Berdindu · Sexu orientazioa · Homosexualitatea eta lesbianismoa

Homosexualitatea eta lesbianismoa

Sexu bereko norbaitenganako erakarpen edo interakzio afektibo, emozional eta sexual gisa defini daiteke homosexualitatea. Etimologikoki homosexualitate hitzaren esanahia “berdin” (homos) eta “afektibitate” edo “sexualitate” (sexualis) da. Emakumezkoen homosexualitateari “lesbianismoa” deitzen zaio, eta Lesbosko uhartetik (Grezia) datorren hitza da, bertan bizi baitzen Safo emakumezko poeta, emakumeen arteko maitasunari buruzko idazkiak direla-eta ezaguna. XIX. mendearen amaierako Frantziako literaturak aldatu zuen lesbianismoaren gizarte-irudikapena eta "lesbiana" hitzaren agerpena ahalbidetu zuen, Lesbosko Safo idazlea literaturarako berreskuratu ondoren. Baudelairek lesbiana hitza zabaldu zuen, 1846an bere poemen bilduma “Lesbianak” izenburuko liburuki batean argitaratuko zela iragartzean, azkenik 1857an “Gaizkiaren loreak” izenburupean argitaratu bazen ere.

Dokumentu historiko ugarik erakusten dutenaren argitan, sexu bereko bi pertsonen arteko harreman afektibo-maitakorrak, gizonen edo emakumeen artean dela, antzina-antzinatik izan dira gurekin. Hori gorabehera, historian modu anbibalentean hautemandako harremanak izan dira. Alde batetik, Grezia Klasikoan ohikoa zen bi gizonek ohea partekatzea. Zenbaitetan garai hartan lesbianismoa existitzen zela zalantzan jarri bada ere, egia da, halaber, Platonek berak bildu zituela bere idazki batzuetan bi emakumek elkar maitatzen zuten eszenak. Txanponaren beste aldea, tradizio katolikoa dugu, homosexualak kementsu jazarri baitzituen, mendeetan zehar luzatu den sorgin-ehizan. Kondena-jarrera horrek hainbat diziplina zientifiko eta esparru ideologikotan ere izan du bere isla.

Esaten genuenez, bistakoa bada lesbianismoa errealitate bat izan dela kultura ugarietan historian zehar, egia da, halaber, betiere faktore bereizgarri bat izan dela gizonezko homosexualitatearekin alderatuz gero: ikusezintasuna. Izan ere, duela hamarkada batzuk arte, izaki asexuatu edo sexugabetzat hartzen zen emakumea, edo, gehienez ere, gizonaren premien inguruan zebilen sexualitatea zuen izakitzat. Hori horrela, luze jo zuen emakumeak sexualitate propioa izateaz gain beste emakume batzuenganako erakarpena senti zezakeela onartzeak. Hori guztia dela-eta, historian orain arte aztertu ahal izan dugunez, isiltasun handia erakusten digu historiak berak emakumezkoen sexualitatearen inguruan. Isiltasun horrek nabarmen mantsotu du edozein kolektibok izan behar duen prozesu naturala normalizazioari begira, zerbait onartzeko lehen urratsa, hasteko, hura ezagutzea baita. Horrenbestez, ikusezintasuna da gaur egun ere emakume lesbianaren errealitatea baldintzatzen duen oztopo nagusietako bat, baita etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako bat ere.

Homofobia

Homofobiaren definizio ugari daude baina denak bat datoz faktore bereizgarri batean: homosexualekiko gaitzespenean edo ezinikusian. Hitz hori Estatu Batuetan erabili zuten lehen aldiz 1971. urtean baina 90eko hamarkadan indartu zen hitz horren erabilera.

Pentsa dezakegunari kontra eginez, homofobia errealitate nahiko berria da. Izan ere, antzinako Grezian eta Erroman harri eta zur geratuko ziren egun homosexualitatearekin ditugun arazoak ikusita, kultura horietan sexu bereko pertsonen arteko sexu-harremanak naturaltzat hartzen baitziren.

Teodosio I.a enperadoreak ekin zion, 390. urtean, homosexualen jazarpenari eta homosexual pasibo guztiak sutan erretzera kondenatzen zituen. Urteak joan, urteak etorri, sorgin-ehiza horrek hainbat forma izan ditu eta denboran zehar iraun du. Gaur egun, irizpide hori Elizaren oinarrizko zutabeetako bat da oraindik ere eta, Elizak berak dioenez, homosexualak gaitzesten ez baditu ere, hona hemen zer dioen homosexualitateari buruz: “ez dator egiazko osagarritasun afektibo eta sexual batetik; ezin izango genuke onartu, inolaz ere” (2357. kristau-ikasbidea)

Elizak jada ez du hainbesteko eraginik jendearen iritzi psikosozialean baina, hala ere, antzeko ikuspegiak gerora ere gertatu izan dira hainbat eremutan. Adibidez, paradigma zientifikoari dagokionez, homosexualitatea gaixotasuntzat hartu izan da orain dela gutxi arte. Legeei dagokienez, homosexualitateak jazarpen nabarmena pairatu zuen eta homosexualak espetxeratu egiten zituzten; era berean, mota guztietako irain eta tratu txarrak jasaten zituzten.

Ondare horren guztiaren ondorioz, ezinbestean, homofobiak bizirik iraun du orain arte eta gaur egun ere kontuan hartzeko moduko errealitatea da. Ildo beretik, barneratutako homofobiari buruzko aipamen berezia egin behar dugu; hitz horren bitartez zera adierazi nahi dugu, kultura-eredu horiek barneratzea eta, kasu gehienetan, bere buruarekiko gaitzespena sentitzea homosexualak berak, homosexual izateagatik. Pertsona horiek beren burua onartzeko prozesu luze eta korapilatsua gainditu behar izaten dute eta gaitzespen hori prozesuaren abiapuntuetako bat da.

Azken eguneratzea: 2012/07/20