Kultur arloko prestakuntza-eskaintza berria Euskal Herrian
2007an kultur eremuari dagokion heziketa-eskaintza zabaldu da unibertsitate mailan. Iñaki Goirizelaiak, EHUko Bizkaiko kanpuseko Errektoreordeak eta Iñaki Urruzolak, Mondragon Unibertsitateko ikastaro berriaren koordinatzaileak, eskaintza honen ezaugarriak aurkezten dituzte.
EHUKO IKUSKIZUNAREN ARTEAK ETA ZIENTZIAK MASTERRA
Euskal Herriko Unibertsitateak, 2007/2008 ikasturterako eskaintzen dituen master ofizialen artean, Ikuskizunaren arteak eta zientziak Master berria antolatu du. Master honetan zenbait erakunde garrantzitsuk parte-hartzen dute: hainbat antzoki, elkarte, eskola eta erakunde publiko.
Iñaki Goirizelaia, Bizkaiko kanpuseko Errektoreordea denaren hitzetan, “unibertsitatea aro berri bat bizitzen ari da Boloniaren eskutik. Graduak eta graduondokoak berrikusi behar dira eta hausnarketa orokor bat egiten ari gara. Prozesu honen barruan kokatzen da Ikuskizunaren arteak eta zientziak master berria”.
Kontutan hartu behar da “arte eszenikoaren munduan ez dagoela gaur egun eskaintza ofizialik. Martxan ipini den graduondokoak, unibertsitate maila baino lehenengo ikasketen traktore izateko asmoa du”, Gorizelaiak azaltzen duen bezala. Honetaz gain, heziketa eskaintza berri hau “profesionalak direnek esan diguten beharrei aurre egiteko sortu da”.
Euskal Herriko Unibertsitatean “arte ederretako eta kazetaritzako irakasle adituak daude eta gai honetan ematen dabe heziketa. Graduondoko honen bidez guardasol baten azpian biltzeko aukera izango dute”. Masterra unibertsitate-graduatuen prestakuntza espezializatu eta diziplina anitzekora bideratzen da, eszena-arteen teoriari eta estetikari berez dagozkion gaitasun eta jakintzak irakatsi, ikasi eta sakontzeko lana bitarteko delarik, bai eta sormen eszenikoen analisi, idazketa, taularatze eta ekoizpenaren inguruko trebetasunen garapena ere, bai hauen bilakaera historikoaren ikuspegitik nola egungo arte-adierazpenenetik. Laburbilduz, masterrak, eremu profesionalean, irakaskuntzan eta ikerkuntzan aplikagarria den sektoreko zenbait eremuri buruzko prestakuntza espezializatua eskaintzen du (dramaturgia, eszenografia eta eszena-eremu, zuzendaritza eta emanaldi eta ekoizpen eszenikoen koreografia eta kudeaketa). “Unibertsitateak, graduondoko eskaintza on bat bideratu behar du. Ikerketak bultzatu behar dira arlo honetan”, azpimarratzen du Iñaki Goirizelaiak.
Graduondoko honen ezaugarriei dagokienez, ikasketaren ikasgaiak euskaraz eta gaztelaniaz irakatsiko dira. Irakasleriaren aldetik, ikerkuntza-erakunde eta antolakunde aipagarrietako irakasleek parte hartuko dute. Masterrean parte hartzeko eskatzen den betekizun bakarra lizentziatura, diplomatura ingeniaritza eta arkitektura (teknikoa edo goi mailakoa), edo maisu-maistren aldez aurretiko prestakuntza izatea da.
Webgune interesgarriak
http://www.ikasketak.ehu.es/p075-8926/eu/contenidos/informacion/oferta_masters/eu_campo16/artesyciencias_0708.html
Harremanetarako
Euskal Herriko Unibertsitatea
Gizarte eta Komunikazio-Zientzien Fakultatea
Arte Ederren Fakultatea
Sarriena Auzoa z/g, 48940 Leioa
http://www.ehu.es/p055-9494/eu/
Tel. (+34) 946 012 361
Helbide elektronikoa: pedro.barea@ehu.es
EUSKAL KULTURGINTZAREN TRANSMISIOARI BURUZKO GRADUATU ONDOKOA
MONDRAGON UNIBERTSITATEA ETA ARTEOLA FUNDAZIOA

Arteola fundazioak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) elkarrekin batera kulturgintzaren transmisioa kudeatzeko jakintza-tresnak eta ekinbideak garatuko dituen Euskal kulturgintzaren transmisioa izeneko graduatu ondokoa martxan jarri dute.
