Etxebizitza Sailak lehenbailehen emango die babestutako alokairuko etxebizitza bat hipoteka-betearazpeneko azken fasean egonik ohiko bizilekua galtzear dauden pertsonei, familia-unitateak baztertuta geratzeko arrisku handia badu, alegia.

Familia-unitate batek baztertuta geratzeko arriskua duen jakiteko, gizarte-zerbitzuek egindako txostenak hartuko dira kontuan. Etxebizitza Sailaren konpromisoa da familiak bizilekua zuen area funtzionalaren barruan alokairuko etxebizitza bat eskaintzea. Familiak araudietan ezarrita dagoen kopurua ordaindu beharko du, beti ere, errentaren arabera.

Etxea erosteko hipoteka-mailegua 2011ko finantza-hitzarmenaren babesean sinatutakoa bada, Etxebizitza Sailak sustapen publikoko etxebizitzak erosi egingo dituela bermatzen du, baldin eta esparru arautzaile honen babesean eta baldintzetan emandakoak izanik, gerora sorrarazitako berankortasun egoeran badaude tasatuta dauden zenbait egoeren ondorioz (hala nola langabezia, erabateko ezintasun iraunkorra, lan autonomoa bertan behera geratu…), jabeek etxerik gabe geratuko direlarik.

Horrelako kasuetan, Etxebizitza Sailak:

  • erosi egingo du etxebizitza
  • zorra kitatuko du
  • jabea zor horrengatik duen betebeharretatik libre utziko du
  • hala dagokionean, etxebizitzaren prezioaren eta hartutako zor biziaren arteko aldea ordainduko dio jabeari.

Bide honi esker hipoteka-zorretik aske geratutako pertsonek lehentasuna izango dute Jaurlaritzak alokairuko etxebizizitzak eskuratzeko ireki dituzten programetan.

Eusko Jaurlaritzak era honetan eskuratutako etxebizitzak saldu edo alokatu egingo ditu gai honen inguruko araudietan ezarritakoaren arabera.

Maileguak 2011ko finantza-hitzarmena baino aurreragokoak badira, kasu hauetan Etxebizitza Sailak:

  • etxebizitzaren prezioa gehi kargak indarrean dagoen araudian ezartzen den gehienekoa baino handiagoa bada, ez da lehentasunez erosteko eskubidea erabiliko.
  • etxebizitzaren prezioa gehi kargak indarrean dagoen araudian ezartzen den gehienekoa baino txikiagoa bada, etxebizitzaren egoera egokia bada etxebizitza politikaren helburuetarako, eta etxebizitza-eskaera egiaztatuta dagoen udalerri batean kokatuta badago, lehentasunez erosteko eskubidea erabiliko da.

Baldintza hauetan babes ofizialeko etxea galtzen duten familiek lehentasuna izango dute bere area funtzionalean kokatuta dagoen alokairuko babes publikoko etxebizitza bat edo pareko bat (Bizigune/ASAP), eskuratzeko esleipen prozeduretan, eta lehentasunez erosteko eskubidea baliatuta eskuratutako etxebizitzak sustapen publikoko etxebizitzen egungo araudiek ezarritakoaren arabera salduko dira.

Etxebizitza Sailak alokairuko etxebizitza bat eskuratzen lagunduko du. Horretarako, esleitzeko prozedura orokorra jarraituko da (lehentasun irizpideen arabera barematutako zerrenda kontuan hartuta esleitu etxebizitzak), edota aparteko prozedura (esleipen zuzena), bizikidetza-unitatearen ezaugarriak eta etxebizitza galtzearekin baztertuta geratzeko arriskua dagoen ala ez kontuan hartuta.

Prozedura bi horiek, eskatuko diren betekizunak eta haiek betetzen direla egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa Etxebizitzako sailburuaren Agindu bidez arautuko dira.

Ohiko esleipen-prozeduratik salbuespena egitea

Baztertuta geratzeko arrisku larrian dauden eta seme-alaba adin txikikoak dituzten bizikidetza-unitateak, baldin eta bere ohiko bizilekua zen etxea, hipoteka-beterazapenaren ondorioz, hirugarren mailaraino odolkidetasunezko edo ezkontza bidezko inolako ahaidetasunik ez duen beste pertsona bati esleitu bazaio, errentamenduko etxebizitzen ohiko esleipen-prozeduretatik salbuetsita egongo dira beti ere honako baldintza hauek betetzen badira:

  • etxebizitza hori jabetzan duen bakarra izatea.
  • etxebizitza eskuratu eta gero bere diru-sarrerak gutxitu badira, hipotekaren kuota ordaintzeko bere errenta garbi eskuragarriaren %50 baino gehiago erabili behar badu, hain zuzen.
  • diru-sarrerak gutxitzearen arrazoiak ezin zaizkienean bizikidetza-unitateko titularrei egotzi.
  • etxebizitza eskuratzeko ezarritako balioak ezingo du 350.000 euroko zenbatekoa gainditu.
  • etxebizitza eskatzaileen erregistroan izena eman eta hurrengo hiru hilabeteetan ohiko esleipen-prozeduretan parte hartuta ez duela lortuko beste etxebizitza bat aurreikusten bada.

Errentamenduko babes publikoko etxebizitzak edota zuzkidura bizitokiak eskuratzeko lehentasuna

Une honetan, araudiak eguneratzen ari gara, Etxebideren etxebizitza eskatzaileen erregistroari dagokiona zein babes publikoko etxebizitzen eta zuzkidura bizitokien esleipen-prozedurari dagokiona, egungo kreditu-merkatuaren eta etxebizitza eskatzaileen egungo egoeretara egokitzeko, oso bestelakoak baitira indarrean dagoen araudia onartu zenekoarekin alderatuta.

Gerora sortutako ordaindu ezinaren ondorioz ohiko bizilekuaren jabetza galtzea etxebizitzarik ezarekin parekatuko da, hautatze-eta esleipen-prozeduretan parte hartzeko betekizunarekin, alegia.

Gerora sortutako ordaindu ezinaren ondorioz ohiko bizilekuaren jabetza galdu duten pertsonak, eskatzaileen erregistroan izena emanda daudenak alokairuko etxebizitza eskuratzeko, etxebizitza premia bereziko kolektibotzat joko dira.