Berdindu · Ba al duzu zalantzarik? · Homosexualitatea

Orientazio homosexualari buruzko galderak

Aurkibidea 

 

  1. Zer da homosexualitatea?
  2. Zein nerabe dira lesbiana edo gay?
  3. Zergatik daude sexu-orientazio desberdinak?
  4. Nola iristen da lesbiana edo gay izatera?
  5. Nola bizi dira lesbianak eta gay-ak?
  6. Zertan bereizten dira, bada, lesbiana eta gay-ak?
  7. Gay-ek eta lesbianek lan edo jardun berezi bat gutiziatzen al dute?
  8. Lesbianek eta gay-ek osaturiko bikoteetan rol maskulino eta femeninoa banatzen al dituzte?
  9. Zenbat lesbiana eta gay dago?
  10. Zergatik dira ezagunagoak gay-ak lesbianak baino?
  11. Gay-ek HIESA edo bestelako eritasunak jasateko arrisku handiagoa al dute
  12. Legeak onartzen al du lesbiana edo gay izatea?
  13. Eritasuna al da homosexualitatea?
  14. Homosexualitatea sexuari soilik al dago lotua?
  15. Zer da homofobia?
  16. Nola hedatzen dira homofobia eta heterosexismoa?
  17. Zein arazo dituzte nagusiki nerabe gay eta lesbianek?
  18. Zer dakarkio pertsona bati homosexuala dela onartzeak(alegia, armairutik jalgitzea deitu ohi dena)?
  19. Noiz onartzen da besteen aurrean norberaren homosexualitatea?
  20. Nori ematen diote lehen aldiz jakitera beren sexu-orientazioa lesbianek eta gay-ek?
  21. Nola erantzun ohi dute gurasoek alaba lesbiana edo seme gay baten aurrean?
  22. Lesbianak eta gay-ak guraso izan al daitezke?
  23. Nola egin diezaiekegu aurre homofobia eta heteresexismoari eskoletan?
  24. Zer esan diezaiokegu bere sexu-orientazioaz zalantzan den nerabe bati?
  25. Nola erantzun ditzakegu homosexualitateari buruzko galderak?
  26. Homosexualitateaz mintzatzeak homosexualitatea bultzatzea al dakar?

 

1. Zer da homosexualitatea?


Bere sexukoak afektiboki edota sexualki gustuko dituenaren sexu-orientazioa da homosexualitatea. Gizonak gustuko dituen gizonari gay deitu ohi zaio, eta emakumezkoak gustuko dituen emakumeari, berriz, lesbiana. Bi sexuetako pertsonek erakartzen dituztenak bisexualak dira. Kategoria horiek, dena den, gizakien zeinahi sailkapen bezalaxe, ez dira absolutuak eta giza sexualitatearen irudi geldi eta nolabait ere zurrunaren ondorio dira neurri batean, zeren nornahik oso sexu-jokaera desberdinak, bai eta aldakorrak ere izan ditzake bere bizitzan zehar (Ikusi eranskina).

Genero maskulino eta femeninoak gizakiaren alderdi osagarriak dira eta gizonei bata eta emakumeei bestea zurrun-zurrunean egoztearekin hausteak gizaki ororen aukerak eta ahalmenak zabaltzeko egokiera ematen du. Honela, gizon ez da genero maskulinoaren berdina eta emakume ez da genero femeninoaren parekoa; nahi adina konbinazio eta gehikuntza egin dezakegu, eta geure ahalmenei, jokaerei eta nahiei modu askeago eta osoago batean garatzeko bide berriak zabaldu ahal dizkiegu.

Ikusmolde berri horiek lagun diezagukete transgenerismoaren (tradizioz sexo bati edo besteari egotzi ohi zaizkien genero-banaketarekin haustea) zenbait adierazpen ulertzen, hala nola trabestismoa eta transformismoa.
Gay edo lesbiana izateko orientazioa ez da transexualitatearekin, transformismoarekin edota trabestismoarekin nahasi behar. Pertsona bat transexuala da bere sexu biologikoa bere genero psikologiko edo sozialarekin bat ez datorrenean eta gorputza itxuraldatzen duenean, sexua aldatuz. Transformismoa eta trabestismoa transgenerismo-moduak dira. Trabestituak ditugu beste sexuari egotzi ohi zaizkion arropak janzten dituztenak, eta transformistak, berriz, trabestituz ikuskizuna antolatzen dutenak. Hala transexualak nola transformistak edo trabestituak gizon nahiz emakume, heterosexualak, homosexualak edo bisexualak izan daitezke. Beti berezi behar ditugu generoa (maskulino-femenino), sexu biologikoa (gizon-emakume), sexu-orientazioa eta sexu-jokaera.

