Azken eguneratzea: 2010/03/09
Euskalmetek eta Euskaltelek telebista bidezko eguraldi-zerbitzu berri bat abiatu dute
Euskadin egiten duen eguraldia, urrutiko agintearen eskueran

Euskalmetek eguraldiari buruz eskaintzen duen informazioa Euskaltelen Telebista Digitalaren 467. dialean eskainiko da. Kanal berriak eguraldiaren iragarpenaren, itsasoaren egoeraren, pilatutako prezipitazio kopuruaren eta egon litezkeen alerta meteorologikoen berri emango du.

 

Bilbo, 2010eko martxoak 9. Euskalmetek eta Euskaltelek eguraldi-zerbitzu berria abiatu dute, dagoeneko Euskaltelen Telebista Digitalean ikusgai dagoena. Euskaltelen deskodegailu interaktiboa duten bezeroek Euskalmeten iragarpenen berri izango dute, urrutiko agintea erabiliz (467. dialean).
Ekimen berri honek EAEn egiten duen eguraldiaren gaineko informazio osatuenaren berri izateko aukera eskaintzen die Euskaltelen deskodegailu interaktiboa duten bezeroei, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eskutik.
Urrutiko aginteari eragitearekin batera, kanal berriak hiru egunerako (gaur, bihar, etzi) eguraldi-iragarpena eskaintzen du modu erraz eta zuzenean; gainera, hurrengo egunei dagokien informazioa ere emango da.
Halaber, itsasoaren egoeraren eta baita tenperaturen, pilatutako prezipitazioen eta radarren mapei buruzko informazioa ere eskainiko da, baita abisu eta alerta zerbitzuak ere.
Iñigo Alonso Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Klimatologia zuzendariaren esanetan, "herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten ezinbesteko zerbitzu bat zabaltzen lagunduko duen tresna bikaina da".
Alonsok " telebista aparatuarekin elkarreragiteko izango dugun erraztasun handia" azpimarratu nahi izan du. Bere ustez, kanal berriak ezagutarazi egingo du "Euskalmetek egindako maila handiko lan profesionala eta zorrotza, gure lurraldean eta gure mugetatik kanpo ere aintzat hartzen dena". Alonsok azpimarratu duenez, "zerbitzu berri hau euren bezeroei ahalik eta zerbitzu onena eskaini nahi dieten bi erakunderen arteko akordioaren ondorio da, eta bozgorailu berri bat izango da herritarrei informazioa helarazteko, bereziki, fenomeno meteorologikoen aurrean, EAEn jasan berri dugun ziklogenesi leherkorraren kasuan bezala".

 

Informazio eskuragarria

 

Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariaren aburuz, "Euskaltelen Telebista Digitalean eskuragarri dauden zerbitzuen zerrenda geroz eta handiagora gehitu da Euskalmet. Gure zuntz optikoaren bidez, Euskaltelen Telebista Digitalak EAEko herritarrek gehien eskatzen duten gaurkotasuna eskainiko du; eguraldia, tokiko prentsa digitala, kirol eta ekonomia albisteak, eta jokoak eta aisialdirako zerbitzuak, orokorrean".
Gainera, urrutiko agintea erabiltzeak dakartzan erabilera-erraztasunak eta berehalakotasunak "Telebista Interaktiboa zerbitzu publikoak giza talde berriei zabaltzeko biderik egokiena bihurtzen dute, eta gainera, dagoeneko ordenagailu bidez jasotzen dituztenen erabilera handitzen dute".