Hauek ere, Emakume bikainak
Maria Bayo Eusko Ikaskuntza saria
Trine Sejthenek indarkeria matxistaren kontrako txartelaren lehiaketa europarra
Isabel Burdiel 2011ko Historia Sari Nazionala
Selma Ancira Itzulyz Itzultzailearen Lana sari Nazionala
Olivia de Miguel, Itzulpen Onena Sari Nazionala
Francisca Aguirre, Poesia Sari Nazionala
Maite Carranza, Haur eta Gazte Literatur Sari Nazionala
Teresa López, COPA Emakume Komitearen lehendakari berria
Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea y María Dolores Guillén, UPV/EHUko ikertzaileek, Sigma-Aldrich saria jaso dute
Ana Carrasco, Beatriz Orcajo Miren Artaraz, Amaia Ríos eta Blanka Gómez de Segura Arabako Profe¬si¬o¬nal eta Enpresari Ema¬kumeen Elkarteak saritu ditu
Mariasun Landa, IV Dabilen Elea saria
Ana Borderas, 2011ko Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala
Eusko Jaurlaritzak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-i emango dio 2011ko René Cassin Saria
Buthania Kamel lehenbiziko emakumea presidentziarako lehian
Almudena Grandes XIX Sor Juana Inés de la Cruz Saria
L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa eskuratu dute Espainiako bost ikerlarik
Barbara Celis Kultur Kazetaritzarako Paco Rabal Saria
Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern honoris causa doktore izendatuko du
Mire Agur Meabe, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria
Josefina Triguero, 2011ko Manuel Irujo Saria
Aizpea Goenaga, zinemagile lez Simone Beauvoir Saria
Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tawakkul Karman 2011ko Bakearen Nobel Saridunak
Amale Arzelus II Antzerkizale Saria
Wangari Maathai, “ Emakume arbola” zendu da
Ikerketa sarian irabazitako 25.000 euroak dirulaguntzarako eman ditu Consuelo Guerrik
Sara Lovera ohoratua Mexikoko emakumeen eskubideak defendatzeagatik
María Teresa Fernández de la Vega, Carmen Quintanilla eta Graça Machel saritu dituzte
Ofelia Rey Castelaok, María Josefa Wonenburger saria jaso du
María Ángeles Durán Heras, doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean
Pilar Mateo Munduko Emakume Indigenen Mugimendua aurkeztuko du Gasteizen
Patricia Cornwellek eleberri beltzako nazioarteko RBA saria irabazi du
Montse Velasco bartzelonako sommelier gaztea "Nariz de Oro 2011" saria
Natalia Rodríguez Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina
Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute
Christine Lagare, NDFko zuzendari berria
Josefina Molina, Zinemako Emakume saria
Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia
María Blascok Babacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikorako Zentro Naziolanaren buruan
● Maria Bayo Eusko Ikaskuntza saria
Maria Bayo sopranoak Humanitate, Kultura eta Zientzia Sozialen Eusko Ikaskuntza Saria jaso zuen Donostiako Miramar Jauregian joan den azaroaren 25ean. Angel Gabilondo Hezkuntza ministroa bertaratu zen ekitaldira. Jose Maria Muñoak, epaimahaikideen buruak, Mariaren ezaugarri bat azpimarratu zuen “jaso duen sariaren filosofiarekin bat ondo datorrelako: ahaleginak eginez lorturiko meritu pertsonala”.
Aho batez erabaki zuen epaimahaiak saria ematea “ ibilbide artistiko eta kulturala eta balio humanoagatik ez ezik musika ondasuna berreskuratzeko egiten dituen ahaleginengatik. Beste meritu batzuk ere aipatu zituzten, hala nola, “kontzertu kantak zabaltzeko saiakerak eta euskaraz abesten duela nahiz eta euskalduna ez izan”.
Horretaz gain, hainbat euskal maisuen kantak (Arambarri, Guridi eta Canteloube, besteak beste) grabatu dituela gaineratu zuten. Sari banaketako ekitaldian Maria Bayok karrerako 23 urte laburtu zituen “ikasteko etengabeko prozesua” izan direla esanez. Halaber, bere lehenbiziko maisuak gogora ekarri zituen eta baita Mozart eta Bach ere. Azken horiek dira gehien miresten dituen musika egileak. Operari buruz jardun zuenean, aurrekontu guztietarako sarrerak egonik “elistista” delako aurreiritzia atzean utzi behar litzatekeela adierazi zuen. “Partidu edo rock kontzertuen sarreren prezioa, berriz, ez da eztabaidatzen”.
