Hizkuntz paisaiaren ikerketa


Jasone Cenoz eta Durk Gorter

Zer da hizkuntz paisaia?


Hizkuntz paisaiaz inguratuta gaude beti, nahiz eta horretaz bete-betean ez jabetu. Noizean behin, errotulu bat, kartel bat, edo bestelako informazio idatzi bat deigarria gertatzen zaigu, dela edukiagatik, dela erabilitako hizkuntza edo hizkuntzengatik, edo are hautemandako akatsak direla medio.

Semiotikak hizkuntz zeinuak aztertu izan ditu nagusiki, baina hizkuntz paisaiari buruzko ikerlanak nahiko berriak direla esan dezakegu. Hizkuntz paisaiari buruzko ikerlanik garrantzitsuenetako bat Landry-k eta Bourhis-ek egin zuten, 1997. urtean. Egile horien arabera, hainbat eremutan hizkuntza nola erabiltzen den adierazten du lurralde, eskualde edo hiri bateko hizkuntz paisaia kontzeptuak: merkataritzako iragarki eta errotuluetan, kale eta errepideetako errotuluetan, eraikin publikoetako errotuluetan eta bide publikoetan dauden bestelako testu idatzietan, adibidez (Landry eta Bourhis, 1997: 25). Artikulu honetan, bada, zentzu horretan jorratuko dugu hizkuntz paisaiaren gaia. Izan ere, toki publikoetan ikus daitezkeen testuak aztertuko ditugu. Dena den, hizkuntz paisaia kontzeptua beste zerbaiterako ere erabili izan da: herrialde edo eskualde bateko hizkuntz egoeraz hitz egiteko edo eremu jakin batean hainbat hizkuntza egoteari erreferentzia egiteko (Sciriha eta Vassallo, 2001; Kreslins, 2003). Azken esanahi horren arabera, beste esapide batzuei lotuta dago hizkuntz paisaia: hizkuntzen merkatu, hizkuntz mosaiko, hizkuntzen ekologia eta hizkuntz aniztasunari, adibidez.

Landryk eta Bourhisek (1997) bi funtzio bereizten dituzte bide publikoetako testu idatzietan: funtzio informatiboa eta funtzio sinbolikoa. Funtzio informatiboak hizkuntz talde baten lurralde mugak zehazten ditu, komunikazioan hizkuntza bat edo gehiago erabil daitezkeela adierazten duen aldetik. Bestalde, funtzio sinbolikoak hizkuntzen balioa eta estatusa islatzen ditu, talde batek beste talde batzuekin alderatuta bere hizkuntza nola ikusten duen erakutsiz. Izan ere, hizkuntz paisaia hizkuntzen bizitasunaren isla da, eta testuinguru soziolinguistikoa ezagutzeko informazio iturri osagarritzat jo dezakegu. Errolda, inkesta soziolinguistiko eta elkarrizketen bidez lortutako informazioa osatzen du. Oro har, komunitatearen barruan gailentzen den hizkuntza izango da erabiliena hizkuntz paisaian. Hizkuntz paisaiak, halaber, bestelako informazioa ere ematen du: beste hizkuntza batzuk erabiltzeagatik hizkuntz aniztasuna sortzen duten hizkuntz taldeen identitateari buruzko informazioa.

Hizkuntz paisaia ikertzeak agerian utzi du eleaniztasuna oso fenomeno ohikoa dela. Eleaniztasuna hainbat faktoreren ondorioa da. Hona hemen horietako batzuk :

  • Mugimendu historiko eta politikoak; adibidez, inperialismoa eta kolonialismoa.
  • Ekonomiari lotutako mugimenduak; adibidez, migrazioak.
  • Munduko tokien arteko hartu-emanak areagotzea eta nazioarteko komunikaziorako hizkuntzak erabiltzea.
  • Gizarte eta kultur identitatea, eta eremu urriko hizkuntzak mantentzeko eta biziberritzeko interesa. Interes hori dela medio, eguneroko komunikazioan bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen direneko egoerak ikus daitezke.
  • Beste hizkuntza batzuk erabiltzea eskola curriculumaren barruan.
  • Pertsonak beste herrialde batzuetara aldatzea eragiten duten erlijio mugimenduak.