Aurkibidera itzultzea

2. Zein nerabe dira lesbiana edo gay?

Sexu berekoek erakarrita sentitzen diren nerabeak dira. Erakarpen horretaz ohartutakoan, ezkutatu egin ohi dute, halere, besteen destaina jasateko beldurra, baztertuak izateko beldurra daukatelako. Halatan, oso litekeena da edozein ikastetxetako ikasleak orientazio gay edo lesbiarra izatea eta ezkutuan bizitzea.

Nerabe horiek bakardade, estuasun eta beldurrezko sentimenduak bizi ohi dituzte beren sexu-orientazioa ezagutzean. Oso ohikoa da nori esan, norekin mintzatu ez izatea. Laguntza behar dute, beraz, konfiantzazko giroa, arras kaltetua izan ohi duten autoestimua sendotzeko.

Aurkibidera itzultzea

3. Zergatik daude sexu-orientazio desberdinak??

Oso arrazoi desberdinak ematen dituzten teoria desberdin asko dago horren gainean: arrazoi psikologikoak ematen dituztenak, arrazoi endokrinoak, neuroanatomikoak, genetikoak, eta abar luze bat. Alabaina, teoria horietakorik ez dago modu eztabaidaezinean frogaturik. Sexu-orientazioa oso modu eta une desberdinetan osatzen da pertsona bakoitzarengan. Norbanakoaren orientazioa da, izaera bat, jokaera bat, gizakiaren askatasunaren eta duintasunaren muin-muinean kokatua, eta halatan, inork ere, inolaz ere kendu ezin diona. Gay eta lesbianei hala izatea berezkoa zaie, heterosexualei heterosexualitatea zaien bezala. Jendeari bere sentimenen, bere gustuaren eta nahiaren aurka joka dezala eskatzeak pertsonaren osasunari eta oreka psikologikoari kalte larria ekar diezaieke.

Aurkibidera itzultzea

4. Nola iristen da lesbiana edo gay izatera?

Sexu-orientazioa estuki lotuta dago gustuko zaiguna izan eta egiteko dugun askatasunarekin, atsegin handien ematen digun moduan bizitzeko askatasunarekin. Bada bere orientazio gay edo lesbiarra bere bizitzako zeinahi unetan aurkitzen duen jendea, baina gehienek nerabearoaren aitzinean aurkitu eta garatu ohi dute. Ez da gauetik goizera egin ohi den aurkikuntza; norberaren ezagutze-prozesua da, honako etapa hauetan gerta daitekeena: desberdinak izatearen sentimendua, desberdintasun horrek sorturiko harridura, gizarte-harremanetan hastea eta bere orientazioa onartzea. Etapa horiek ez dira beti-beti ematen, noski, eta pertsona bati bere homosexualitatea, zeinahi etapatan agertuta ere, onartzea eragozteak pertsona horrek sentitzen duen desira homosexuala bizitzako beste hainbat etapatan agertzea ekartzen du, eta agertzen den bakoitzean berriro erreprimitzeak, inplikatutako pertsona eta bere ingurukoak onartzeko gero eta zailago izango diren egoeren aurrean jartzen ditu.

Sexu berekoek erakartzen dituzten guztiak ez dira identitate gay edo lesbiarra izatera iristen. Eta jokaera homosexualak dituztenak ere ez dira derrigorrez lesbiana edo gay izaten. Bestalde, bada sexu-harremanak izan aurretik, bere burua gay edo lesbianatzat duenik ere.