Maria Bayo 2009ko Musika Sari Nazionala izan zen eta nazioartekoan itzal handiko ahotsetako bat da. Operako rol anitz antzeztu ditu, Barrokotik hasita (Cavalli, Graun, Hasse, Haendel, etab.) XX mendera iritsita (Debussy, Granados, Falla, Poulenc, Stravinski). Rossini eta Eskola frantziarra ( Gounod, Bizet, Offenbach y Massenet) bere kuttunenak dira. Munduko antzeztoki puntakoenetan abesten ohi du:
Scala (Milan) Staatsoper (Berlin), Hamburgo, Munich, Dresde, La Monnaie, Covent Garden, Teatro Colón (Buenos Aires), Metropolitan (New York); La Bastille, Palais Garnier eta Théâtre Chatelet (Paris), Roma, Bologna, Florencia, Viena, Teatro Real eta La Zarzuela (Madril), Liceu (Bartzelona), Bilbo, Sevilla, Iruña, La Coruña, Lisboa, San Frantzisko, Los Angeles, Houston, Sâo Paulo, Lyon, Ginebra, Marsella, Montpellier, Montecarlo, Tel-Aviv, Tokio; Salzburg, Aix-en-Provence, Granada, Perelada, Beaune, Ruhr Triennale jaialdietan eta Donostiako Hamabostaldian, besteak beste.
Eusko Ikaskuntza Saria 1995tik sortu zenetik behin bakarrik eman diote emakume bati (Maïté Lafourcade) . Sariak 20.000 euroko diru laguntza du.
● Trine Sejthenek indarkeria matxistaren kontrako txartelaren lehiaketa europarra
Danimarkako Trine Sejthen diseinatzaileak “La Violencia no es siempre visible/ Indarkeria ez da beti ikusgai izaten” lanagatik indarkeria matxistaren kontrako Txartel Lehiaketa Europarra irabazi du. Lehiaketaren antolatzaileak honako hauek dira: Mendebaldeko Europarako Nazio Batuen Eskualdeetako Informazio zentroa eta NBE Emakumeak. Lehenbiziko edizio honetan 40 herrialdetako 2.700 lan aurkeztu dira.
Trine Sejthenekekin batera beste bi diseinatzaile saritu dituzte: Kosovoko Gjoke Gojani eta Raphaelle Moreau, batak herri botazioa eta besteak Gaztedia saria irabazi dutelarik.
Sari banaketa ondoren joan den azaroaren 25ean argitaratu zen txartel irabazlean Europako prentsan. Egun, Bruselako Harlan Levey Proiektu Galerian erakusketan ikusgai dago beste 30 lan finalistekin batera. Erakusketa Mosku, Praga eta Kievera iritsiko da laster.
● Isabel Burdiel 2011ko Historia Sari Nazionala
Aurtengo Historia Nazional saria Isabel Burdielek irabazi du (1958). Valentziako Unibertsitateko Historia Garaikideko Katedratikoak “Isabel II. Una biografía (1830-1904)” lanagatik jaso du Kultur Ministerioaren aipamena. 20.000 euroko diru laguntza duen errekonozimenduak Espainiako historian egiten ari diren ikerketa eta ikasketak eskertu eta bultzatu nahi ditu.
Isabel Burdielen espezialitatea XIX mendeko liberalismoaren historia politiko eta kulturala da. Idazlan ugari idatzi ditu, hala nola, “La política de los notables” (1987) “Vindicación de los derechos de la mujer de Mary Wollstonecraft “ l(1994), Mary Shelleyren “Frankenstein” (1996) liburuen edizio kritikoak, “La dama de blanco” saiakera. 2004an “Isabel II. No se puede reinar inocentemente” bukatu gabeko biografia argitara eman zuen. 2010ean beste biografia bat kaleratu du, saria irabazi duena, hain zuzen ere.
Erregina 16 urte zituela gorrotatzen zuen lehengusu batekin ezkonarazi zuten; gobernuaren ardura 13 urte hartu behar izan zuen eta denboraren poderioz monarkia eta herrialderako pertsonaia negatiboa bihurtu zen. Burdiel irakasleak aldaketaren arrazoiak ikertu ditu.
