Berdindu · Genero-identitatea · Transgenerismoa
Transgeneroak, intergeneroak edo genderqueer-ak.
"Transgeneroa" ingelesezko "transgender" hitzetik dator, baina ez da horren baliokidea. Hitzak erabilera bat baino gehiago dauzka (zenbait tokitan "transgeneroa" erabiltzen dute operatu gabeko transexualak izendatzeko; beste zenbaitetan, transexualak, beren burua gizontzat edo emakumetzat jotzen ez dutenak —intergeneroak/genderqueerrak—, eta zisexualak —trabestiak, crossdresser-ak, drag queen-ak, drag king-ak— eta abar izendatzeko), baina, definizio hedatuenaren arabera, “beren burua emakume edo gizon kategoriekin identifikatzen ez duten pertsonak dira”, besteak beste Arartekoaren "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin" (http://www.ararteko.net/recursosweb/documentos/1/1_1719_3.pdf) txostenean jasota dagoen bezala. Ildo horretan, "intergeneroa" eta "genderqueer" ingelesa ere erabiltzen dituzte.
Hala, Arartekoaren txostenak honela definitzen du transgenerismoa:
«Beren burua gizon eta emakume kategoriekin identifikatzea edo ezeinekin ere ez. [...]Kontsultatutako transgeneroen ustez, hain zuzen ere, termino hau gizon- emakume dualtasunean beren lekua oso garbi ez dutenei dagokie, beren burua bi kategoriekin edo ezeinekin identifikatzen dutelako edo terminoek behartzen dituzten etiketak eta sailkapenak baztertzen dituztelako. .»(Arartekoaren txostena: "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin", 58. orria)
"Trabestiak", "cross-dresserrak", "drag queenak" eta "drag kingak" ez bezala, ez dira pertsona zisexualak. Eta, transexualak bezala, ez dira beren "sexu biologikoarekin" identifikatzen. Alabaina, transexualek ez bezala (emakume edo gizon kategoriarekin identifikatzen dute beren burua, argi eta garbi), ez dute beren burua, ez erabat behintzat, ezein sexurekin identifikatzen, edo aldi berean bi sexuko kide sentitzen dira. (Arartekoaren txostena: "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin", 58. orria).
Nolanahi ere, transgenerismoa, horrela definituta, genero-identitatearen edo sexu psikologikoaren kontua bada ere (transexualitatea bezala, oso bestelako kontua izan arren), kontuan hartzekoa da zenbait zisexualek ere transgenerotzat jotzen dutela beren burua, ez ezein sexutako kide sentitzen ez direlako, jarrera ideologiko-filosofiko jakin bati jarraiki baizik (ezarrita dauden bi sexuei uko eginez), eta pertsonaren sexu psikologikoak edo genero-identitateak ez du inolako zerikusirik horretan.