Irati. EBPN eta erabilera planak kudeatzeko aplikazio informatikoa

Iratiren helburu nagusia da euskararen erabilera handitzea, bai erakunde barruan eta baita gizarteko gainerako esparru orotan ere.

Iratik aukera emango dizu EBPN, eta horren barruan, Administrazioko langileen zein erakundearen erabilera planak era erraz, argi eta malguan diseinatu eta, ondoren, haien jarraipena egiteko.

Irati EAEko herri-administrazio guztien eskura jarriko da, eta ezberdintasunean batasuna emango die: euskararen normalizazioan batera jardutearen aukera.

Iratik metodologia berean bildu ditu EBPN eta erabilera planak, eta bakoitzarentzako marko bateratu eta ezinbestean malgu bat ehundu du. Marko hori erakunde bakoitzak bere nahi eta beharretara erraz egokitu ahal izango du: onen irizten diona hartuz eta gainerakoa osatuz. Metodologiaren eskailera, berriz, ahalik eta harmaila gutxien erabilita taxutu da: esparrua, helburua, adierazlea eta ekintza.

EBPNren bizkarrezurra Administrazioko langileen erabilera-plana da, eta horri dagokionean:

    • Erakundearen eta langile bakoitzaren plana eta jarraipena egiteko aukera ematen du. 
    • Irati erabilita, erraz egin liteke herri-administrazio bakoitzak 2010 eta 2012an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari helarazi  beharreko balorazioa (86/1997 Dekretuko 6. artikulua).
    • Lotura zuzena du HPSren diru-laguntza deialdiarekin.

Iratik plan baten atal guztiak hartzen ditu bere baitan: hasi diagnostikotik eta ekintzetaraino; nolanahi ere, diseinu teorikotik haratago doa, eta guztiz baliagarria da eguneroko ekintzen nondik norakoa jarraitzeko; azken batean, plan bat zerbait bizia da eta aldian behin moldatu beharrekoa, hautatutako helburuak bete daitezen.

Irati aplikazio berri bat da eta, berria den neurrian, hainbat galdera sortu ditu.

Azken aldaketako data: 2014/11/10