Aurkibidera itzultzea

5. Nola bizi dira lesbianak eta gay-ak?

Ez dago lesbiana edo gay izateko modu bakar bat; gizarte alor orotan, maila orotan, gizarte orotan daude gay eta lesbianak, garai eta aro guztietan izan dira. Gay edo lesbiana izateko hamaika modu dago, nork bere modua du. Batzuek “gay” deituriko auzo berezietan bizi nahi dute, besteek haietatik urrun. Itxurak ere ez ditu bereizten; “luma” deitu ohi dena ez da beti lesbiana edo gay izatearen adierazgarri. Itxura femeninoena duen neska izan daiteke lesbiana eta itxura maskulino handiko mutila, berriz, gay.

Aurkibidera itzultzea

6. Zertan bereizten dira, bada, lesbiana eta gay-ak?

Ez dute bereizgarririk; halatan jende gehiena bertan gay eta lesbianarik ez bailegoen mintzatzen da haietaz; “luma” delakoa, alegia, itxura, hala maskulinoa nola femeninoa, ez da gay eta lesbianena soilik. Izan ere, gay guztiak ez dira emagizonak, ezta emakume guztiak maskulinoak ere. Lehen aipatu dugun lez, gay edo lesbiana izateko pertsona adina modu dago eta denek errespetua merezi dute.

Aurkibidera itzultzea

7. Gay-ek eta lesbianek lan edo jardun berezi bat gutiziatzen al dute?

Erabili ohi diren estereotipoak bazter utzi eta esan behar da ez dagoela gay edo lesbianentzako lanbide berezirik. Lanbide alor guztietan aritzen dira, bai eskulangintzetan, bai eta lan intelektualetan ere. Baldin eta alorren batean gehiago ikusten badira, alor horretan gay eta lesbianak errazago onartuak direlako eta, ondorioz, modu berezkoagoan jokatzen laguntzen dielako da. “Luma”, maskulinoa zein femeninoa, ez da gay edo lesbianen ezaugarri esklusiboa.

Aurkibidera itzultzea

8. Lesbianek eta gay-ek osaturiko bikoteetan rol maskulino eta femeninoa banatzen al dituzte?

Ez. Bikote bakoitza mundu oso bat da, non berdintasunez behar den dena erabaki. Ez da egia bikotekide batek beste sexuaren papera jokatu behar duenik. Bikote heterosexualak izan dira beti rol desberdintasun horiek gehien erabili dituztenak eta haiek ere ari dira alde batera uzten generoaren araberako ohiko rol banaketa hori. Bestalde, gay eta lesbianei buruz maiz erabili ohi diren estereotipo faltsuetako bat dugu honako hau.

Aurkibidera itzultzea

9. Zenbat lesbiana eta gay dago?

Zenbat dagoen ez du axolarik, eskubideak eta errespetua ez baitira gehiengoentzat soilik. Dena den, ikerketa fidagarrienek gay edo lesbianak biztanleriaren %5etik %10era bitartean direla kalkulatzen dute. Gizonen arteko eta emakumeen arteko harremanak kultura orotan izan dira, garai eta aro orotan eta munduko eskualde orotan. Kultura bakoitzak bere interpretazioa eman die, harreman sexualekin egin duten bezalaxe. Ez da gauza erraza gay eta lesbianak zenbatzea, gizakiei dagozkien gauza ororekin bezala zaila baita kontzeptuak definitzen. Sexu berekoekin harremanak dituzten guztiek ez dute bere burua gay edo lesbianatzat hartzen. Batzuetan gizartearen pisuak eta gay edo lesbiana gisa seinalatu eta baztertua izateko beldurrak ez dio jendeari bere burua halakotzat jotzen uzten.

Aurkibidera itzultzea

10. Zergatik dira ezagunagoak gay-ak lesbianak baino?

Historian zehar emakumeen sexualitatea bazter utzi da eta ez da kontuan hartu. Gure gizartearen alor gehien-gehienetan gizona ikusiagoa da eta indar handiagoa du, bai gizartean bai botere ekonomikoaren aldetik ere. Emakumea gune pribatura izan da baztertua. Horrek lesbianak ia ikustezinak izatea ekarri du. Halatan, lesbianek bazterkeria bikoitzaren menpe daude, duten sexu-orientazioak sortzen dienaren menpe eta duten sexuak sortzen dienaren menpe. Emakumeen sexualitate aske eta independientea ia aintzat hartzen ez bada, gizarteak nekez izango du kontuan lesbianen sexualitatea. Inoiz ez da pentsatzen elkarrekin bizi diren bi emakume bikote izan daitezkeenik; alabaina lesbiana asko eta asko dago.

