Euskara aurrera egiten ari da herri-administrazioetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen IV. Plangintzaldiko (2008-2012) Euskararen Erabilera Planaren ebaluazioaren berri eman du Legebiltzarrean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Hainbat emaitza eta ondorio atera daitezke bertatik, baina Cristina Uriarte sailburuak bere agerraldian aipatu zuen moduan, agian garrantzitsuena aurrera egiten ari garela da:"Euskal herri-administrazioak gaur duela hogei edo bost urte baino elebidunagoak dira, eta euskararen presentzia eta erabilera hazten ari dira".

 

Herri-administrazioak, gero eta elebidunagoak

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkeztutako IV. Plangintzaldiak berretsi egin du euskal herri-administrazioak gaur egun duela hogei edo bost urte baino elebidunagoak direla, eta euskararen presentzia eta erabilera hazten ari direla. Dena den, erronka handia dago aurretik: euskara zerbitzu hizkuntza ez ezik lan hizkuntza ere bihurtzea administrazioan.

 Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen IV. Plangintzaldiko Euskararen Erabilera Planaren ebaluazioaren berri eman zuten ekainaren 26an Legebiltzarrean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Gotzon Loberak.

Ebaluazio horrek emaitza ugari eman ditu eta hainbat ondorio atera dira bertatik. Cristina Uriarte sailburuak IV. Plangintzaldiaren aurkezpenean aipatu zuenez, atera daitekeen ondorio nagusia da aurrera egiten ari garela: "Euskal herri-administrazioak gaur duela hogei edo bost urte baino elebidunagoak dira, eta euskararen presentzia eta erabilera hazten ari dira; dena den, oso desorekatua da oraindik euskara eta gaztelaniaren arteko harremana herri-administrazioetan, eta bide luzea daukagu, euskara ere, gaur gaztelania den bezala, zerbitzu-hizkuntza ez ezik lan-hizkuntza ohikoa ere izatera iristeko".

Patxi Baztarrika sailburuordeak ere azpimarratu zuenez, 2008-2012ko Plangintzaldiaren ebaluazioaren arabera berretsi egiten da 1990. urteaz geroztik pixkanaka gertatzen ari den aurrerakada. "Aurrerakada nabarmena da herri-langileen nahiz erakunde-ordezkarien euskararen ezagutzan, baina aurrerakada apala, ez ahal eta behar bestekoa, euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzerakoan".

 

Baztarrikaren aburuz, "IV. Plangintzaldiak betetze-maila altua du, baina gabezia nabarmenak agerian dira euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzerakoan. Hori da, beraz, etorkizuneko erronka nagusia: euskara lan-hizkuntza gisa ere pixkanaka gero eta gehiago erabiltzea, eta zerbitzu-hizkuntza legez egiten den erabileran dauden gabeziak gainditzeko bidean jarraitzea, helburua baita euskararen erabilera administrazioan ere areagotzea eta herritarrek administrazioarekiko harremanetan beren hizkuntza-hautua egiazki eta normaltasunez baliatzera iristea". 

Euskararen erabilera-plana egiteko orduan, betetze-maila altua izan dela aitortu zuen Baztarrikak, "baina gabezia nabarmena ohartarazten da erabilera-planen jarraipena egitean, eta oraindik erakundeen laurden batek ere ez du erabilera-planik onartuta". Baliabide informatikoei dagokienez ere, betetze-maila altua izan da lana euskaraz egiteko, "baina baliabide horien erabilera apala da herri-langileen aldetik".

Herritarrek administrazioarekiko harremanetan egiten duten euskararen erabileraren batez bestekoa ere altua dela aipatu zuen sailburuordeak, "ahozko komunikazioan bereziki; oraindik, ordea, gabeziak antzematen dira euskara zerbitzu- hizkuntza gisa bermatzerakoan –batez ere euskaldunen kopurua %45en azpitik dagoen lurraldeetan kokatzen diren administrazioetan– eta are gabezia handiagoa gertatzen da euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzerakoan. Lana gaztelaniaz egiteko ohituraren indarra ikaragarria da. Euskararen presentzia idatzia batez ere itzulpenaren bidez bermatzen da".

 

 

IV. Plangintzaldiaren emaitza nagusiak

IV. Plangintzaldiaren Ebaluazioa egiteko EAEko herri-erakundeak nahiz sozietate publiko eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak aztertu dira. Ebaluazio horren emaitza nagusiak honako hauek izan dira:

 

• Erabilera-planak: erantzun dutenen %81ek indarrean du euskararen erabilera normalizatzeko plana. Beste %19ak ez du oraindik onartu.

• Herri-administrazioetako hizkuntza-eskakizunen betetze-maila: 35.837 lanpostu daude guztira. Lanpostu horien %54,5ek (19.523 lanpostu) du derrigortasun-data ezarria, eta haietatik, 18.633 lanpostu dira beteta daudenak. Lanpostuen titularrak nahiz okupatzaileak kontuan hartzen baditugu, %82,47k (15.366 langile) egiaztatu du dagokion hizkuntza-eskakizuna. Gaur egun, 21.010 langile dira (%58,6) herri-administrazio hauetan beren lan-eginkizunak osorik edo zati batean euskaraz bete ditzaketenak.

• Erakunde-ordezkarien euskararen ezagutza: erakunde-ordezkarien (guztira, 3.427) bi heren baino gehiago euskara ulertzeko eta euskaraz hitz egiteko gai da. Erakunde-ordezkarien erdiak baino gehiagok (%56,4) du euskaraz lan egiteko gaitasuna. III. Plangintzaldian ez zen %50era iristen.

• Ahozko komunikazioa: erakundeek emandako datuen arabera, leihatilan harrera egiterakoan, euskara harremanen %71n erabiltzen da eta elkarrizketara pasatzerakoan, berriz, ia %50ean.

• Idatzizko komunikazioa: herritarren %31k erabiltzen du euskara administraziora idatziz zuzentzen denean eta, gaztelania, aldiz, %61 inguruk. Administrazioen kasuan elebitasuna da nagusi: %63.

• Langileen prestakuntza orokorra: eman diren ikastaroen %65 gaztelaniaz izan dira.

• Tresna eta aplikazio informatikoak: 3.988 berariazko aplikazio identifikatu dira, eta horietatik erdiak inguru daude euskaraz erabilgarri.

• Internet eta intranet sareak: edukien %82 inguru euskaraz erabilgarri dago.

• Argitalpenak: argitalpenen erdia baino gehiago (%61,6) gaztelaniaz egiten da.

• Hizkuntza-paisaia: errotulazio nahiz noizbehinkako oharretan eta papelerian, euskarak oso presentzia esanguratsua du.

• Bide-seinaleak: %90etik gorako kasuetan, euskararen presentzia bermatuta dago.

• Iragarki, publizitate eta kanpainak: elebitasuna nagusitzen da, eta euskara hutsaren presentzia ere oso esanguratsua da, batez ere megafonia bidez hedatzen diren mezuetan.

• Hizkuntza-irizpideak diru-laguntzetan:hizkuntza-irizpideak diru- laguntzen %50 inguruan txertatzen dira. Diru-laguntza esleitzerakoan %60 inguruan hartzen dira kontuan.

• Hizkuntza-irizpideak kontratazio administratiboetan: kontratazio administratiboak arautzeko garaian, %49an arautzen dira hizkuntza-irizpideak. Behin arautu ostean, %60an aplikatzen dira kontratua exekutatzerako garaian.

 

Azken eguneratzea: 2013/07/24