● Selma Ancira Itzulyz Itzultzailearen Lana sari Nazionala
Jatorri mexikarreko Selma Ancira filologoak itzultzaile baten lanari Kultur Ministerioak ematen duen Sari Nazionala irabazi du. Errusiako XIX mendeko literatura eta Literatur garaikide greziarra dira haren espezialitateak. Marina Tsvietaievaren prosa gehiena itzuli du gaztelaniara eta Alexandr Pushkin, Nikolai Gogol, Fiodor Dostoievski, Ivan Goncharov, Ivan Bunin, Mijail Bulgakov, Boris Pasternak, Serguei Eisenstein, Nina Berberova, Ósip Mandelshtam, Bulat Okudzhava, Izrail Metter eta Lev Tolstoi idazleen itzultzailea da.
Literatur greziarraren arloan Giorgos Seferisen saiakerak, Yannis Ritsosen olerkiak, Yakobos Kampanellisen lanak de Maria Iordaniduren eta “Loxandra” eleberria itzuli du.1988 tik Bartzelonan bizi da. Selma Ancira Espainiako nazionalitatea du.
● Olivia de Miguel, Itzulpen Onena Sari Nazionala
Olivia de Miguelek Kultur Ministerioaren Itzulpen Onenaren Saria jaso du Marianne Mooren “Poesía completa” lanagatik. 20.000 euroko diru laguntzaz hornituriko errekonozimenduak Espainiako edozein hizkuntzetara eginiko testu atzerritarraren itzulpena saritzen du. Olivia de Miguel (Logroño, 1948) Zaragozako unibertsitatean Filologia Anglogermanikoan lizentziatua da eta Bartzelonako Unibertsitateko doktorea “Itzulpenaren Teoria” arloan. Egun, Pompeu Fabra Unibertsitateko Traducció i Interpretació Fakultateko irakaslea dihardu. Itzultzaile gisa honako argitaletxeekin lan egiten du: El Acantilado, Siruela, Alba, Tusquets, Destino, Hiperión, Galaxia Gutenberg, Edhasa, Ediciones del Bronce, Random House Mondadori eta Global Rhythm. Haren itzulpenetan Joan Didionen “Una liturgia común”, eta George Orwelen “1984” nabarmentzekoak dira. G. K. Chestertonen “Autobiografía” lanagatik Ángel Crespo Itzulpen Saria irabazi zuen, Catalunyako Idazleen Kolegioak ematen duena, hain zuzen.
● Francisca Aguirre, Poesia Sari Nazionala
Francisca Aguirre, (Alacant, 1930), Kultura Ministeritzaren Poesiako Sari Nazionala irabazi du “Historia de una anatomía” lanagatik. Testuak iaz Miguel Hernández Poesia Sari Internazionala lortu zuen ere. Lan honetan, bere bizitza eta familia gertaerei buruz idazten du, esaterako, Lorenzo Aguirre margolariaren heriotzaz mintzo da. Idazlearen aita zena errepublikarra izateagatik frankismoak garrotez hildako azken pertsona (1942) izan zen Espainian.
Félix Grande poetarekin ezkondua eta baita beste poeta baten ama denak liburua aldarrikapen oihua dela zehaztu du: “ Margolari errepublikar baten alaba naizela esan nahi nuen eta testuan , gizon alaia zela argi utzi, bizitza, pintura eta bere emaztea maite zituena, eta guzti honen gainetik, justizia. Legezko gobernu bat defendatzeagatik asasinatutako margolari zoragarria zen”.
Olerkaria Paca Aguirre izenez ezagutzen dugu literatur munduan. 1972an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria. Haren lanan artean “Los maestros cantores”, “La otra música”, “Que planche Rosa Luxemburgo” (Galiana Saria, 2004), “Espejito, espejito” oroitzapen liburua, “Itaca” (Leopoldo Panero Poesia saria), “Los trescientos escalones” (Irun Hiria Saria), “Ensayo general”(Esquio Saria), “Pavana del desasosiego” (María Isabel Fernández Simal Saria), “La herida absurda” eta “Nanas para dormir desperdicios” (Institución Alfonso El Magnánimo Erakundearen Balentzia Saria) aurkitzen ditugu. Haren idazlanak valentzierara, ingelesera, frantsesera, italierara, portugalera eta arabiarrera itzuli dira.
Hogei mila euroz esleitutako sari honen epaimahaia Soledad Puértolas, Manuel Rivas, Juan Carlos Mestre, Jon Kortazar, Vinyet Panyella, Asunción Escribano, Paula Izquierdo, Ángel Luis Prieto eta Teresa Martín Pecesek osatu dute.
● Maite Carranza, Haur eta Gazte Literatur Sari Nazionala.