Aurkibidera itzultzea

11. Gay-ek HIESA edo bestelako eritasunak jasateko arrisku handiagoa al dute

Ez, arriskuzko sexu-jardueretako neurri prebentiboak guztientzako dira beharrezko. Baina bereziki sexu segurua tratatzean, kontuan hartu behar da sexu-errealitate desberdinak daudela. Sexu-heziketa modu zehatzenean egin behar da, anbiguotasunetik ahalik eta urrunen eta arrisku-faktoreak kentzeko neurri prebentiboak bultzatuz 1.

Aurkibidera itzultzea

12. Legeak onartzen al du lesbiana edo gay izatea?

Bizi garen eremu juridiko politikoan legeak sexu-orientazioa ez zigortzeaz gain, ordenamendu juridikoak maitasun homosexuala heterosexuala bezain aske eta baldintza berdinetan bizitzeko aukera ziurtatu behar duten baliabideak eskaintzen ditu, baina, horrez gain, herri-botereak oraindik bizi dugun bazterkeria ezabatu eta homofobia eta lesbofobia erauztera behartu beharko lituzke. Horrela, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak berariaz sexu-orientazioagatiko bazterkeria debekatzen du

 Printzipio eta eskubideak arau zehatzetan islatzeko bitarteko diren lege arruntek gutxinaka-gutxinaka orientazio homosexuala eta orientazio heteresexuala daukaten herritarren eskubideak  berdintzen joan dira.
 Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan (Espainiako Estatuko autonomia-erkidego gehienetan bezala) indarrean daude bikote homosexualen eta heterosexualen zenbait eskubide aitortzen dituzten elkartze iraukorren edo izatezko bikoteen legeak.

 Baina pertsona homosexual eta heterosexualen arteko erabateko berdintasuna lortu zen, benetan, ezkontzeko eskubideen arloan Kode Zibila aldatzen duen Legea onartuz geroztik. Lege horrek adopzioaren aukera onartzen du, ezkontideen sexua gorabehera. Gainera, legeak dioenez, “ezkontza” hitzari erreferentzia egiten dion edozein arau juridiko lagunkideen sexua kontutan hartu gabe ulertuko da (hortaz, ezkontzaren kontzeptuari dagokionez, beste edozein legek inolako diskriminazio-mota eduki ahal izatea galarazten du).

 Bestetik, Kode Penalak astungarritzat jotzen ditu homofobia eta lesbofobiagatiko delituak.

 Ez dezagun ahantzi mundu zabaleko herrialde askotan (gehienak erregimen totalitario edota teokratiko baten menpe) homosexualitatea zigortuta eta esetsita dagoela. Zorionez, arrazoia eta norbanakoen oinarrizko eskubideen errespetua gailenduz doaz pixkaka, neurri handi batean gay eta lesbianen elkarteek egindako lanari esker: Hala ere, lanean jarraitu beharko da egunen batean arrazoiaren indarra eta oinarrizko eskubideen errespetua mundu osoan errealitate bat izan daitezen.

Aurkibidera itzultzea

13. Eritasuna al da homosexualitatea?

 Ez, inongo mediku, psikologo edo psikiatren elkartek ez du eritasuntzat  hartzen. 1991. urtean Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) ere eritasunen zerrendatik kendu zuen, ordurarte hala baitzen zerrendatua.

Aurkibidera itzultzea

14. Homosexualitatea sexuari soilik al dago lotua?

Inondik ere ez, sexualitatea norbanakoen osotasunaren dimentsiotzat hartuz gero, behintzat. Maitasunari, sentimenduei eta jokaerei dago lotuta. Maitasuna ez da soilik heterosexualentzat, sexua homosexualentzat ez den bezalaxe.

