HPSren eta Euskarabidearen arteko lankidetza hitzarmena

Patxi López eta Miguel Sanz lehendakariek 2009an Iruñean izenpetu zuten protokoloari lotuz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Nafarroako Gobernuko Euskarabideak lankidetza-hitzarmena adostu dute euskara elkarrekin bultzatu eta sustatzeko. Mugarri historiko honek bederatzi atal dauzka eta euskara mintzatzen den bi autonomia erkidegoen arteko elkarlana bermatuko du, gure hizkuntzarentzat berebiziko garrantzia duten kontuetan.

Helduen euskararen irakaskuntzari dagokionez, curriculumen garapena, irakasleen prestakuntza eta materialen hedapena jasotzen ditu hitzarmenak. Horrez gain, hizkuntza gaitasuna baloratu eta bi erkidegoetan herritarrek eskuratutako euskara-agiriak bi lurralde-esparruetan homologatzeko aukera gauzatzen du, betiere Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri harturik. Ikerketa eta mapa soziolinguistikoak ere hizpide dira, bi gobernuen arteko informazio-trukaketa ziurtatzen baita. Elkarrekin Espainiako eta Europar Batasuneko lege eta arauak itzultzeko eta zinpeko itzultzaileak eta interpreteak habilitatzeko konpromisoa da beste puntu garrantzitsu bat.

Itzulpen memorien banku publikoa sortu eta mantentzeko eta terminologia arloko elkarlana sustatzeko neurriak jasotzen dira beste atal batean. Horrez gain, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskaraz erabiltzeko erronkan jarri da arreta, eta, horrekin batera, euskara nazioartean hedatzeko programetan, bereziki atzerriko unibertsitateetako irakurle programetan. Azkenik, euskarazko kulturaren sustapena ere aipatzen da, ekinaldien eta materialen hedapenari eta bi administrazioek antolaturiko ekitaldiei dagokienez. Hitzarmenak ez du epe-mugarik eta urtero berrituko da.

Azken eguneratzea: 2012/07/12