Europan eleaniztasuna baliabide garrantzitsutzat jotzen da, eta Europako Batzordearen arabera, Europako hizkuntzak aberastasun iturri dira, eta elkartasunerako eta elkar ulertzeko zubiak (Europako Batzordea, 2005: 2). Europa eleaniztasunaren adibidetzat jarri ohi da, baina, egia esan, bertako hizkuntz aniztasuna ez da beste kontinenteetakoa bezain aberatsa. Mundu osoko hizkuntzen % 3,5ek soilik du Europan jatorria. Azken urteetan, eleaniztasuna hazi egin da Europan, munduko beste toki batzuetako etorkin eta errefuxiatuak direla medio. Fenomeno hori argiago hauteman daiteke hiri handietan. Izan ere, askotan, hainbat hizkuntza dira eskolara joateko adina duten haurren lehen hizkuntza (Extra eta Yagmur, 2004: 119). Honako hauek dira hizkuntza nagusiak Europako etorkinen artean: arabiera, berberera, turkiera, kurduera, hindia, punjabera eta txinera.

Mundua, egun, eleanitza da, eta "estatu bat, hizkuntza bat" zioen ideia erabat zaharkitua dago. Ideia horren ordez, orain, hainbat hizkuntzak elkarri eragiten diote espazio berean. Gero eta ohikoagoa da hizkuntzen eta kulturen arteko ukipena. Hartara, ildo horretan, logikoa da ikerketaren hizpide nagusia espazio publikoan ikus daitezkeen hizkuntz testuak -hots, hizkuntz paisaia- izatea.

Hizkuntz paisaia nazioarteko ikerketetan


Argazki kamera digitalak erabiltzeko aukerak bide eman die ikerlariei argazki kopuru handia egiteko hizkuntz paisaia aztertzerako orduan. Izan ere, azken urteotan nabarmen hazi da hizkuntz paisaiari buruzko ikerlanen kopurua munduko zenbait tokitan. Hizkuntz paisaia ikertzea oso lagungarria izan daiteke, hizkuntzen arteko harremanei lotutako hainbat alderdi hobeto ezagutzeko. Egindako ikerketek zenbait ikuspegi jorratu dituzte (Gorter eta Cenoz, 2007):