Aurkibidera itzultzea

15. Zer da homofobia?

Homofobia izenaz ezagutzen dira homosexualitatearen edota gay eta lesbianen aurkako jokaerak. Zenbait psikologoek esan dute homosexualenganako zentzugabeko eta etengabeko beldurra dela homofobia. Homofobiak hamaika aurpegi erakuts ditzake: zuzeneko indarkeria, erakundeena, gizartearena, etab. Espainian indarrean den Zigor Kodeak, zorionez, homofobia zigortzen du, zigortu ere hiru modutan: a) delitutzat du sexu-orientazioaren karira gorroto edota indarkeria eragitea; b) delitutzat ere badu zerbitzuren bat edo prestazioren bat ez ematea jasotzailea gay edo lesbiana izateagatik; c) azkenik, delituren bat egiterakoan (erasoren bat edo bestelako delituren bat), delitua egiteko arrazoien artean biktimaren sexu-orientazioa izatea zigorraren astungarri gertatzen da. Ikastetxeetan ohikoak dira sexu-orientazioaren gaineko txisteak; “marika”, “marikoi”, “maritxu”, “marimutil”, “bollera” eta abarreko terminoak irain, iseka eta destaina egiteko erabili ohi dira. Gutxiespen-hitz horiek mindu egiten dituzte gay eta lesbianak; horrelakoak entzuteak beren orientazioa erakustearen arriskuaz ohartarazten die, autoestimua birrintzen die eta arbuiatuak eta baztertuak izateko beldurrez bizitzera behartzen ditu.

Aurkibidera itzultzea

16. Nola hedatzen dira homofobia eta heterosexismoa?

Homofobia eta heterosexismoa gehienetan oso modu sotilean kutsatu ohi dira; maiz inor ere konturatu gabe; esaten denarekin baino ezkutatzen denarekin gehiago. Gure gizarteak eskaintzen dituen ereduak heterosexual hutsak izan ohi dira, eta ia aipatu ere ez dira egiten nerabe gay eta lesbianei beren nortasuna osasunean taxutzeko aukera eman diezaieketen maitasun eredu homosexualak. Nerabeek isiltasun itogarri bat nabaritzen dute homosexualitatearen inguruan, eta isiltasun horrek bakardade handia sortzen die gay eta lesbianei. Etengabe mintzatu ohi da solaskideen artean edo entzuleen artean gay edo lesbianik ez dagoelako ustean, eta ez da kontuan hartzen, halakorik egonez gero, irrigarri uzten dituen txiste batek mindu ahal dituela, edota denok derrigorrez arau heterosexualak bete behar ditugula ikustea ere mingarri izango zaiela. Heterosexualitatearen ustekizun unibertsala dugu honako hau eta, ondorioz, pertsona ospetsu historikoen zein garaikideen homosexualitatearen berri ematera behartuta gaude, gazteek dituzten eredu eta erreferenteak zabalduko baditugu.

Aurkibidera itzultzea

17. Zein arazo dituzte nagusiki nerabe gay eta lesbianek?

Lesbiana edo gay diren nerabeak beren errealitatea ukatzen dien mundu batean daude. Beraien baita bizi dutenak ez dauka kanpotik jasotzen duten informazioan islarik edo erreferenterik. Inork eredu positiborik ez eskaintzeaz gain, haien bila ibiltzeko beldur dira, lizeoko “maritxua” edo “bollera” izenda ditzaten beldur. Senideek eta adiskideek baztertuko ote dituzten beldur dira, nerabe ororentzat ezinbesteko diren babes afektibo eta ekonomikoa galtzeko beldur. Ikastetxeak ere baztertuko ote dituen beldur dira, ez baitute inondik ere ikusten han ulertu eta onartuko dituen inorekin hitz egiteko babeslekurik topa dezaketenik.

Beste talde baztertuetako kideek txiki-txikitandik jaso ohi dute ingurukoen eta senideen bitartez beren kultura baztertuaren eta taldearen nortasunari buruzko informazioa. Gay eta lesbianek, aldiz, ez dute horrelako erreferenterik. Beren errealitateari buruzko isiltasuna kanpoan bezain itogarria da senitartean ere.

Aurkibidera itzultzea

18. Zer dakarkio pertsona bati homosexuala dela onartzeak(alegia, armairutik jalgitzea deitu ohi dena)?

Nork bere homosexualitatea onartzeari “armairutik atera” deitu ohi zaio eguneroko hizkuntzan. Hezitzaileek kontuan hartu behar dute gay eta lesbianek soilik bizi duten esperientzia dela honako hau. Heterosexualek ez dute beren burua izendatu beharrik, heterosexualak direla uste baita. Onartze-une horretan, alegia “armairutik ateratzean” laguntza berezia behar dute nerabeek. Iragaite-erritu berezi hori oso gogorra eta zaila gerta baitakieke2 eta beraien nortasuna eta autoestimua garatzen lagunduko dien askatasun eta konfiantzazko giro batean egiten ahalegindu behar da, esperientzia traumatikoak jasan ez ditzaten. Halaber, garrantzitsua da telefono edo helbide bat eskura izatea profesional adituekin zein beste lesbiana edo gay-ekin iritziak eta esperientziak trukatu ahal izateko2.

