|
Indiako eraikuntza-sektorearen gaineko ikuspegi orokorra ematea eta herrialde horrek Indiako bertako eta EAEko enpresei teknologia berrien eta energia berriztagarrien alorrean eskaintzen dizkien aukerak identifikatzea zen jardunaldiaren helburua.
GAIAk —EAEko Teknologia Elektronikoen eta Informazio Teknologien alorreko Industrien Elkartea— “Eraikuntza Sektoreko Teknologia”-ri buruzko jardunaldi bat antolatu zuen uztailaren 2an Bangaloren (India), ITSMArekin (Interactive Technology Software and Media Association) eta FISekin batera (Forum for Indian Studies), Indiako eraikuntza-sektorearen gaineko ikuspegi orokorra emateko eta herrialde horrek Indiako bertako eta EAEko enpresei teknologia berrien eta energia berriztagarrien alorrean eskaintzen dizkien aukerak identifikatzeko asmoz. Jardunaldi honen bidez elkartzeko plataforma bat eskaini nahi zaie sektoreko profesionalei, bide batez.
Indiakoa da mundu osoan gehien hazten ari den ekonomietako bat, urtean BPGd-ren %8ko hazkundea baitu. Informazio-teknologiak eta ehungintza-sektorea izan dira azken urteotako garapen handiaren motor nagusiak.
Hazkunde horri eusteko, herrialde osoa garatzen lagunduko duten azpiegitura egokiak behar dituzte Indian. Hala, eraikuntza-sektoreak aukera handiak eskainiko ditu aurrerantzean. Nekazaritza eta gero, eraikuntza da Indiako bigarren jarduera ekonomiko garrantzitsuena, eta BPGd-ren %11 hartzen du.
Jardunaldietan iragarri denez, informazio-teknologiek 1990eko hamarkadan izandako garapenak eragindako hazkundea eraikuntza-sektorera aldatuko da datozen urteotan.
Jokin Garatea GAIAko Nazioartera Zabaltzeko Saileko zuzendariak azpimarratzen duenez, “Indiak aukera handiak eskainiko dizkie sektoreko enpresei etorkizun hurbilean. EAEko enpresek Indiak duen erronka horri profesionaltasun handiz erantzuteko teknologia eta langile egokiak dauzkate”. Merkatu berrietan barneratzeko “lana erruz” egin beharra dagoela dio Garateak, etorkizunari “segurtasun handiagoz” erantzun ahal izateko.
|