  • Hizkuntz eta kultur aniztasunaren garapena. Hizkuntz paisaiari buruzko ikerketek eleaniztasunaren garapena berretsi dute. Izan ere, bide publikoetan dauden errotulu eta testu idatziak testuinguru soziolinguistiko zehatz batean erabilitako hizkuntzen adierazle dira.
  • Ingelesa izatea nazioarteko komunikaziorako hizkuntza. Merkataritza arloko errotuluetan ingelesa erabiltzeak helburu informatiboa duela eta turistentzat soilik dela dirudi. Baina merkataritzako informazioa aztertuz gero, ohartuko gara ingelesak funtzio sinboliko garrantzitsua duela ingelesez hitz egiten ez dutenentzat ere. Piller-rek aipatzen duen moduan (2001, 2003), errotuluetan eta merkataritzako testuetan ingelesa ez da erabiltzen informazioa helarazteko, baizik eta balio konnotatiboa duelako. Izan ere, jendeak mezua ingelesez dagoela ikustean, zenbait baliorekin lotzen du: nazioartekotzearekin, modernitatearekin, arrakastarekin, sofistikazioarekin edo dibertsioarekin, adibidez. Hala eta guztiz ere, ingelesa erabiltzea globalizazio prozesuaren parte ere bada. Izan ere, nortasun eta botere arazoei lotzen zaie, eta batzuetan mehatxutzat jo daiteke (Skutnabb-Kangas, 2000; Phillipson, 2003).
  • Errotulu eta testu ofizialen (top-down) eta pribatuen (bottom-up ) arteko desberdintasunak. Errotulu eta testu ofizialak erakunde publikoek jarriak dira, eta hizkuntz politika ofiziala agertzen dute. Errotulu eta testu horietako batzuk dira, esaterako: kaleen eta eraikin publikoen izenak, hiriko hainbat tokiri buruzko argibideak, edukiontzietako errotuluak, etab. Testu eta errotulu pribatuek, aitzitik, merkataritzaren arloko informazioa ematen dute, eta denda, bulego, banku, taberna edo jatetxeetan izaten dira, adibidez. Testu pribatuen barruan honako hauek ere sartzen dira: posterrak, pegatinak, graffitiak eta abar.
  • Hizkuntz politikaren eragina. Eremu batzuetan -Euskal Autonomia Erkidegoan, kasu-, hizkuntza batzuen erabilera mantentzea eta biziberritzea xede duen hizkuntz politikaren parte da hizkuntz paisaiaren errotulazioa. Halakoetan, hizkuntz politika ere aski garatuta dago hedabideetan eta hezkuntzan, besteak beste. Errotulazioan eremu urriko hizkuntzak edo hizkuntza nagusiak erabili izanak egoera gatazkatsuak sorrarazi ditu hainbat eremutan (Porter, 1997; Hicks, 2002). Eremu urriko hizkuntzak dituzten Europako lurraldeetan, ohikoa izan da errotuluak margotzea edo ezabatzea egokitzat jotzen ez direlako. Azaldutako desadostasuna ez dagokio soilik errotuluko hizkuntzari, baizik eta hizkuntza bakoitzak duen kokapenari edo hizkuntza bakoitzaren letra tamainari ere bai, errotulu elebidun edo eleaniztunetan. Argi dago, beraz, hizkuntza bat edo beste aukeratzea, erabileraren isla izateaz gain, hizkuntzaren boterearen eta estatusaren adierazle ere badela.
  • Hizkuntz paisaiaren azterketa ekonomikoa. Ikuspegi horrek ingurumenari eta ekologiari lotutako azterketa ekonomikoak ditu oinarri, eta balorazio ekonomikoko metodoak hizkuntz paisaiari egokitzean datza (Nunes eta De Blaej, 2005; Cenoz y Gorter, inprimategian). Hizkuntz paisaian dauden hizkuntzen guztizko balioa kalkulatzea da kontua, aintzat hartuta zer onura dakarzkien hizkuntz paisaiako hizkuntzak ikusten dituzten pertsonei hizkuntza horiek erabiltzeak edo ez erabiltzeak. Erabiltzearen edo ez erabiltzearen balioak ez daude soilik informazioaren ulermenari lotuta. Horrez gain, beste alderdi batzuei lotuta ere badaude: identitateari eta etorkizuneko belaunaldiei hizkuntzak helarazteari, adibidez.
  • Bigarren hizkuntzak ikastea. Hizkuntz paisaiak, halaber, zerikusia du bigarren hizkuntzak ikasteko prozesuarekin. Izan ere, bide publikoetako testu idatziak input iturri osagarria dira. Gainera hizkuntza batek hizkuntz paisaian duen presentziak eragina izan dezake ikasleak hizkuntza horri buruz duen iritzian eta hura ikasteko duen motibazioan. Hitz batean esateko, hizkuntz paisaia hizkuntza ikasteko prozesu ez-formalaren parte izan daiteke.
  • Hezkuntza elebiduna eta eleaniztuna. Ikasgeletako eta ikastetxeetako hizkuntz paisaia aztertzea erabilgarria izan daiteke, eleaniztasunaren eta kultur aniztasunaren garapenari egiten dion ekarpena dela medio. Ikasgeletako eta ikastetxeetako korridoreetako testu idatziek zentroen hizkuntz proiektuak nolakoak diren agertu ohi dute, eta eragina izan dezakete hizkuntzen erabileran eta haien aldeko jarreretan. Eremu jakin bateko hizkuntz paisaia, halaber, eskola material gisa erabil daiteke, kultur aniztasunari lotutako prozesuak eta ukipenean dauden hizkuntzak aztertzeko.

Hizkuntz paisaiari buruzko ikerketak: nazioarteko ikuspegiak

Atal honetan, hainbat testuingurutan hizkuntz paisaiari buruz egin diren ikerketa batzuk aipatuko ditugu, lortutako emaitzak aztertu eta Euskal Herrian lortutakoekin alderatzeko.

