken urtean zehar jasotako deien artean, % 34 Bizkaitik egin ziren, % 26 Gipuzkoatik, % 14 Arabatik, % 3,5 Nafarroatik eta gainontzekoa dei estatal eta atzerritarren artean banatzen da. Estatutik egindakoen artean, Kantabria (939 dei), Madril (393 dei), Burgos (357 dei), Katalunia (236 dei) eta Errioxatik (212 dei) egindakoak nabarmentzen dira. Atzerriari dagokionez, Frantziatik 65 dei jaso ziren eta Portugaletik 72.
Deien % 89 gaztelaniaz egin ziren eta % 11 euskaraz. % 1eko igoera egon zen euskarazko deietan, aurreko urtearekin alderatuz.
Informazio eskaerak kontuan hartuta, % 31 negu-bidezaintzari buruzkoak izan ziren, % 22,5 zirkulazioaren egoerari buruzkoak, % 23 kamioentzako murrizketei buruzkoak eta gainontzekoak istripu, pilaketa, isun edo izapideei buruzkoak.
Dei gehienak goizeko hamarretan, eguerdiko ordu bietan eta arratsaldeko lauetatik zortzietara jaso ziren; gauerditik goizaldeko seiak arte, ordea, dei-kopuru txikiena jaso zen. Ostiraleko arratsaldea dei gehien jasotzen dituen asteko tartea da eta igandea, berriz, dei gutxien jasotzen dituen tartea.