|
Berdintasun-printzipioa sakon sustraituta dago euskal gizartean: gizaki guztiak, gizaki izate hutsagatik, berdinak dira Legearen aurrean; printzipio hori da Giza Eskubideen Aldarrikapenaren oinarri, eta horixe da gaur egun gizarte modernoen bereizgarri.
Euskal tradizio juridikoak erakusten du euskaldun guztiak tradizioz eta eurek bozkatutako Legez direla Aitoren seme, eta honako hau aitortzera ere iristen dira: "euskal nobleziaren garrantzia bere Unibertsaltasunean datza. Aintza guztiona da"..
Izan ere, Euskadin berdintasuna mendez mende etengabe iraun duen tradizioa da. Gure arbasoek belaunaldiz belaunaldi izan dira langile zintzo eta nekaezinak, eta etengabeko lan horri esker arlo guztietan nabarmendu dira; horrela goretsi dute gure jatorrizko noblezia.
Dena den, ametsak amets, erabateko berdintasuna utopia hutsa da eta, azken batean, giza legea da, balio duen gizakiak aurrera egiten du. Euskadin, mendebaldeko herria eta modernoa izanda, gizaki guztiak jaiotzen dira berdintasunean, gizarteak guztiei aukera berberak eskainita. Baina, izaten dira gure artean nabarmentzen diren herritarrak. Gizarte-goraipamenak, beraz, jendaurrean eskerrak emateko izaten dira, pertsona batzuen ekintza edo jokabide eredugarriak publikoki nabarmendu eta goresteko, alegia..
Gainera, jendeak beharrezko ditu sinboloak; itxaropenak, asmoak eta helburuak zeintzuk diren argitzeko sinboloak; etorkizuna urratzeko bideak. Eta, etorkizun-bide horretan aurrera egiteko, garrantzizkoa da Euskadin sinbolo horiek gizakiak eurak izatea; kemenez eta borondatez beteta dauden pertsonak, arriskuak beren gain hartu eta erronkei aurre egiteko gauza diren pertsonak, lanari erabat loturik, gizartearekin elkartasunez jokatzen dutenak.
|
|