Maite Carranza idazle katalanak (Bartzelona, 1958) Kultura Ministeritzak ematen duen Haur eta Gazte Literatur Sari Nazionala irabazi du katalanez idatzitako “Paraules emmetzinades” (Pozoindutako hitzak) lanagatik. Eleberria, adingabeen abusuei buruzkoa, Natayscha Kampusch austriar gaztearen kasua dela eta – zortzi urtez gizon batek bahiturik egon zena- idatzi zuen.
Maite Carranza 25 urtez darama haur eta gazte literaturaren gaian, eta berrogei bat titulu idatzi ditu. Bere lehenengo lanak, “¡Toma castaña!”, Crítica Serra d´Or saria irabazi zuen, “Paraules emmetzinades” ere irabazi duena. Bere “Trilogía de las brujas” hogei hizkuntzatara itzuli da. Helduentzako idatzi du ere: “Sin invierno” (1999), mota honetako lehenengo eleberria izan zen. Bi urte beranduago, TV3 telebistarentzako hasi zen lanean telesail gidoilari bezala.
2011ko Haur eta Gazte Literatur Sari Nazionaleko Epaimahaia, Rosario Álvarez, Itziar Zubizarreta, Lidia Pons, Ramón Nicolás, Gemma Lluch, Antonio Hernández, Amaya Corral eta Gracia Iglesiasek osatu dute, 2009 eta 2010eko Alfredo Gómez Cerdá eta Eliacer Cansino Macías irabazleekin batera.
● Teresa López, COPA Emakume Komitearen lehendakari berria.
Fademur, Landatar Munduko Emakumeen Elkarteen Federazioaren lehendakaria den Teresa López, COPA, Nekazaritza-elkarte profesionaletako emakume komitearen lehendakari hautatua izan da herri ezberdinetako ordezkariekin Bruselan burututako asanbladan.
Teresa Lópezek, Espainian duela gutxi onartu den Nekazaritza-ustiategien titulartasun partekatuaren legeaz aritu da, nekazaritza arloko familia ustiapenetan emakumeek egiten duten lanari ikusgarritasuna eta esker ona emateko adibide moduan. Hemendik aurrera, Europar Batasuneko emakume nekazari eta ganaduzaleenganako esker ona sustatzea izango du erronka , besteak beste.
● Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea y María Dolores Guillén, UPV/EHUko ikertzaileek, Sigma-Aldrich saria jaso dute
UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Elikagaien Teknologia Arloko “Elikagaien Prozesatzea, Kalitatea eta Segurtasuna” (Procayseal) ikerketa-taldekoak diren Patricia Sancho-Uriarte, Encarnación Goicoechea eta Mª Dolores Guillén ikertzaileek saria jaso zuten Kimika Analitikoko Espainiako Elkarteak (SEQA) antolatutako Analisi Instrumentaleko 13. Jardunaldietan. Jardunaldi horiek Bartzelonan egin ziren 2011ko azaroaren 14tik 16ra. 2011ko apirilean Journal of Food Science and Agriculture aldizkarian argitaratu zen “Volatile components of several virgin and refined oils differing in their botanical origin" izeneko euren lana saritua izan zen, olio jangarrien gaineko ezagutzari eginiko ekarpenagatik, horien osagai hegazkorrak aztertuta Fase Solidoko Mikroerauzketaren (SPME) bidez, eta jarraian Gasen Kromatografia/Masen Espektrometria (GC/MS) eginda. Lan horrek frogatu du olio baten osagai hegazkorren artean, aroma eta neurri handi batean zaporea eragiten dituzten konposatuez gain, jatorri botanikoaren markatzaileak, olioari edo horren jatorria diren haziei egin zaizkien prozesuen markatzaileak eta oxidazio- edo narriadura-mailaren markatzaileak daudela; azken finean, agerian utzi dute olioaren osagai hegazkorrek balio handiko informazioa ematen dutela olio jangarrien kalitateari eta segurtasunari buruz. UPV/EHUko Procayseal ikerketa-taldea 90. hamarkadako erdialdetik ari da lanean animalia- eta landare-jatorria daukaten koipe eta olio jangarrien osaera, oxidazio-egonkortasuna eta prozesatze-baldintza ezberdinen pean daukaten portaera aztertzen. Horretarako, espektroskopia-tekniketan oinarritutako metodologia espezifikoak garatu ditu. Gaur egun, metodologia horiek nazioarteko beste ikerketa-talde batzuek ere erabiltzen dituzte oso eremu ezberdinetan (giza ehunak, biofuel-oila...). Talde horren ikerketek agerian utzi dute olio batzuen prozesatze termikoan aldehido oxigenatuak alfa, beta-insaturatuak sortzen direla, hala nola, 4-hidroxi-2-nonenala. Olio degradatu batzuetan dauden konposatu horiek genotoxikoak eta zitotoxikoak dira, eta, gaur egun, endekapenezko gaixotasunak (hala nola minbizia, Alzheimerra, Parkinsona, etab.) sor ditzaketen eragiletzat hartzen dira.
