Lehentasunezko jarduera-eremuak > Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak Postontzia
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak
Jakintzaren gizarte berriak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien hedatzeak muturreko aldaketak ekarri dituzte pertsonen prestakuntza-beharrei dagokienez, eta horiek estaltzen dituen prozesuan nabaritu egin behar da hori: IKTak funtsezko tresna dira etengabeko prestakuntzan, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat, bai eta familientzat ere. Alde batetik, hezkuntzan parte hartzen duten eragileek probetxu handiena atera behar diete bitarteko digitalei, eta, beste alde batetik, herritarrak trebatu behar dira; horretarako, IKTak erabili behar dira ikastetxeetako pedagogia-, administrazio- eta informazio- eta komunikazio-prozesuetan. Era berean, ekintza horiek guztiak koordinatuta daudela eta koherentzia dutela bermatu behar da.
Eskola 2.0
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) hezkuntza-alorrean gero eta gehiago erabiltze aldera, Hezkuntza Sailak lehentasuna ematen die irakasleen teknologia-gaitasuna eguneratzeko eta irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuen metodologia aldatzeko planei, ikasgaietan eduki digitalak sartzeko planei eta pedagogia-lana, administraziokoa, komunikaziokoa eta eskola-komunitatearen arteko harremanak errazteko plataforma telematikoak abiarazten dituzten planei.
Bide berri horren erakusgarri da Eskola 2.0 proiektua; Lehen Hezkuntzako azken zikloan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi mailetan gauzatzen da. Hain zuzen ere, irakasleek eta ikasleek gelan egiten duten lana egokitu nahi da proiektu horren bidez. Alabaina, Eskola 2.0 proiektua gauzatzeko ez da nahikoa ikastetxeak azpiegituraz hornitzea; aldiz, irakasleentzako informazio- eta eguneratze-plan bat ezarri du, curriculum-eduki digitalak sortu ditu, eta, gainera, familien inplikazioa ere lortu nahi du, ez dadin urruntze bat gertatu eskolaren eta familien artean.
Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua
Sailak ezarritako erreferentzia-marko komunaren esparruan, eta Euskal Eskola Publikoaren Legeak ikastetxeei onartzen dien autonomia errespetatu nahi denez, ikastetxe bakoitzari dagokio erabakitzea IKTen alorrean zer heldutasun lortu nahi duen. Hori horrela, bere plan teknologikoa diseinatu ahal izango du ikastetxe bakoitzak haren berezitasunen, prestakuntza-etapen, neurriaren, ibilbidearen eta abarren arabera. Haren beharretara egokituta egongo da plana, eta bat etorriko da Hezkuntza Sailak zehaztutako helburu orokorrekin.
Hiru mailatan egituratzen da eredua (oinarrizkoa: trebatzea eta erabiltzea; bitartekoa: ikasgela digitalizatzea; eta aurreratua: ikastetxea birtual bihurtzea). Maila horietako bakoitzak areagotu egiten du ikastetxeko prozesuen digitalizazioa, eta ikasgelan IKTak erabiltzera bultzatzen ditu irakasleak.
Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua