Ukan estiloa

 

UKANen sorrera 2005 urte amaieran, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskariz, hizkuntzen eta hiztunen arteko elkarbizitza bultzatuko zuen ikur bat sortzeari ekin zitzaion.

Helburua ez zen iraungitze-data laburreko publizitate-produktu soil bat kaleratzea; asmoa ez zen, ezta ere, iragarki-marka konbentzional bat asmatzea. Elkarbizitzaren eredu eta motore gisa jokatuko zuen ikur bat sortu nahi zen. Ikur atsegin eta eraginkorra; ezeren kontra baino, zerbaiten alde egingo zuena; zehazki esateko, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzaren inguruko balioak azpimarratu eta haien alde egingo zuena. Hiztunen arteko errespetua eragiteaz gainera, hiztun guztien errespetua eta begirunea irabaziko zituena.

 

 Ikuspegi hori ardatz harturik, ikurrak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardueraren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren publizitate-irudia izan behar zuen, eta, hori lortzeko, ekinbide propioak protagonizatu behar zituen: euskararen inguruan izan diren beste hainbat iniziatibei uko egin gabe, desberdina izango zena. Baina, ororen gainetik, Gobernuak elkarbizitza linguistikoaz pentsatzen duenaren ikur ireki bezain eraginkor bat izatera iritsi behar zuen. Integratzailea eta ez banatzailea. Positiboa. Atsegina. Dinamikoa. Arbuiozko erreakziorik eragingo ez zuena. Horrekin guztiarekin batera, garbi geratu behar zuen euskararen alde egitea eta euskara kulturalki garatzen saiatzea unibertsaltasunaren aldeko apustua egitea dela.

Horrela jaio zen UKAN (pdf, 606,38 kB), elkarbizitzaren birusa.