● Ana Carrasco, Beatriz Orcajo Miren Artaraz, Amaia Ríos eta Blanka Gómez de Segura Arabako Profesional eta Enpresari Emakumeen Elkarteak saritu ditu
AMPEAk, Arabako Profesional eta Enpresari Emakumeen Elkarteak, XI edizioko saridunak izateko Beatriz Orcajo, Ana Carrasco, Miren Artaraz, Amaia Rios eta Blanka Gomez de Segura aukeratu ditu.
Ana Carrasco biologoak 2011n jaso zuen saria. Arabako patata ereintza aeropponikoaren arduraduna da. Teknika horri esker, patatak zoruan landuta egon beharrean, airean hazten dira eta ekoizpena handiago lortzen da eta gainera gaixotasun kopuruak behera egiten du. Carrascorekin batera Eva López de Arroyabe abelduna eta Pilar García Merino argazkilari hautagaiak izan dira.
Beatriz Orcajok Juber klinikako podologia espezialistak emakumezko enpresaria kategoriako sari lortu zuen. Sari horretarako beste hautagai hauek izan ziren: Pitimini haurren moda dendako Miren Nekane González eta Iturgintza lanetako Incafrisako enpresako Monica del Campo.
Miren Artarazek, Arabako Campuseko Enpresa Ikasketako zuzendariak, emakume zuzendarien saria lortu zuen. Kategoria horretako beste hautagaiak Elena Zudaire kazetaria eta Esperanza Gómez dela Iglesia, agente komertzialen kolegioko presidentea izan ziren . Artarazek idatziriko tesian Gasteizko hondakinen kudeaketa jasangarria ikertu zuen. Horretarako administrazio, enpresen eta hiritarren inplikazioa nahitaezkoa dela deritzo. Hondakin gutxiago sortzeko beharra eta hondakinen kudeaketa zuzenago baten premia dagoela dio bere ikerketako ondoriorik nabarmenak.
Biziera enpresako Amaia Ríos diseinatzaileak enpresa gaztearen kategoriako saria jaso zuen. Enpresa bereko María Cle diseinatzailea ere hautagaia izan zen kategoria berean. Biziera ingurumen zerbitzuak eskaintzen ditu, betiere, naturarekiko gizartearen konpromiso handiago lortze aldera.
Blanka Gómez de Segura eskulangileak ibilbide profesionalari ematen dioten saria jaso du. Elosu herriko Ollerias auzoan bustigintza lantzen du. Bertan ikasi zuen azken buztingileak irakatsita eta bertan ireki du “Ollerias Euskal Bustingintza Museoa”.
● Mariasun Landa, IV Dabilen Elea saria
Mariasun Landak (Errenteria, 1949) Dabilen Elea saria jaso du idazle moduan eginiko ibilbide emankorragatik. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE); Euskal Idazleen Elkarteak (EIE); Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP); Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE); eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak dira sari honen sortzaileak. Euskal Literaturaren Gaua ekitaldian eman zioten saria Landari, Victoria Eugeniako Klubean joan den azaroaren 10ean.
Antolatzaileek “irakurzaletasuna sustatzen egindako lanaren garrantzia” eta “gazte eta haur literaturari eginiko ekarpen berria” goraipatu dituzte eta baita ere hizkuntz askotara itzulpenak dituela gogoratu dute.
Filosofia eta Letrak lizentziaturaduna da Landa eta haur hezkuntzako eta Irakasleen euskalduntzerako erakundeko (IRALE) irakaslea izan da hainbat urtetan. Egun, EHUko Irakasleen Eskolan Literaturaren Didaktika irakasten du irakasle titular moduan. Literatura “bidaiak egiteko modurik onenetako bat” dela dio eta harekiko sentitzen zuen grinak haurrentzat idaztera bultzatu zuela. Zerbait berria egin nahi zuen eta ez “lorez eta txoriz beteriko literatura”. Erritmo narratiboa eta lengoaiaren gardentasuna bere obsesioa direla aitortzen du. Horrekin batera sentimenduetan sakontzea gustukoa duela dio. Emakumezko pertsonaiak sortzeko garaian gogo bizia jartzen du, ondo gorpuztuak nahi baititu eta ez izaera lauakoak. Umorea bere autodefentsa handiena dela dio, agurrak ez zaizkiola gustatzen eta eten puntuak, berriz, gogokoak dituela. Landaren liburuak honako hizkuntzetara itzuli izan dira: katalanera, galegoa, gaztelania, ingelesa, frantsesa, bretoiera, eta albaniera.