Kartelak hainbat hizkuntzatan. Israel, hizkuntz aniztasun handiko herrialdea izaki, hainbat ikerketatan aztergai izan da. Rosenbaum-ek, Nadel-ek, Cooper-ek eta Fishman-ek (1977) Jerusalemgo Keren Kayemet kalea aztertu zuten. Ikerlan horretan, bada, alde esanguratsuak hauteman zituzten erakundeetako errotulazioaren eta testu eta errotulu pribatuen artean, grafia hebrearraren eta erromatarraren erabileran. Erakundeetako errotuluetan hebreera erabili behar dela dio politika ofizialak, baina errotulu pribatuetan, ingelesa barra-barra erabiltzen zela ikusi zuten. Shohany-k eta Cooperrek (1991), berriz, Jerusalemgo zati harresituko hizkuntz paisaia aztertu zuten. Hango hizkuntz paisaia hiriko historiaren lekuko dela nabarmendu zuten. Izan ere, britainiarrek 1948. urtera arte eta jordaniarrek 1967ra arte izan zuten boterea eta israeldarrek orduz geroztik izan duten nagusitasuna erakusten du. Halaber, Ben Rafael-ek, Shohanyk, Amara-k eta Trumper-Hecht-ek (2006) Israelgo hainbat eremutako hizkuntz paisaiari buruzko ikerketa bat egin zuten. Hizkuntz paisaiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat eleaniztasuna zela ikusi zuten, eta hizkuntzarik erabilienak hebreera, arabiera eta ingelesa zirela ondorioztatu zuten. Halaber, eremu batean zein ziren nagusi, juduak ala palestinarrak, hebreeraren eta arabieraren erabileran desberdintasunak zeudela ohartu ziren. Ikerketa horretan ikusi zen, gainera, ingelesa nabarmen erabiltzen zela. Izan ere, errotulu eta testuen % 25 eta % 75 artean ingelesez zegoen, eremuaren arabera. Ben Rafael eta beste egileek diotenez (2006), ingelesak presentzia handia duela ikusita, esan daiteke ez dela atzerriko hizkuntza. Bestalde, uste dute hizkuntz paisaiak ez duela zehazki islatzen Israelgo hizkuntz aniztasuna. Izan ere, herrialde horretan bide publikoetan ikusi ohi direnak baino hizkuntza gehiago erabiltzen dira. Era berean, uste dute hizkuntz paisaiak boterea duten taldeen eta mendeko taldeen arteko desberdintasunak islatzen dituela. Alde horretatik, desberdintasun nabarmenak hauteman dira ikerketa horretan erakundeetako errotuluen eta errotulu pribatuen artean. Lehenengoak hizkuntza ofizialetan idatzita daude, hebreeraz bereziki, eta bigarrenetan, berriz, ingelesa gero eta sarriago erabiltzen dela ikusi da.

Errotuluak hainbat hizkuntzatan. Huebner-ek (2006) Bangkokeko zenbait eremutako hizkuntz paisaia aztertu zuen, eta ikusi zuen, erakundeetako errotuluak thailandieraz edo thailandieraz eta ingelesez idatzita egon ohi direla, baina merkataritzako errotulu eta testuetan beste hizkuntza batzuk ere azaltzen direla. Ikerketa horretan aztertutako testuen erdietan baino gehiagotan, grafia bat baino gehiago dago, eta konbinaketarik ohikoena grafia thailandiarra eta erromatarra eta grafia thailandiarra, erromatarra eta txinatarra dira. Hala hainbat hizkuntzatako errotulu elebakarretan nola testu eta errotulu eleanitzetan ikus daitekeen eleaniztasunaz gain, ikerketa horrek agerian utzi du ingelesak eragin handia duela. Eragin hori, hizkuntz paisaian ez ezik, thailandieran ere hauteman daiteke, grafian, fonetikan, hiztegian eta sintaxian.