Aurkibidera itzultzea

19. Noiz onartzen da besteen aurrean norberaren homosexualitatea?

“Armairutik ateratzeko” erabakia norberak hartu behar du ongi deritzonean, une egokia eta konfiantzazko pertsonak kontu handiz aukeratuta. Ez dago zertan mundu guztiari kontatu. Ez dira gay eta lesbianak isilik egotera behartu behar, baina ezta esatera ere.

Kontuan hartu behar da heterosexualei besterik gabe onartzen zaiela maitasun eta sexu-sentimentuak azaldu eta adierazteko eskubidea.
Naturaltasunez jokatzeko eskubide bera onartu behar zaie gay eta lesbianei ere, beren sentimentuak gordetzera behartu gabe.

Besteen eta norberaren aurreiritzi homofoboak gainditzeko egunerokoan giza errealitate desberdinekin zuzenean harremanak izatea da bide zuzenena.

Aurkibidera itzultzea

20. Nori ematen diote lehen aldiz jakitera beren sexu-orientazioa lesbianek eta gay-ek?

Bakoitzak bere erara egiten du. Ohikoena adiskide bati esatea da. Batzuek errazago ulertzen dute besteek baino. Funtsezkoa da ikastetxeetako orientatzaile eta tutoreak behar bezala prestatuak izatea egoera horretan diren nerabeei laguntza emateko. Senideek ere informazio- eta laguntza behara izaten dute33.

Aurkibidera itzultzea

21. Nola erantzun ohi dute gurasoek alaba lesbiana edo seme gay baten aurrean?

Hori ere gurasoaren jarrera eta balioen arabera aldatu ohi da. Dena den, gehienetan zenbait etapa bizi ohi dute: zarta, ukatzea, errudun sentitzea, sentimentuen adierazpena, errealitate horren aurrean jarrera bat edo beste hartzea1. Gurasoek argi izan behar dute inork ez duela errurik, ez baitago errudun sentitzeko arrazoirik, eta seme edo alabaren sexu-orientazioan senideek edota gizarteak izaten duten eragin bakarra orientazio heterosexualera lerratze-aldera izan ohi dela.

Aurkibidera itzultzea

22. Lesbianak eta gay-ak guraso izan al daitezke?

Bai, izan daitezke eta badira, besteak beste, hautsitako bikote batetik ekarritako seme-alabak dauzkate, edota intseminazio artifizialaren, adopzioaren nahiz familia-harreraren bidez izandakoak. Gay eta lesbianen seme-alabak uste baino askoz gehiago dira.

Adopzioari dagokionez, gay edo lesbianen ezkontzen kasuan, Espainiako legerian, Kode Zibila aldatu zuen Legeari esker, adopzioa zilegi da, ezkonlagunen sexua gorabehera. Nabarmentzekoa da hori ez dela posible homosexualei eskubide bat aitortu zaielako, baizik eta legeak ez duelako aintzat hartzen adoptatzen duten bikoteak homosexualak edo heterosexualak diren.

Izatezko bikoteei dagokienez, Euskal Herrian, Nafarroan eta baita Espainiako Estatuko beste hainbat komunitatetan izatezko bikoteak arautzen dituen Legeak sexu bereko pertsonek osatutako bikoteek egindako adopzioak nahiz familia-harrerak onartzen ditu, eta sexu desberdineko pertsonek osatutako bikoteek eta ezkontzaren bidez osatutakoek dituzten eskubide eta betebehar berak dauzkatela ezartzen du.
Dena dela, Espainiako Gobernuko Alderdi Popularrak aipatutako adopzioari buruzko euskal eta nafar legeen aurkako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Helegite hori oraindik ere Auzitegi Konstituzionalak ebatzi gabe dago.