“Amets uhinak” eta “Kaskarintxo”, 1982 urtean, haren lehenbiziko idazlanak argitaratu zuenetik sari asko jaso ditu Errenteriako idazleak. Esaterako, Haur Literaturarako Lizardi Saria Txan Fantasmagatik eta Euskadi Saria Haur eta Gazte Literaturan Alex idazlanagatik. 2003an Espainiako Haur eta gazte Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen “Krokodilo ohe azpian” ipuinagatik. 2004 urtean Bustintza Saria eman zion Euskal Editoreen elkarteak. Zientzia, Arte eta Letren Jakiunde Akademiako partaidea da. 2007an “Festa aldameneko gelan” eleberri autobiografikoa kaleratu zuen.
● Ana Borderas, 2011ko Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala
Eibarreko Ana Borderas (1962) Kultur Ministerioak ematen duen Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala jaso du aurten. Sariak 20.000 euro ekarriko dizkio kazetari eibartarrari.
Madrileko Complutense Unibertsitatean lizentziatu zen eta orain 13 urte SER irrati kateko “La hora extra” kultur saioko zuzendaria da. Radio Vitorian eman zituen haren ibilbide profesionaleko lehenbiziko pausuak; geroago, 1985an Onda Madriden hasi zen lanean. Bertan programen arduradun moduan aritu eta lau urtetan zinema sarien antolakuntza eta aurkezpenaz arduratu zen.
Saria eskertu zuen Borderasek, Madriletik kanpo lan egiten duten lankideak bereziki, gogora ekarri zituen.
Kazetaritza Kulturaleko Sari Nazionala Kultur Ministerioak sortu zuen kultur arloan aritzen diren kazetarien lanak edota sormen esparruko partaidetzak goraipatzeko.
Eusko Jaurlaritzak Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan diharduen Aminetu Haidar-i emango dio 2011ko René Cassin Saria
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak ematen duen Giza Eskubideen René Cassin saria Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan ari den Aminetu Haidarrek eskuratuko du 2011ko edizioan.
Ekintzaile honen ospea mundu osora iristen da. Inork non zegoen jakin gabe, espetxeratuta egon zen 1987tik 1991ra, eta 2005ean zauri larriak egin zizkioten manifestazio batean. Ospitalean sendatzen ari zela, atxilotu, espetxera eraman eta han eduki zuten hainbat hilabetez; han zegoela, gose-greba egin eta oso makaldu zitzaion osasuna. Giza eskubideen Sajarov saria jasotzeko hautagai izan zen, eta kondena betetzen ari zela Juan Maria Bandres saria eman zioten, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko Errefuxiatuekiko Elkartasunaren eta Asilo Eskubidearen Defentsaren saria, alegia.
Orain dela gutxi, Solidar GKEen nazioarteko aliantzaren Silver Rose saria eman diote, gizabanakoen askatasun eta duintasunaren alde egin duen lanagatik. 2009ko azaroan, New Yorken Train fundazioaren Kuraia Zibilaren 2009ko saria jaso ondoren bere herrira bueltan zihoala, polizia- eta segurtasun-indar marokoarrek berriz atxilotu zuten, oraingo honetan El Aaiun-eko aireportuan, Mendebaldeko Saharako lurralde ez autonomoan. Gero, El Aaiunetik kanporatu zuten eta beste gose-greba bat egin zuen Lanzaroteko aireportuko terminalean bertan.
Epaimahaiak, azpimarratu du Aminetu Haidarren defentsa-lana zailagoa eta arriskutsuagoa dela saharar emakumeentzat, izan ere bizimodu tradizionalari jarraipena emateko funtsezko eginkizuna dutenez, haien giza eskubideen aurka gehiegikeria handiak egin izan eta egiten baitira.
● Buthania Kamel lehenbiziko emakumea presidentziarako lehian
Telebistako aurkezlea da eta orain Egiptoko presidentziarako hautagaia. Azaroaren 28an burutuko dira Hosni Mubaraken erregimena bukatu ondorengo lehenbiziko hauteskunde parlamentarioak. Presidentziarako hauteskundeak, aldiz, oraindik data gabe daude.