Asian egindako beste ikerketa bat Backhaus-ek (2006, 2007) Tokioko errotulu eta testu elebidun eta eleanitzei buruz egindakoa da. Backhausek hizkuntza batean baino gehiagotan idatzita zeuden testuak soilik aztertu zituen. Ikertutako kaleetako testu guztien % 20 ziren testu horiek. Errotulu eta testu elebidunetako konbinaketarik ohikoena japoniera eta ingelesa erabiltzea zen, baina txineraz eta koreeraz idatzitako testu elebidun eta eleanitzak ere aurkitu zituen. Ingelesak errotulu eta testu elebidun eta eleanitzetan eragin argia zuela ondorioztatu zuen. Izan ere, mota horretako errotulu eta testuen % 98 ingelesez ageri zen; % 72 japonieraz; % 3 txineraz; eta % 2, azkenik, koreeraz. Bestalde, Backhausek desberdintasun garrantzitsuak hauteman zituen erakundeetako errotulu eta testuen eta errotulu pribatuen artean. Izan ere, ingelesa ohikoagoa zen pribatuetan. Backhausek, hartara, frogatu zuen Japoniako hizkuntz egoera ez dela uste dugun bezain homogeneoa. Haren ustez, hizkuntz paisaia aztertzeak munduko eleaniztasuna ikertzen lagun dezake, nabarmen.

Europan ere hainbat ikerketa egin dira hizkuntz paisaiari buruz.
Schlick-ek (2003) Europako zortzi hiritako merkataritza kaleak aztertu zituen, Austrian (Viena eta Leoben), Erresuma Batuan (Londres eta Nuneaton), Italian (Trieste eta Pordenone) eta Eslovenian (Ljubljana eta Kranj). Herrialdeko hizkuntza ofizialean errotulu elebakar gehien dituzten hiriak Nuneaton (testuen % 89 ingelesez) eta Pordenone (testuen % 72 italieraz) zirela ikusi zen. Aitzitik, testu elebakar gutxien zituzten hiriak Ljubljana (% 47), Trieste eta Viena (% 57 biak) ziren.

Amsterdamen are gutxiago dira hizkuntza ofizialean idatzitako errotulu eta testu elebakarrak, Edelman-ek (2006) egindako ikerketan ikus daitekeen moduan. Ikerketa horrek agerian utzi zuen Amsterdameko merkataritza kale nagusiko testuen % 35 soilik zirela nederlanderaz idatzitako errotulu elebakarrak. Nederlanderaz, bakarrik edo beste hizkuntzekin batera, testuen % 51 ageri zen, eta ingelesez, berriz, testuen % 49. Cenozek eta Gorterrek (2006) ere ikerketa bat egin zuten Herbehereetan. Zehazki, Frisiako probintzia elebiduna aztertu zuten. Probintzia horretan, frisiera hizkuntza ofiziala da, nederlanderarekin batera. Ikerketa horretan, Leeuewarden-Ljouwert hiriko merkataritza kale nagusiko errotulu eta testuak aztertu zituzten. Ikusi zuten, testuen % 91tan % 91 nederlanderaz ageri zela, eta ingelesez, berriz testuen % 37. Datu horiek Edelmanen (2006) aurreko ikerketakoekin alderatuta, ondorioztatu daiteke Frisiako hiriburuan ingelesak ez duela Amsterdamenen duen presentzia, eta, batez, ere, nederlanderak garrantzi handiagoa duela. Ikerketa horretan, halaber, frisieraren presentzia aztertu zen. Frisiera eremu urriko hizkuntza ofiziala da; biztanleen % 94k ulertzen du, % 74k hitz egiten du, % 65ek irakurtzen du, eta % 17k idazten du (Gorter eta Jonkman, 1995). Ikusi zuten hizkuntz paisaiako testuen % 5 soilik zegoela frisieraz.

Hult-ek (2006) Suediako Malmö hiriko bi kaletako hizkuntz paisaia aztertu zuen, eta hiriko guneen artean desberdintasunak zeudela hauteman zuen. Dendarik gehien zituen kalean ingelesa testuen % 39tan ageri zen, hala bakarrik nola beste hizkuntza batzuekin batera. Malmöko azokan, ingelesa testuen % 22tan zegoen. Ikerketa horrek, bada, frogatu du alde nabarmenak egon daitezkeela hiriko guneen artean, eta ingelesak presentzia handiagoa duela merkataritza kaleetan.