Aurkibidera itzultzea

23. Nola egin dezaiekegu aurre homofobia eta heteresexismoari eskoletan?

Sexu-orientazio desberdinak eta horiekin loturiko bizimoduak errespetatzen irakatsiz eta haiei buruzko informazioa naturaltasun osoz eskainiz.

Erabiltzen dugun hiztegia zaindu eta ikasgelan ematen dugun azalpen orotan kontuan harturik baditugula aurrean gazte gay eta lesbianak edota bere sexualitateaz zalantzan direnak, bederen. Ahalegin handia egin da hezkuntza-sistematik sexismoa kentzeko, eta ahalegin bera egin daiteke sexu-orientazioari dagokionean ere. Esate baterako, neska batekin bere balizko lagunkideaz mintzatzerakoan ez dago zertan pentsatu mutila izango dela.

Heziketan erabiltzen den hizkuntzatik sexismoa kentzen saiatzen ari garen neurri berean saiatu behar dugu heterosexismoa kentzen. Homosexualitatearen aurkako aurreiritzi arras errotuak adierazten dituzten anitz esaldi eta hitz erabili ohi da egunerokoan. Hezitzaileen oinarrizko zeregina da gazte askori kalte handia egiten dien ohiko jarrera hori errotik kentzea.

Aurkibidera itzultzea

24. Zer esan diezaiokegu bere sexu-orientazioaz zalantzan den nerabe bati?

Lehenik eta behin, hezitzaileak saiatu behar dute gaztea bizitzen ari den arazoa ongi ezagutu eta ulertzen. Sekula ez zaio esan behar bizi duen sentimentua pasako denik. Batzuetan hala da, baina beste batzuetan ez. Argi izan behar da beti, zeinahi orientazio izanda ere, orientazio hori baliozkoa, naturala, errespetagarria eta legeak babestuta dagoela. Gainera, zeinahi sexu-orientazioz bere nortasuna garatu eta zoriona erdietsi ahalko du. Nerabeek eskubide osoa dute beren sexu-orientazioa askatasunez eta beldurrik gabe aurkitzeko, eta une bakoitzean nahi duten sexu-jokaeran askatasunez aritzeko. Benetan igarokorrak direnak sufritzen dituzten beldur, zalantza, estuasun eta bakardade-sentimenduak dira. Hezitzaileek beren esku dute sentimendu gaizto guzti horiek lehenbailehen desagertaraztea.

Errealitate hori ezagutzen ez duten hezitzaileek gaiaz jabetzen joateko bibliografia, elkarte eta interneteko orri asko daukatela jakin behar dute.

Aurkibidera itzultzea

25. Nola erantzun ditzakegu homosexualitateari buruzko galderak?

Gay edo lesbianen orientazioari buruzko galdera oro modu natural, zabal eta onuragarrian landuko dira, gazteek tabu baten edo eztabaidatu ezin den gai baten aurrean daudela pentsa ez dezaten.

Aurkibidera itzultzea

26. Homosexualitateaz mintzatzeak homosexualitatea bultzatzea al dakar?

Eta hala balitz ere, zer? Homosexualitateaz mintzatzeak nerabe gay eta lesbianen garapen osasuntsua bultzatzen du, zeren gay eta lesbianen berri emanez estereotipoak hautsi, beldurrak haizatu eta bizitza erraztu egiten zaie beren sexu-orientazioagatik gaizki pasatzen ari direnei. Orientazio heterosexuala izatera behartzeko saioek ondorio kaltegarria dakarte berekin, dramaz kargaturik datozelako, frustrazioa, beldurra eta errepresioa eragiten dituztelako eta pertsonen arteko harreman irekiak eta zintzoak galarazten dituztelako.

Bestalde, frogatuta dago ikasleen aurreiritziak eta homofobia urritzen direla beren inguruko gay edo lesbianaren bat zuzenean ezagutuz gero. Halatan, bada, premiazkoa da hezkuntza-arloko jendea gay eta lesbianen elkarteekin elkarlanean aritzea, haien bizitzen berri ematea, estereotipoak eta aurreiritziak hauts daitezen.