Ibilbide profesionala irratian hasi zuen eta 90 hamarkadan telebistako esatari gisa lan ekiteari egin zion. 2005ean, konstituzioaren erreformei buruzko erreferendum eztabaidatsu ondoren politikan hasi zen. Mubaraken kontrako Kefaya mugimendu demokratikoko eragile sutsua bihurtuko zen handik gutxira. Tahrireko plazako protestetan, Mubaraken aurkako iraultzakoetan hain zuzen, parte hartu zuen. Autoritate militarrek hiru aldiz itaundu dute, azken aldian Kontseilu Nagusia argi eta garbi zalantzan jartzeagatik. Ez du izena eman iraultza ondoren sortu ziren inongo alderdi liberaletan, bere kabuz aurkeztu nahiago du. Haren plataformak “ boto emateko eskubidea ez duten egiptiarrak” defendatuko ditu. Emakumeengatik soilik ez dela aurkezten esan du, baztertutako populazio guztia defendatuko duela dio. Programa politikoak bi gai ditu nagusi: ustelkeria eta langabezia.
Nahiz eta konstituzioak aurkezteko eskubidea errekonozitzen dion, populazio gehiena musulmana izatea oztopo nagusi izango du. Gehiengoak ez du emakumezko presidentea onartzen. Alderdi politiko batzuek, eta bereziki Anai Musulmanek, ideia horren kontra azaldu dira.
● Almudena Grandes XIX Sor Juana Inés de la Cruz Saria
Idazle madrildarrak Sor Juana Inés de la Cruz XIX Saria irabazi du “Inés y la alegría” eleberriagatik. Testuak emakumeen subertsioa du gaia eta “bertute literario asko” ditu epaimahaikideen ustez. Azaroaren 30ean Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan eskuratuko du Almudena Grandesek 1993an Nikaraguako Milagros Palma mundu hispanoko emakume idazleen lana errekonozitzeko asmoz abian jarri zuen saria. 10.000 dolar ekarriko dio “ofizio handiko” idazle honi epaimahaiaren erabakiak idazle madrildarrari. Yolanda Arroyo, Ignacio Padilla eta Malena Mijares epaimahaikideek “perfekzio narratiboa” aipatu zuten erabakia ezagutzera eman zutenean. Gainera, “Inés y la alegría” nobelak subertsio kulturan emakumearen ahalegina islatzen du giza borrokaren ispilu moduan eta erbesteratzearen merituak mespretxu eta aurreiritzien ondoan ezartzen ditu.
● L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa eskuratu dute Espainiako bost ikerlarik
Arantxa Fraile Rodríguez, María Ángeles Laguna Marco, Cristina Carnal Barnils, Rebeca Hernández Velasco, eta Isabel Pastoriza Santos garaile suertatu dira L´Oréal-Unesco Ikerketa Poltsa Seigarren edizioan .
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak “Zientzian Emakumeen alde” sariketarako 100 hautagai artean aukeratu zituen Materiaren Zientzietan eginiko ikerketengatik. Aipamen horri esker euren lana garatzeko aukera izango dute Espainiako zenbait laborategitan eta 15.000 euroko diru laguntza jasoko dute. Diru horrekin prestakuntza eta ikerketa materiala erosteaz gain, haien bizitza laborala eta familiarra kontziliatzeko eskumena izango dute.
Arantxa Fraile Radríguez (1973) nanoeskalaren propietate magnetikoen kontrola ikasiko du. Mikroskopian oinarrizko ikerketa da haren lanaren ardatza, ikusezina ikasgarria bihurtzeko. Emaitzek eragina izan lezakete sentsore eta ordenagailuetan baina baita ere minbizia bezalako gaixotasunen tratamenduan. Tumoreak erradiazio bitartez osatu beharrean tokian tokiko beroaz erabiliz senda litezke.
María Ángeles Lagunak (1979) espintronika eta gailu optoelectronikoentzat material berrien ikerkuntzan dihardu. Haren lanak ordenagailuen erregistro magnetikoen sistemen memoria handitzea ekarriko luke eta horixe da hain zuzen ere epaimahaiak nabarmendu nahi zuen garrantzi teknologikoa.