Formazio eskaintza hau, euskal kultur eragileek adierazitako zenbait hutsune betetzeko sortu da: alde batetik, kulturgintzari buruzko esperientzia, gogoeta eta praktiken biltze, sistematizazio eta transmisio eza; bestetik, euskal kulturgintza hezkuntzan era egokian txertatzeko behar diren irizpide, esperientzia eta formatzaileen falta; eta baita euskal elkarte, mugimendu, udaletxe, hedabide zein erakundeen kulturgintzari buruzko hausnarketa, irizpide eta prestakuntza eza ere. Aipatutako gabeziei aurre egiteko, ikasketa honek euskal kulturgintza modernoaren protagonista aditu eta arituek pilatutako esperientziaren transmisioa proposatzen du, era berritzaile batean.
Hezkuntza programa honek helburu hirukoitza du:
- Euskal kulturgintzari buruzko ezagutza barreiatua korpus batean biltzea.
- Aurreko bilketatik, graduondoko honetarako landutako gaietatik eta formazioaren transmisio dialogikoak sor ditzakeen galdera eta erantzunetatik abiatuta, ezagutza sortzea.
- Bildutako ezagutza hori egungo kultur eragileei zein etorkizuneko belaunaldiei formazio dialogiko baten bidez transmititzea.
Graduatu ondokoa, gaur egunean kulturgintzaren munduan murgilduta daudenei zein etorkizunean eragile izango direnei zuzenduta dago: irakasleak, gizarte-erakundeetako langileak, kultura teknikariak, kultur programatzaileak, euskara teknikariak, kazetariak, giza-zientzietan, hezkuntzan, gizarte-zientzietan... lizentziatuak edota diplomatuak, eta abar.
Ikasketa honek eskaintzen duen prestakuntzak alde teorikoa eta alde praktikoa izango ditu. Lehenengoa, Mondragon Unibertsitateko zein Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek, adituek eta ikertzaileek irakatsiko dute, formazio praktikoa, aldiz, zenbait kulturbideren arloetan adituen eta arituen eskutik gauzatuko da: Bernardo Atxaga, Andoni Egaña, Ruper Ordorika, Jon Sarasua, Xabier Lete, Irigaray, Andu Lertxundi, Eneko Olasagasti, Juan Antonio Urbeltz,… orotara 36 iraskale. Proiektua eta ekoizpena ere eskatuko zaizkie ikasleei, ikastaroak guztira 300 ordu inguruko iraupena izango du eta astean behin izango dira saioak.
Izena emateko epea bukatu ondoren, 61 lagun matrikulatu dira, Iñaki Urruzolaren ustez, ikastaroak izandako harrera “espero genuena baino ugariagoa izan da”. Ikasle mordoa izateaz gain, taldearen profila anitza da, kulturgintzaren eremu ezberdinetatik baitatoz. Zehazki, Iñaki Urruzolak honako fokuak bereizten ditu: “belaunaldi gazteko karrera amaitu berriak; gizarte mugimenduetan eta kultur elkarteetan dabiltzan pertsonak; hezkuntzaren eremuan soluzio berriak lantzen ari direnak; Bertsozale elkarteko kideak; Zenbat Gara Elkarteko kideak, kultur dinamizatzaileak, euskaltegietako irakasleak; sortzaileak, eta hauen artean, idazleak, kantariak, bertsolariak; eta administrazio publikoetako teknikariak”.
Ikasketa berritzaile honen osagaiekin kulturgintzari bultzakada emateko aukera aproposa sortu da.
Webgune interesgarriak
http://www.mondragon.edu/graduondoa/master-eta-aditua/euskal-kulturgintzaren-transmisioan-1/euskal-kulturgintzaren-transmisioan
Harremanetarako
HUHEZI
Dorleta auzoa, z/g, 20540 Eskoriatza
http://www.mondragon.edu/huhezi
Tel.: (+34) 943 714 157
Faxa: (+34) 943 714 032