Immigrazioa · Berdindu · GLBT-araudia · Dokumentazioa aldatzea
3/2007 Legea, martxoaren 15ekoa, pertsonen sexuari buruzko aipamenaren erregistro-zuzenketa arautzen duena
Dokumentazio ofizialean izena eta sexua zuzentzeko beharrezko eskakizunak arautzen dituen legea da.
Legearen testu osoaren kopia bat eskuragarri dago Estatuko Aldizkari Ofizialaren honako lotura honetan:
http://www.boe.es/boe/dias/2007/03/16/pdfs/A11251-11253.pdf
15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa
Ez da transexualitateari buruzko lege espezifiko bat, inondik inora, baina transexualentzat oso lege erabilgarria da, nolanahi ere, gainerako agiriak zuzendu ahal izateko eta dokumentazioan aldez aurretik ageri diren izen- eta sexu-datuak fitxategietatik desagertu direla ziurtatzeko.
Datuak ageri daitezkeen mota guztietako fitxategi publiko zein pribatuetan datuak zuzentzeko, onena dugu inprimakiak eskatu eta betetzea, horrela artxiboan bildutako datu pertsonalak zuzentzeko, ezeztatzeko (ezabatzeko) eta aurka egiteko (erabiltzeari uzteko) eskubideak gauzatzeko.
Eskubide horiek gauzatzeko inprimakiak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren web-orrian daude eskuragarri:
https://www.agpd.es/portalwebAGPD/canalciudadano/denunciasciudadano/index-ides-idphp.php
Datu horiei dagozkien eskubideak bete ezean, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari kexa aurkeztu beharko zaio, eta erakunde horrek zehapen-prozedura jarriko du abian (isunak zenbateko handikoak izaten dira).
Jaiotza-agiria
Eskakizunak
Espainiako nazionalitatea edukitzea, adin nagusikoa izatea eta behar adinako gaitasuna izatea.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Errolda-egiaztagiria: (Kasu guztietan, interesduna jatorrizko tokian bizi arren, zein Erregistro Zibiletan azaldu behar duen zehazteko); erroldatuta dagoen udalerriko udalean eskatzen da, NANa aurkeztuta.
- Jaiotza-inskripzioaren ziurtagiri literala: Dagokion epaitegian eskatzen da, hain zuzen ere erroldatuta zauden udalerriko epaitegian.
- NANa eta NANaren fotokopia.
- Txosten psikologikoa (originala eta fotokopia): Espainian kolegiatua dagoen edo titulazioa Espainian homologatu duen psikologo kliniko batek eman behar du txosten hori (jarraipen psikologikoaren ardura hartu duen medikuak egiten du).
Txosten horretan honako hauek jaso behar dira: - “Genero-disforia” bat izatea (inskribatutako sexuaren eta sentitutako sexuaren edo sexu psikosozialaren arteko disonantzia, eta disonantziaren egonkortasuna eta jarraikitasuna).
- Disonantzia izatean funtsezko eragina izan lezakeen identitate-nahasmendurik ez izatea.
- Txosten medikoa (originala eta fotokopia): ((Eskakizun hori ez da beharrezkoa izango tratamenduaren jarraipena eragozten duten osasun- edo adin-arrazoiak ageri direnean, eta kasu horretan zirkunstantzia horren ziurtagiri medikoa aurkeztuko du interesdunak).
Hormona-tratamendua zuzendu duen medikuak eman behar du txosten hori (Espainian kolegiatutako medikua behar du, edo bestela titulazioa Espainian homologatuta eduki behar du).
Txosten horrek egiaztatu behar du interesduna gutxienez bi urtean tratamendu medikoaren eraginpean egon dela bere ezaugarri fisikoak erreklamatutako sexura egokitzeko, horretarako genitalak berresleitzeko kirurgiaren beharrik izan gabe.
Bestela, auzitegi-mediku espezialista batek txostena eman behar du, eta bertan interesdunari genitalak berresleitzeko kirurgia-ebakuntza egin diotela adierazi.
Eskaera
(Interesdunak egingo du dokumentua, bere kabuz edo elkarteen edo abokatu baten laguntzarekin).
Eskaera aurkezteko, interesdunak idazki bat bidaliko dio bere udalerriko Erregistro Zibileko arduradunari, idazkian honako hauek jasota:
- Izena, abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia eta helbidea.
- Gertaeren azalpen labur eta zenbakitua.
- Eskatutako sexu-zuzenketarekin bat etorriz proposatzen duen izen berria, orain artekoari eutsi nahi ez badio behintzat.
