Hizkuntzaren industria, sendotze bidean
Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntzen industriak bultzada nabaria izango du datozen urteetan, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak aurrekluster izaera aitortu baitio aurten Langune elkarteari, hiru urtez jarduera-planaren erdia babesteko.

Langune (Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartea) 2010ean jaio zen, EAEko hizkuntzen industriaren alorreko entitateak (enpresak, ikerketa-guneak eta unibertsitateak) elkarrekin harremanetan jartzeko helburuarekin, eta lau esparru nagusiotan sailkatu du bere egitekoa: hizkuntzen irakaskuntza, itzulpengintza, edukiak (terminologia, lexikografia, etab.) eta hizkuntza teknologiak. Langune osatzen duten bazkideen artean honako hauek daude, besteak beste: Deustuko Unibertsitatea, Eizie, Elhuyar Fundazioa, Emun, Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia Research & Innovation, UPV/EHU eta Uzei. Aurreklusterra izateak, beraz, industria-sektore estrategiko berrien artean kokatzen du Langune. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prozesuaren hasieratik eman dio bere babesa proiektuari, eta Industria Sailarekin elkarlanean aritu da egitasmoa gauzatzeko.