Euskara, kultura eta informazio-gizartea
ANA VICTORICARI, Euskadi Informazio Gizartean Planeko kudeaketa-arduradun eta ekonomistari, EGINDAKO ELKARRIZKETA
2008ko apirilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Euskadi Informazio Gizartean Plana onartu zuen, Industria, Turismo eta Merkataritza Sailak proposatuta. Planari “PESI 2010: Euskadiko Agenda Digitala” izena eman diote.
Euskadiko Agenda Digitala. (pdf, 3.9Mb)

Oro har, zer balorazio egin dezakegu euskarak eta euskal kulturak informazio-gizartean duten presentziari buruz?
Hasteko, IKTek eremu hauetan duten garrantziaz hitz egingo dut. Informazioaren gizarteak beharrizanen eta aukeren erronka berezi bat eskaintzen dio Euskadi bezalako herrialde bati, bere hizkuntza, kultura eta nortasuna dituenari
Beharrizana aipatzen dugu; izan ere, ondare horren biziraupena oso baldintzatua egongo baita IKTetan txertatzeko egiten den ahaleginarekin. Era berean, ezagutzera emateko aukera bat da, ingurune fisikoak dituen eragozpenak hausten baititu. IKTek txikitu egiten dituzte distantzia-eragozpenak eta denbora-eragozpenak, eguneko hogeita lau orduetan etengabe eskura izatea ahalbidetzen baitute. IKTek jakintza errazten dute, baina jakintza hori trukatzeko ingurunera joatera behartzen gaituzte.
Euskal administrazio guztiak horretaz jabetu dira, ez soilik Eusko Jaurlaritza, eta horien presentzia sustatu dute. Jaurlaritzak, adibidez, aurreko Euskadi Informazio Gizartean Planean, “Euskadi sarean” jarduera-eremua finkatu zuen helburu horrekin.
Zehatzago esateko, eremu horrek hiru helburu zituen: Euskadiren irudia indartzea, IKTetan euskararen presentziaren eta erabileraren alde egitea eta euskal kultura zabaltzea.
Hori baloratu ondoren, esan behar dut IKTek etengabe aldatuz egiten dutela aurrera eta etengabe eboluzionatzen dutela. Beraz, helburua ez da ekintza publiko puntual bat egitea, ezta egokitzapen estatiko bat egitea ere, dinamikoa baizik; forma, kanal edo euskarri berriak eta pentsaezinak diren komunikazio-bide berriak agertzen baitira.
Zer ildo estrategiko eta zer jarduera planteatzen ditu PESI 2010ek euskara Interneten zabaltzeko?
Plan berriak “Euskadi sarean” jardueraren presentzia ziurtatzen jarraitzen du. Literalki, hau da helburu estrategikoa: “Interneten eta euskarri digitaletan euskararen eta euskal kulturaren presentzia aberatsa, dinamikoa eta jarraitua mantentzeko; euskal kultura-nortasuna babesteko eta zabaltzeko, eta herritarrei euskarazko esperientzia digital betea bermatzeko gai diren herritarrak, enpresak eta erakundeak dituen herrialdea lortzea. Herrialde irekia eta abegitsua, milaka urteko kulturagatik eta baliabide turistikoengatik erakargarria den destinoa”.
Ekimen horren barruan, hiru programa proposatzen dira, izen hauekin:
- Euskal kulturarako eta euskal kultura-ondarerako zerbitzuak.
- Euskadi kalitateko turismo-destino izateko irudia sustatzeko zerbitzuak.
- Euskarazko esperientzia digitala posible egiteko zerbitzuak.
Hala, azken alderdi horren barnean sartzen diren jarduerek euskararen erabilera erraztu nahi dute euskarri digitalean: euskararen erreferentzia-korpusa, itzultzaile automatiko bat eta euskarazko bilatzaile bat, ahots-teknologiak eta domotika-aplikazioak garatzea euskaraz, euskarazko sareko tresnak etengabe eguneratzea eta softwareak euskaraz lokalizatzea.
Eta, zeintzuk jartzen dute arreta bereziki eremu kulturalean?
“Euskal kulturarako eta euskal kultura-ondarerako zerbitzuak” lehen programaren barruan dauden jarduerak bi taldetan biltzen dira. Alde batetik, sareetan integratuz euskal ondareari balioa ematen dioten jarduerak, fondoak digitalizatuz euskal ondarea babestu nahi duten jarduerak, eta herritarren eta, oro har, erakundeen (herrialdekoak eta mundu osokoak) irisgarritasuna hobetzen duten jarduerak.
Zehazki, eremu honen barruan sartzen dira museo-sare bat eratzea, liburutegien sarea bateratzea, Eusko Entziklopedia Interneten jartzea (Eusko Ikaskuntza), euskal entziklopedia digitala sortzea eta kultura-ondarea digitalizatzea eta babestea.
Bestalde, bigarren jarduera-multzo bati ere heltzen dio: sormen jarraituko plataformak sortzea eta euskal fenomeno kulturalen jarraipena egitea, bai informazio-zerbitzuen ikuspuntutik eta baita kultura hainbat eratara sortzen duten komunitate aktiboak indartzeko ikuspuntutik ere. Esplizituki, Kulturaren Euskal Behatokia eta kulturaren atari interaktiboa: Interneteko euskal komunitate kulturala diseinatzea, garatzea eta gauzatzea.
Zer talderi (erakundeak, enpresak, herritarrak...) zuzentzen zaizkio batez ere neurri horiek?
Guztiei. Hasieran, erakundeak gehien inplikatzen dituzten neurriak azaldu ditut, nahiz eta PESIk enpresekin eta herritarrekin lotutako neurriak biltzen dituen.
Hala, “enpresa berritzailea” atalean adierazten du, beste zenbait helbururen artean, ikus-entzunezkoen sektorea sustatu nahi duela, eta, horretarako,trebakuntzaz baliatuko dela, ikus-entzunezko enpresen antolamendua eta negozio-eredua egokitzen lagunduko duela, eta ikus-entzunezkoen sektoreko produktu eta prozesuetarako I+G proiektuak garatzen lagunduko duela.
Azkenik, azalduko dut PESIk teknologiaz, erakundeez eta enpresez hitz egiten duela, baina baita pertsonez ere. Plan horrek IKTak guztiz sozializatzea du helburu, eta denoi dagokigu, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean pertsonak baitira jardueren eragile. Jardueren eragile, parte hartzen duten herritar aktibo, ez soilik azken erabiltzaile moduan, baita edukien sortzaile moduan ere.
Partaidetza sozialeko 2.0 tresnen gaitasunaren garapena aukera handia da, eta, horregatik, Euskadi Informazio Gizartean Planean nabarmendu egiten da.
Badakigu IKTek eguneroko bizitzaren beharren irtenbide partikularrak ematen dizkigutela (adibidez, intereseko gaien informazioa lortzea). Hala ere, artean nahiko ezezaguna da lankidetza-sareei esker IKTek taldean eraikitzeko aukera ematen dutela, banakako ahaleginetik hasita (bestela, nik informazioa ezagutarazten dut, interes bera duten beste batzuek erabil dezaten).
Gure biztanleriaren zati bat, aurreratuena, edukiak eratzen laguntzen ari da jada, borondatez osoz, eta, hala, “Euskadi sarean” indartzen laguntzen ari da.
Erakundeetatik eskerrak ematen dizkiegu, eta jarraitu dezaten animatzen diegu, gehiago izan daitezen, haien beharra baitugu.