Gorterrek (2007) Erromako hizkuntz paisaiari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ikusi zuen errotulu eta testu gehienak elebakarrak zirela, baina testuak 18 hizkuntzatan idazten zirela. Italiera zen nagusi, eta testuen % 69 ageri zen italieraz, bai bakarrik bai beste hizkuntza batzuekin batera. Ingelesez, berriz, testuen % 27 zegoen, bai bakarrik bai beste hizkuntza batzuekin batera. Gorterrek, halaber, desberdintasunak ikusi zituen hiriko guneen artean. Izan ere, ingelesa hiriko erdigunean erabiltzen zen gehien; eta txinera, bengalera, tamilera eta hindia Esquilino auzoko errotuluetan, batez ere. Ikerketa horrek erakutsi zuenez, erakundeetako errotulu eta testuak nagusiki italieraz badaude ere, hiriko erdigunean italieraz eta ingelesez idatzita daude turistentzat direnean. Hizkuntz aniztasuna nabarmenagoa da testu pribatuetan, eta ingelesaz gain, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira testu batzuetan.

Hizkuntz paisaia Euskal Herrian


Euskal Herriko hizkuntz paisaiari buruzko ikerketen barruan, honako hauek aztertu dira: Donostiako eleaniztasuna eta zenbait hizkuntzaren presentzia, eta hizkuntz paisaiaren pertzepzioak bigarren hizkuntza ikasteko prozesuan duen garrantzia (Gorter eta Cenoz, 2006; Cenoz eta Gorter, prestakuntza prozesuan; Cenoz eta Aiestaran, prestakuntza prozesuan). Halaber, Donostiako herritarrek hizkuntz paisaia nola hautematen duten, Donostiako hizkuntz paisaia nola bilakatu den eta hainbat auzoren artean zer alde dauden ere ikertzen ari dira [1].

Hona hemen orain arte egindako emaitzek adierazi dutena:

  • Hizkuntz paisaian gaztelania da hizkuntza nagusia. Hizkuntza horrek % 80 eta % 95 bitarteko presentzia du errotulu eta testuetan. Testu elebakar gehienak gaztelaniaz daude, eta, era berean, hizkuntza hori gailentzen da testu elebidun eta eleanitzetan. Izan ere, gaztelania hizkuntza nagusia da, bai erakundeetako bai eremu pribatuko errotulu eta testuetan.
  • Euskararen presentzia % 34 eta % 50 artekoa da. Euskara testu elebidun eta eleanitzetan ageri da, batez ere; gaztelaniarekin bat, eta zenbaitetan, beste hizkuntza batzuekin. Euskara ohikoagoa da erakundeetako testuetan, testu pribatuetan baino.
  • Ingelesak gero eta presentzia handiagoa duela ikusi da. Ingelesa errotulu eta testu elebidun eta eleanitzetan ageri da nagusiki, beste hizkuntza batzuekin. % 9 eta % 28 bitarteko presentzia du, eta askoz gehiago erabiltzen da testu pribatuetan eta merkataritza kale nagusietan.
  • Merkataritza kaleetan beste hizkuntza batzuk ere ikus daitezke: italiera, frantsesa eta alemana. Mezu horiek turistentzat direla esan daiteke, baina batzuetan, hiri kosmopolita eta modernoa delako ideia indartzeko balio dezakete. Etorkinen hizkuntzek oso presentzia urria dute.
  • Unibertsitateko ikasleek hizkuntz paisaiako hizkuntzei buruz zer pertzepzio duten aztertzen duen ikerketa batean ikusi denez, gehienek uste dute hizkuntz paisaia elebiduna dela (gaztelania eta euskara). Halaber, adierazi dute nahiago dituztela bi edo hiru hizkuntzatan dauden errotuluak eta testuak (Cenoz eta Gorter, prestakuntza prozesuan).
  • Donostiako eta Leeuwarden-Ljouwert (Frisia, Herbehereak) hiriko hizkuntzen erabilera alderatzeko ikerketan ikusi da euskarak frisierak baino presentzia handiagoa duela, baina ez dagoela alde garrantzitsurik ingelesaren erabileran.

