Tradizionalki, euskal ekonomia industriari lotuta egon da; hala eta guztiz ere, mendebaldeko gainerako ekonomietan bezala, azken hamarkadetan egiturazko aldaketa izan du, eta zerbitzu-sektoreak ekonomia osoan duen garrantzia handiagotu du aldaketa horrek. Prozesu hori nabarmen biziagotu zen aurreko mendeko 80ko hamarkadan gertatu zen industria-birmoldaketaren eta hirugarren sektoreko zenbait jarduerak emandako bultzadaren eraginez; horrela, garrantzi handieneko jarduera ekonomiko izateari utzi zion industriak. Hala ere, Espainiako eta Europako batezbestekoak baino industria-osagai handiagoa du oraindik ere EAEko ekonomiak, autonomia-erkidegoko Balio Erantsi Gordinaren % 30 sortzen baitu gutxi gorabehera.
BEGaren sektore-banaketa. EAE, Espainia eta EB-25. 2005

EAEko per capita BPGa EB-27-ko batezbestekoa baino handiagoa da, eta azken hamarkadan aurreratze positiboa izan du: 2007an, izan ere, Europako batezbestekoa baino % 40 handiagoa zen.
Per capita BPG, Europar Batasunarekin alderatuz (EB-27=100). EAE eta Espainia. 1998-2007

Euskal enpresa-sarea enpresa txiki eta ertainek (ETEek) osatzen dute batez ere; izan ere, ETEek enplegatzen dituzte langile gehienak. Ondorengo grafikoan ikus dezakegunez, 2008an EAEn zeuden 407.822 establezimenduen % 93k 10 pertsona baino gutxiago enplegatzen zituen, eta soilik % 1,2k zituen 50 enplegatutik gora.
Establezimenduak enplegu-mailaren arabera. EAE. 1995-2008

Lan-merkatuaren barruan, emakumeen eta gizonen artean enpleguak banaketa desberdina du; horrela, azpimarratzekoa da emakumeen enplegu-tasa handia zerbitzu-sektorean. Izan ere, emakumeen % 85ek zerbitzu-sektorean egiten du lan, eta industria-sektorean, aldiz, % 12k. Gizonen kasuan, ostera, % 49k zerbitzu-sektorean egiten du lan, eta industria-sektorean, berriz, % 36k.
Emakume eta gizon okupatuak, jarduera-sektorearen arabera. EAE. 2008

|