Aurkibidera itzultzea

 

ERANSKINA

  1. - “HOMOSEXUALITATE” kontzeptuaren gainean: Homosexualitatearen gaineko kategoriak tresna gisa baliatzen ditugu, baliatu ere, gure historiak, kulturak, sistema politiko, juridiko eta ekonomikoak mendeetan zehar, gailenduriko balioak adierazten dituen ideologiak ezarririko jokaeretara egokitzen ez delako gaitzetsi eta ezkutatu digutena izendatu, aipatu eta ulertzeko tresna gisa. Sexualitate modu bakarra onartzen da balio horien barruan, heterosexualitatea, eta aipaturiko sistema horiek (legeak, hezkuntza, merkatua, artea, zientzia, bai eta estatuaren indarkeria bera ere), dituzten indarrezko mekanismoak baliatuz behartu dute jendea heterosexualitatera. Sistema heterosexista honek sexualitatea modu aldaezinean ikustera eraman du, sexualki jokatzeko modu bakarra inposatu du, eta honi erantzuteko balio digu lesbianismoa edota homosexualitatea aipatzeak. Gizakia hitzetan zedarri daitekeena baino askoz korapilatsu eta aberatsagoa da, eta gure nortasunaren garapen askeak ez luke zertan sailkapenek ezarri bide dizkiguten mugetara egokitu behar. Agian etorkizunean ez ditugu homosexualitate, lesbianismo, ez eta heterosexualitate hitzak erabili beharko, norbanakoen bilakaera askeak ez duelako sistema motz eta moztaile batek ezarritako modu jakin batzuetara egokitu beharko, alabaina, gaur egun ezinbestekoak zaizkigu homosexualitate eta lesbianismo kategoriak, ukatu zaizkigun eta aske eta harro bizi nahi ditugun moduak diren bezainbatean.

  2. - “SEXU” kontzeptuaren gainean: Sexuak sexu biologikoa aipatzen du, ezaugarri fisikoen bitartez zedarritua, hala nola genitalak eta gorputzaren beste ezaugarri batzuk, gizon eta emakumeen artean desberdin direnak. Halatan, baditugu gizonaren sexua eta emakumearena. Transexualitatea sexu biologikoaren aldaketaz ari da.

  3. - “GENERO” kontzeptuaren gainean: Generoak kanpoko edo jokaerazko ezaugarriak hartzen ditu kontuan; ezaugarri horiek kulturak ezarri ditu, argi bereiziz zein gizonentzat, zein emakumeentzat. Gure kultur honek balio femeninoak emakumeei eta maskulinoak gizonei banatu dizkie. Alabaina, zenbait pentsamendu-joerak, hala nola feminismoak, zalantzan jarri du banaketa baldar eta motz hori, eta generoaren teoria osatuz, ezaugarri horiek sexu biei esleitzeko beharrarekin bukatu dute, halatan emakume batek genero maskulinoaz balia daiteke eta gizonezko batek, berriz, genero femeninoaz ere bai; generoek, kultura-balioen adierazpena izanik, trukagarri izan behar dute eta giza ahalak areagotu eta ez urritu. Halatan, panpinetan arituriko mutilaren izaera maskulinoa ez litzateke zertan zalantzan jarri, ez eta autoritatea, indarra edo segurtasuna erakusten duen emaztea ere gizontzat hartu, zeren bi kategoria horiek (femeninoa eta maskulinoa) gizaki ororenak bailirateke, sexuari begiratu gabe. Zer edo zer aurreratua dugu, dagoeneko, bide horretan, pentsamendu feministak azken mende honetako gizarteari ekarri dion eraginaren ondorioz, emakumeen jardun-eremua zabaldu baitu, emakume direla zalantzan jartzeari lekurik eman gabe. Neskak gaur egun futbolean ari daitezke eta ez da neska direla zalantzan jartzen (ala beharbada ez da beti horren argi eta oraindik bada horren gainean zer esanik?); honako hau ezinezkoa zen orain dela urte batzuk. Guztiarekin ere, bada oraindik generoak markatutako hamaika jokaera, eta horiek zalantzan jartzea urratze bat da, hala nola panpinetan aritzen den mutila edo morrosko itxurako emakumea. Dena den, jokaera horiek ez dira unibertsal eta aldaezintzat hartu behar, baizik eta pertsonaren garapena murriztuko ez duten kultura elementu gisa.

Azken eguneratzea: 2012/07/10