Ondorioak


Kartelak eta errotuluak hainbat hizkuntzatan. Hizkuntz paisaia ikertzea bereziki interesgarria da testuinguru elebidun eta eleanitzetan; Euskal Herrian, kasu. Hizkuntz paisaiak testuinguru soziolinguistikoari buruzko eta bide publikoetan erabiltzen diren hizkuntzei buruzko informazioa eman dezake. Erabilera horrek hizkuntz politika ofizialarekin zer-nolako erlazioa duen azter daiteke, bai eta erakundeetako eta eremu pribatuko errotulu eta testuan artean zer alde dauden ere. Euskarari dagokionez, berrets dezakegu gaztelania baino eremu urriagokoa dela, eta euskarak presentzia txikiagoa duela testu pribatuetan.

Hizkuntz paisaian erabiltzen diren hizkuntzak, halaber, hizkuntz taldeen boterearen, estatusaren eta ekonomiaren isla dira. Euskararen eta frisieraren erabilerak alderatzean, ohartu gara euskarak askoz ere presentzia handiagoa duela, nahiz eta frisierak hiztun gehiago izan. Esan dezakegu desberdintasun horiek euskararen estatus handiagoarekin lotuta daudela, eta euskara babesteko eta sustatzeko hizkuntz politikak frisiera sustatzekoak baino indartsuagoak izatearekin. Horren harira, garrantzitsua da nabarmentzea erakundeetako errotulu eta testuak elebidunak direla Donostian, eta errotulu pribatuak euskaraz bakarrik edo bi hizkuntza ofizialetan idazten dituztenek diru-laguntzak jasotzeko aukera dutela. Frisieraren eta euskararen arteko desberdintasunak beste arlo batzuetan ere ikus daitezke; esaterako, hezkuntza sisteman heziketarako hizkuntza eremu urriko hizkuntza izatean.

Hizkuntz paisaiari buruzko ikerketa guztietan azaldu da ingelesaren presentzia, eta hori globalizazio prozesuaren isla argia da. Izan ere, aztertutako testuinguru guztietako hizkuntz paisaian ageri da ingelesa. Presentzia handiagoa du hiri handietan, baina testuinguru guztietan ageri da. Ingelesaren presentzia, bada, globalizazioari lotutako prozesu ekonomiko eta kulturalaren isla da. Prozesu horri hizkuntz paisaiaren Mcdonalizatzea ere esaten zaio (Heller, 2003).

Hizkuntz paisaia ikertzea tresna osagarria da, testuinguru soziolinguistikoan hizkuntzen aniztasuna ezagutzeko. Beste tresna batzuen aldean -adibidez, errolda eta inkesta soziolinguistikoen aldean-, hizkuntz paisaiak balio gehigarria du: eragina izan dezake errotulu edo testu horiek ikusten dituzten pertsonengan. Izan ere, jendeak hizkuntzei buruz duen pertzepzioan eta hizkuntzen aldeko jarreretan eragin dezake hizkuntz paisaiak, eta gizartearen erabilera baldintza dezake. Hizkuntz paisaiari buruzko ikerketak soziologiaren, hizkuntzalaritzaren, gizarte geografiaren, psikologiaren, ekonomiaren edo hezkuntzaren ikuspegitik jorra daitezke. Ikerketa horiek oso lagungarriak izan daitezke zenbait fenomeno ulertzeko: hizkuntzen erabilera eta hizkuntzen arteko hartu-emanak, kasu.