- Zuzenbideko oinarriak.
- Bere sexuari dagokion aipamena zuzentzeko eskaera argia eta zehatza, baita, hala badagokio, inskribatutako sexu berriarekin bat etorriz proposatzen duen izena.
- Erregistroko folioa lekualdatzea ere eskaeraren barnean har daiteke.
Behin eskakizun guztiak bete dituenean eta beharrezko dokumentazio guztia eskura duenean, interesdunak dagokion erregistro zibilera jo behar du (bizi den udalerriko epaitegira alegia) jaiotza-agirian sexuaren eta izenaren zuzenketa izapidetzeko (izapide hori ez da berehala ebazten, dokumentazioa aurkeztean administrazio-izapide bat hasten delako, epaileak ebatzi behar duena).
Izenari buruzko mugak
Interesdunak bere izenari eusteko aukera dauka, baldin eta anbiguoa izaki bi sexuak izendatzeko baliagarri izan badaiteke. Genero bat nabarmen markatzen badu, ordea, izena aldatu beharko du, sexu berriarekin bat egin dezan.
Nolanahi ere, honako izen hauek ez dira onargarriak:
- Objektiboki pertsonari kalte egiten diotenak. Arrazoi horrengatik, berez edo abizenekin batera, ohorearen edo begirunearen aurka doazen izenak edo izen umiliagarri edo iraingarriak baztertu behar dira.
- Identifikazioa nahasi egiten dutenak (izen bihurtutako abizena adibidez).
- Oro har kontrako sexua adierazten dutenak (esaterako, Juan emakume batentzat edo Juana gizon batentzat)
- Bizirik dagoen anai, arreba edo ahizpa bat izendatzen duena.
Eta, azkenik, bi izen bakun baino gehiagoz edo izen konposatu bat baino gehiagoz osatutako izenak debekatuta daude. Azken kasu horretan, gidoi batez lotuko dira bi izenak.
Ondorioak
Jaiotza-agiri berria (zuzendua), pertsona horrek sentitzen duen sexuarekin jaio zela adierazten duena, hautatutako izena jasota. (Erregistroko folioa lekualdatzeko esanbidezko eskaera egin behar da, agiri zaharrari orri-bazterreko oharra erantsi beharrean agiri berri eta garbi bat egiten dutela ziurtatzeko —normalean agiri berria egiten dute eskatu beharrik gabe, baina ez beti, eta horregatik hobe da esanbidezko eskaera egitea—).
Administrazio-prozedura da, eta epaileak ezin dio zuzenketari uko egin baldin eta interesdunak eskakizunak betetzen baditu.
Xede guztietarako, transexuala, legez, sentitzen duen sexuko kide bihurtzen da.
Eskaera-eredua
Izena eta sexua aldatzeko erreklamazioa egiteko baliagarri, Erregistro Zibilean pertsonen sexuari buruzko aipamenaren erregistro-zuzenketa egitea arautzen duena.
Interesdunak betiere aurkeztu behar du errolda-ziurtagiria, nahiz eta jaiotzako hirian bizi, zer erregistro zibiletan azaldu behar duen erabakitzeko beharrezkoa den heinean.
NANa aldatzea
Behin jaiotza-agiri garbia eduki ondoren, NANa aldatu behar da.
NANa berritzeko egin beharreko izapideari jarraitu behar zaio, eta dokumentazio berbera aurkeztu, salbuespen bakarrarekin: jaiotza-agiri berria ere aurkeztu behar da, izena eta sexua zuzentzeko.
NAN berrian zuzendutako datuak ageriko dira, baina NAN zenbakiari eutsiko zaio.
Gainerako agirien zuzenketa
Gainerako agiri gehienak zuzentzeko, nahikoa da NAN berria aurkeztea (zenbakiari eusten zaio, eta hortaz nahikoa da pertsona bera dela egiaztatzeko). Zuzenketa jakin batzuetarako litekeena da jaiotza-agiria ere eskatzea (zuzendua, legezko balioa duen bakarra den heinean). Inoiz ere ez dizute zertan zuzenketa-epaiaren kopia eskatu, informazio pertsonala eta konfidentziala delako.
Datu pertsonalak babesteko Legea oso baliagarria da gainerako dokumentuak (erakunde publiko edo pribatuenak) zuzentzen direla ziurtatzeko eta orain artean dokumentazioan izenari eta sexuari buruz ageri diren datuak fitxategietatik desagertu direla bermatzeko.