Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa


Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa 1968an sortu zen. Bere sorreratik lau printzipio autonomo ezarri nahi izan zituen: irakasleak kontratatzeko askatasuna, ikasleak onartzeko askatasuna (baina numerus clausus-ekin), ikasketa planak egiteko askatasuna eta unibertsitateak izango zuen dirua administratzeko askatasuna.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa hiru Campusetan egituratu zen eta Bartzelonako metropoli-eskualdean kokatu.

 

Bellaterra, irakaskuntza eta ikerketa campusa

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko campus nagusia Cerdanyola del Vallèsen dago eta bertan fakultate, departamentu, institutu eta zerbitzu gehienak daude. Horrez gain zientzia- eta teknologia- cluster garrantzitsua ere bada.

Bellaterrako campusa Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Zientzia- eta Teknologia-parkearen egoitza ere bada. Parke horretan hainbat ikerketa-zentro eta -partzuergo biltzen dira, eta horien helburua interes handiko ikerketa-arloetan sortzen diren behar zehatzei erantzutea da.

Sabadellek teknologiaren, enpresaren eta lanaren aldeko apustua egiten du

2004-2005 ikasturtetik Sabadelleko Unibertsitate-eskolak campus osatua bihurtzeko lanean ari dira, graduko eta graduondoko ikasketekin, ikerketa taldeekin eta zerbitzuekin. Campus horrek teknologian, enpresa munduan eta lan munduan jarriko du indarra.

Sabadelleko campusa Ingeniaritza Eskolako eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko egoitza izango da, Bellaterrako campusarekin batera. Halaber, Sabadellen Lan-harremanetako Diplomaturako (Zuzenbide Fakultatearen mendekoa) ikasketak ere egin ahal izango lirateke.

Sant Pau, Osasun-zientzien campus berria

Sant Pau ospitalearen pabiloiak pixkanaka-pixkanaka libre geratzeak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoari Osasun-zientzien inguruko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak bertara eramateko bidea emango dio.

2004-2005 ikasturtean Medikuntza Fakultateko zenbait arlo eraman ziren, hala nola, Dekanatua, Zentroaren Administrazioa eta bilera-gelak. Geroago, ikerketa-jarduera batzuk mugitu ziren hara, eta ikasleentzako, ikerleentzako zein irakasleentzako egoitza bat egin zen. Bellaterrako campusean Medikuntza Fakultateko irakaskuntzaren eta ikerketaren egituraren zati bat geratu zen, bere ezaugarriengatik ez zelako egokia izan mugitzea.

Erizaintza Eskola ere Sant Pauko campus berriaren beste alde garrantzitsua da.

Bigarren fasean, Sant Pauko campusak irakaskuntza eskaintza zabaldu egingo du, eta Logopedia eta Fisioterapia ikasketak ez ezik, graduondoko eskaintza zabala ere egingo du.

 

Euskara eta Euskal kulturako irakurletza Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan

Eusko Jaurlaritzaren eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren artean sinatu zen hitzarmenari esker, 2006-2007 ikasturtean “Euskara eta euskal kulturako irakurletza” jarri zen martxan unibertsitatean, eta geroztik, ikasturtero bi aldeek berretsi egin dute ikasketa horiek bultzatzen jarraitzeko konpromisoa.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Euskara eta Euskal kulturako irakurletza Filologia Katalaneko Departamentuan kokatuta badago ere, eskaintza ikasle guztiei irekia da, aukera askeko ikasgaiak baitira.

Alde didaktikoari dagokionez, unibertsitatean “Euskara I” eta “Euskara II” lantzen dira. “Euskara I”-ean euskararen oinarriak azaltzen dira modu praktikoan. “Euskara II” aurrekoaren jarraipena da eta helburuak ere antzekoak dira.

Hizkuntzaz gain, “Euskararen historia eta deskripzioa” eta “Euskal literatura: sarrera” gaiak ere irakatsi dituzte 2006-07an.

Adierazitako klaseez aparte, ikasturte osoan zehar tutoretza integratuak ere eskaini dituzte, ikasleei azalpen osagarriak emateko eta zalantzak argitzen laguntzeko.

Bestalde, ikasketa horien osagarri gisa, ekintza kulturalak ere antolatzen dituzte.

 

Azken eguneratzea: 2010/03/11