SARRERA

Bi arlo nagusi aurkituko dituzu atal honetan: batetik, ordenamendu juridikoak euskarari, hizkuntzari berari, ematen dion estatusaren azalpena eta, bestetik, euskal hiztunaren eskubideen katalogo moduko bat, eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun hainbat egoeratan txertatuta.

Hizkuntzaren estatusari dagokionean, ofizialtasuna hartu dugu azalpenaren ardatz eta, jakina denez, euskararen eremuan lege araubidea bakarra izan ez, eta hiru ordenamendu desberdin aurkitu eta argitzen saiatu gara.

Beraz, euskararen eremuan, ofizialtasunaren eta lurraldearen ikuspegitik diren hiru estatus juridiko nagusiak deskribatu ditugu. Horrekin zera egin nahi izan dugu, euskara ofiziala izateak zer esan nahi duen azaldu, bai eta horrek zer ondorio dakarren ere, aginte publikoek horrekin hizkuntzaren alde eta hiztunen alde hartzen dituzten obligazioak zeintzuk diren zehaztuz, eta hiztunen eskubideetan eta betebeharretan zer eragin daukan azalduz.

Ofizialtasunaren ondorioekin batera, jakina, ofizialtasunik ezarenak adierazi nahi izan ditugu, eta toki bat egin diogu Nafarroan aukeratu den babes formulari ere. Ofizialtasun partziala deitu diogu Nafarroan euskarari eman zaion estatusari eta bere baitan hartzen dituen hiru erregimenei, lurraldearen eta organo arau emaleen aldetik, trataera bakarra eman nahirik.

Bigarren arloa euskal hiztunen eskubideen azalpenean datza. Hizkuntzaren egoera sozio-linguistikoa dena izanda, ezin ukatu eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko hiztunak aurkitzen dituen trabak. Horregatik iruditu zaigu garrantzizko euskal hiztuna legeak ematen dion babesaren jakitun egotea eta, egoera bakoitzaren aurrean: ikastetxean, lantokian, epaitegietan eta beste batzuekin (partikularrekin nahiz aginte publikoekin) dituen harreman guztietan, hizkuntza aukeratzeko eskubideaz bere posizio juridikoa zein den jakin dezan.



Azken eguneratzea: 2006/03/28