Erreferentziak

  • Backhaus, P. (2006) Multilingualism in Tokyo - A look into the linguistic landscape. International Journal of Multilingualism 3, 52-66.
  • Backhaus, P. (2007) Linguistic landscapes: A comparative study of urban multilingualism in Tokyo. Clevedon: Multilingual Matters.
  • Ben Rafael, E., Shohamy, E.; Amara, M.H. & Trumper-Hecht, N. (2006), Linguistic landscape as symbolic construction of the public space: The case of Israel, International Journal of Multilingualism, 3, 7-30.
  • Cenoz, J. & Gorter, D. (2006) Linguistic landscape and minority languages, International Journal of Multilingualism, 3, 67-80.
  • Cenoz, J. & Gorter, D. (2006) Hizkuntz paisaia eta eleaniztasuna. Hizkuntzen funtzio informativo eta sinbolikoa. In J. Cenoz & D. Lasagabaster (eds) Hizkuntzak Ikasten eta Erabiltzen. 267-281. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • Cenoz & Gorter (prentsan) Language economy and linguistic landscape. In E. Shohamy & D. Gorter (eds.) Linguistic Landscape: Expanding the Scenery. London: Routledge.
  • Comisión Europea (2005) A New Framework Strategy for Multilingualism http://europa.eu/languages/servlets/Doc?id=913
  • Edelman, L.: (2006) The linguistic landscape of Kalverstraat: A pilot study. In T. Koole, J. Nortier and B. Tahitu (eds.) Artikelen van de Vijfde Sociolinguïstische Con ferentie. Delft: Eburon.
  • Extra, G. & Yagmur, K. (eds) (2004) Urban Multilingualism in Europe. Immigrant Minority Languages at Home and School. Clevedon: Multilingual Matters.
  • Gorter, D. (1997) Naamgeving in Friesland: contact en conflict = consensus, in: W. de Geest
     (ed.) Recente Studies in de Contactlinguïstiek, 35-45. Bonn: Dümmler.
  • Gorter, D. (2007) The linguistic landscape in Rome: Aspects of Multilingualism and Diversity. Roma: IPRS.
  • Gorter, D. and Jonkman, R.J. (1995) Taal yn Fryslân op 'e nij besjoen. Ljouwert-Leeuwarden: Fryske Akademy.
  • Gorter, D. & Cenoz, J. (2007) Knowledge about language and Linguistic Landscape. In J. Cenoz and N.H. Hornberger (eds) Encyclopedia of Language and Education Vol 6: Knowledge about language 343-355. Berlin: Springer.
  • Heller, M. (2003) Globalization, the new economy and the commodification of language. Journal of Sociolinguistics 7, 473-492.
  • Hicks, D. (2002) Scotland's linguistic landscape: the lack of policy and planning with Scotland's place-names and signage. (Paper at World Congress on Language Policies, Barcelona 16-20 April 2002 (see www.linguapax.org/congres/taller/taller2/Hicks.html  [jan 2005]).
  • Huebner, T. (2006) Bangkok's Linguistic Landscapes: Environmental Print, Code Mixing, and Language Change, International Journal of Multilingualism 3, 31-51.
  • Kreslins, J. (2003) Linguistic landscapes in the Baltic, Scandinavian Journal of History, Vol 28, 3-4, 165-174.
  • Hult, F.M. (2006) Linguistic Landscape Analysis and the Ecological Study of Swedish
     Language Policy. Powerpoint presentation at the Sociolinguistics Symposium 16,
     Limerick, Ireland, 7 July.
  • Landry, R. & Bourhis, R.Y. (1997) Linguistic landscape and ethnolinguistic vitality: an empirical study, Journal of Language and Social Psychology, Vol 16, 23-49.
  • Nunes, P. & De Blaeij, A. (2005) Economic assessment of marine quality benefits: applying the use of non-market valuation methods. In F.Maes (ed.) Marine Resource Damage Assessment. pp 135-163. Berlin: Springer.
  • Phillipson, R. (2003) English-only Europe? Challenging language policy. London: Routledge.
  • Piller, I. (2001) Identity constructions in multilingual advertising, Language in Society 30, 153-186.
  • Piller, I. (2003) Advertising as a site of language contact, Annual Review of Applied Linguistics 23, 170-183.
  • Rosenbaum, Y., Nadel, E., Cooper, R.L. and Fishman, J. (1977) English on Keren Kayemet Street. In J.A. Fishman, R.L. Cooper and A.W. Conrad (eds) The Spread of English, 179-194. Rowley MA: Newbury House.
  • Schlick, M. (2003) The English of shop signs in Europe, English Today, 19, 3-17.
  • Sciriha, L. and Vassallo, M. (2001) Malta: A Linguistic Landscape. - Malta : University of Malta.
  • Skutnabb-Kangas, T. (2000) Linguistic Genocide in Education or Worldwide Diversity and Human Rights? Mahwah, NJ:Lawrence Erlbaum.
  • Spolsky, B. & Cooper, R.L. (1991) The languages of Jerusalem. Oxford: Clarendon Press
[1] Ikerketa hau Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren eta Europako Batasuneko VI. Programa Markoko Bikaintasun Sarearen lankidetzarekin ari dira prestatzen. [ Itzuli]