Digitalizazioa EAEn

EUSKOMEDIA FUNDAZIOKO ARANTZA CUESTARI EGINDAKO ELKARRIZKETA

Arantza CuestaEuskomedia Eusko Ikaskuntzaren Fundazio bat da, 2002. urtean sortua. Bere helburu nagusia da euskal gizartearekiko eta kulturarekiko interesa duten pertsonentzat erabilgarri izan daitezkeen eduki kultural eta zientifikoak, Eusko Ikaskuntzak eta beste zenbaitek landutakoak, zabaltzea, bide telematikoak erabilita

Nola baloratuko zenuke EAEko digitalizazioaren egungo garapen-maila?

Gaur egun, EAEn oso garapen-maila altua dago digitalizazio-gaietan. Konturatzen gara beharra dagoela eta erakundeek ere interesa dutela, eta ekintza ugari daude martxan. Artxiboko dokumentuak, medikuntza-dokumentuak, argazki-bildumak, prentsa, filmak, argitalpenak eta abar digitalizatzen hamarkada bat baina gehiago daramaten erakundeak ditugu. Baina euforia digitalizatzaile honetan, azpimarratuko nuke koordinazioa behar dugula proiektu-bikoizketa eragozteko eta ekintza partekatuak garatu behar ditugula sozializaziorako sareak sortzeko. Horretarako, behar-beharrezkoa da gure ondarea kudeatzen eta hedatzen duten eragileen arteko lankidetza bultzatzeko estandarrak normaltzea eta erabiltzea. Dokumentazioa sarean nork bere kasa jarri beharrean, eragileen arteko lankidetza eta baliabideen banaketa sustatu behar dira, herritarren —ikertzaileen edota jakinahi hutsen— beharrei erantzuteko, kulturaren benetako demokratizazioa gerta dadin. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zait gai zehatz bati buruzko dokumentaziora heltzeko sarbide bakarra sortzea, hainbat bildumaren bateratze ‘birtualak’ egingo dituena.

Beste lurraldeekin alderatuta, zer egoera bizi du EAEko digitalizazioak?

Hori, beti bezala, norekin eta zer eremurekin konparatzen dugun; nolanahi ere, digitalizazio-ekimenei eta -proiektuei dagokienez, ez dugu zertan lotsatu. Erakundeen arteko koordinazioari buruz hitz egiten badugu, aldiz, iruditzen zait beharrezkoa dela hobetzea, baina ezin dugu ahaztu ez dela besteren zeregina, eta denok inplikatzen gaituela. Gai hori Kulturaren Euskal Planeko lehen ardatz estrategikoa da:“Kulturaren Euskal Sistema eraikitzea, erakundeak, baliabideak eta eragileak bateratuz eta lurraldeen arteko sare kulturala osatuz”. Euskal kultura-ondarea digitalizatzeko, babesteko eta hedatzeko gida-planean ere 1. jarduera-ildo gisa kontuan hartu da:“EAEko ondare digitalaren eremuko ekintzen koordinazioa sustatzea, eta horretarako beharrezkoak diren mekanismoak sortzea eta bultzatzea”.

Zer eduki-mota digitalizatzen da eta sartzen da web-ean batez ere?

Orain arte, argitalpenak eta argazki-bildumak dira sareko eduki ugarienak, bai erakunde publikoetan eta baita pribatuetan ere. Baina lehen esan dudan bezala, EAEn digitalizatzen diren proiektuak ugariak eta askotarikoak dira, nahiz eta dokumentazio hori ezin den oraindik on line kontsultatu. Batzuetan, dokumentuak kontserbatzeko bakarrik digitalizatzen dira, alegia, ez da dokumentu horien eskuragarritasuna ahalbidetzeko egiten, dokumentuak ez baitira eskaera handikoak baina bai, ordea, ondare-interes handikoak. Beste batzuetan, jada asko digitalizatuta dagoenez, erakundeak beren informazio-sistemak berrantolatzeko hausnartzen ari dira, erabiltzaileei erantzun eraginkor bat emateko.

Zer proiektu daude gaur egun martxan alor hau garatzeko?

Liburutegien arloan, azpimarratzekoa da azken hamarkadan Sancho el Sabio Fundazioak, Bizkaiko foru-liburutegiak, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Eusko Legebiltzarraren liburutegiak edo Eusko Ikaskuntzak egin duten digitalizazio- eta sozializazio-lana. Liburuak, aldizkariak, hemeroteka-fondoak eta abar digitalizatzeko asmo handiko programak egin baitituzte. Artxiboen arloan hauek azpimarratuko nituzke: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elizbarrutietako Artxibo Historikoak digitalizatzea eta sarean jartzea; Gipuzkoako Artxibo Orokorreko XVI-XIX. mendeetako aktak eta protokolo-indizeak digitalizatzea, eta Irargik Euskal Herriko Artxiboko fondoak biltzen eta normaltzen egin duen lan ikaragarria. Ikus-entzunezko fondoei dagokienez, EITBk horiek digitalizatzen egin duen lana azpimarratuko nuke.