V. Inkesta Soziolinguistikoa

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak V. Inkesta Soziolinguistikoa egin du eta aurki argitaratuko ditu emaitzak. Emaitza horietako batzuk eta hainbat ondorio dituzue hemen.

Inkesta Soziolinguistikoak euskararen lurraldeetako 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.650.000 bat pertsona). Guztira, V. edizio honetan 7.800 inkesta egin dira.

Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketaeremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskararekiko jarrera.

Ondorio nagusiak

  1. Gizartea bizkor ari da aldatzen, zahartze prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua nabarmen hazi da, batez ere Nafarroan (etorkinak %11,2 Nafarroan eta %6,6 EAEn).
  2. 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n (%27 gaur egun). Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldunak duela 20 urte baino 140.239 gutxiago dira Euskal Herrian (%70 1991n eta %58,4 2011n). Erdaldunen ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere.
  3. 16 urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntzagaitasuna adinaren arabera neurtzen denean, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena.
  4. Azken 20 urteotan elebidun hartzaileak bikoiztu egin dira Euskal Herrian: %14,7 dira gaur egun eta %7,7 ziren 1991n. Hazkunderik handiena EAEn eta Nafarroan gertatu da, eta neurri txikiagoan Iparraldean.
  5. Gaur egun guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (%97 EAEn eta %95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (%87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (%71 EAEn, %67 Nafarroan eta %56 Iparraldean).
  6. Hizkuntzaren erabileran hiztunak hizkuntza horretan duen erraztasuna, harreman-sareak eta erabilera-eremu erabakigarriak ezinbestekoak dira. Hiztun asko, batez ere gazteak, euskaldun berriak dira. 2011n, 16-24 urte tarteko elebidunen %52 euskaldun berriak dira EAEn, %38,6 Iparraldean eta %54 Nafarroan. 1991n, aldiz, euskaldun berriak elebidunen %14 ziren EAEn, %9 Iparraldean eta %16 Nafarroan. Elebidunen erdia, gainera, gune erdaldunetan bizi da. Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
  7. Ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean gero eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Izan ere, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira hiru lurraldeetan, batez ere EAEn.
  8. Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.
  9. Euskararen aldeko jarrerak eta hura indarberritzearen aldeko borondatea areagotu egin dira EAEn eta Nafarroan; ez, ordea, Iparraldean. EAEn eta Nafarroan adin-talde guztietan egin du gora. Iparraldeari dagokionez, azken bost urteotan gazteen artean euskararen aldeko jarrerak gora egin du.
  10. Datuak osotasunean aztertuta, baiezta daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik. Hala ere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin du elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

 

Azken eguneratzea: 2012/07/19