Etorkinentzat ikastaroa on line

Etorkin ugari etorri da azken urte hauetan Euskadira, hemen bizitzen gelditu eta bertakotzeko asmoz. Egoera soziolinguistiko horri hizkuntza politikaren alorrean erantzun bat eman nahian, 2004. urtean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk AISA proiektua jarri zuten martxan. Egitasmo horren helburu nagusia etorkinak euskarara hurbiltzea izan zen, euskal gizartean hobeto integra zitezen. Horretarako, AISA ikasmaterialak eta harrera-ikastaroak sortu eta antolatu ziren.

2011. urtean AISA ikasmaterialak eta hiztegi lagungarria bakarkako ikas ereduetara eta teknologia berrietara egokitzeko egitasmoari heldu zion HABEk. Orain, AISA materiala didaktikoki egokitu eta euskara ikasteko oinarrizko on line ikastaroa sortu berri du. Tutorerik gabeko ikaskuntzan diseinatuta dago, 60-80 orduko iraupena du eta doakoa da.

Ikastaro horretako eredu metodologikoaren ardatza eguneroko bizimoduan egiten ditugun jarduerak lantzea da, egungo euskarri teknologikoek bide ematen duten estrategia erabiliz eta trebetasun komunikatiboak garatuz.

Ikasmaterial horren helburua euskaltegietako ohiko ikastaroetan parte hartzeko bidea erraztea da, etorkinek Euskal Herriko ohitura, sinesmen, gustu, eta abarren berri izan dezaten.

Azken eguneratzea: 2012/12/12