Cristina Canal Barnils (1977) ehun oinarriko biomaterialak ikertzen ditu. Material horiek , era kontrolatuan botikak askatzeko propietateak dituzte eta hainbat patologia eta aplikazio biomedikotan erabilgarriak izan daitezke. Ehun horiek, gorputzak xurga ditzakeen antibiotikoak mailaka askatzeko gai dira. Inplante eta hernietan erabilgarriak izateaz gain, gaur egunean zainetan botikak sartzen dituzten txertoen ordez erabil daitezke.
Isabel Pastoriza Santos (1974) urre, zilar, eta kobrearen nanopartikulak ikertzen ditu. Partikula horiek kontrolpean batzen direnean osasunerako zein ingurumenerako kaltegarriak diren molekulak detektatzeko gauza dira.
Rebeca Hernández (Salamanca, 1977) Medikuntza arloan erabiliko diren Birsortzerako ehunak,bereziki, kirurgia ekiditen duten materiak txertagarriak ikertzen ditu. Materialak nanometrikoak dira eta elkarretaratzen dira egitura tridimentsionalak sortzeko. Egitura horietan zelula hazi eta txertatuko lirateke kirurgia erabili ordez.
● Barbara Celis Kultur Kazetaritzarako Paco Rabal Saria
Barbara Celis kazetari freelance-ak Kultur Kazetaritzarako Paco Rabal Sariaren bosgarren edizioa irabazi du. 2007tik aurrera AISGE Fundazioak zinema, antzerkia, telebista eta dantzaren inguruko kazetaritza lanak sustatu nahi izan du Paco Rabal Sariaren bitartez. Blogako La otra cara del Oscar y el glamour: party crashers eta Crónicas bárbaras artikuluengatik irabazi du 6000 euroko saria. Artikuluek Hollywoodeko festetan parte hartzeko eta famatuekin egoteko jendearen trikimailuak deskribatzen dituzte. Irabazleak diruaz gain estatuatxo bat jasotzen du.
Kazetaria New Yorken bizi da. Hiri amerikarretik El País, La Voz de Galicia, Vogue, Cinemanía, Rolling Stone, El Correo, Viajar, Gantleman, La Repubblica, Europa Press, Telemadrid, TVE eta TVGrako lan egiten du. 2009an USC Annenberg/Getty Arts Journalism Fellowship lortu zuen. Getty Fundazioak eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateak ematen dute kulturari buruz idazten duten sei kazetariri. Gainera, 2010ean Valladolideko Semincin “Surviving Amina” estrenatu zuen. Filmak leuzemiak jota alaba baten heriotza eta gurasoengan izaten duen eragina islatzen ditu.
● Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern honoris causa doktore izendatuko du
Euskal Herriko Unibertsitateak Marilyn Strathern honoris causa doktore izendatuko du. Strathern Gizarte- eta kultura-antropologiako pertsona ezagunenetakoa da mundu osoan eta antropologia feministan aditu nagusietako bat da. Teresa del Valle UPV/EHUko Giza Antropologiako katedraduna emeritua doktoregaiaren amabitxia izango da.
Marilyn Strathern (sortzez, Ann Marilyn Evans) Gales iparraldean jaio zen (Erresuma Batua), 1941. urtean. Cambridgeko unibertsitatean egin zituen gizarte-antropologiako gradua, masterra eta doktoregoa. Edmund Leach, Meyer Fortes eta pareko antropologo entzutetsuekin jardun zuen lanean. Irakasle bisitaria izan zen Canberrako (Australia) Australian National Universityn eta Berkeleyko University of Californian. 1985etik 1993ra bitarte, gizarte-antropologiako irakaslea izan zen Manchesterko Unibertsitatean, eta gerora, Cambridgekoan. Gainera, Mistress of Girton College izan da, 1998. urteaz gero. 1994tik 2008ra, Cambridgeko Unibertsitateko William Wyse Professor of Social Anthropology izan zen, eta hantxe erretiratu zen 2009an.
Gizarte- eta kultura-antropologiako pertsona ezagunenetakoa da mundu osoan. Azpimarratzekoa da genero-ikerlanei eta antropologia feministari begira egindako lana, eta baita Melanesiari zein Ozeano Bareari buruz egindako ekarpen teoriko eta etnografikoa ere. Manchesterreko Unibertsitatean eta batez ere Cambridgekoan (2004ra arte) izan zen bitartean, eta irakasle gonbidatu moduan Estatu Batuetan, Australian eta Europan egindako egonaldietan, antropologo gazteen belaunaldi baten aholkularia izan da; eta gazte horiek, gerora, Ozeano Barean eta beste toki batzuetan egin dute euren lana.
Royal Anthropological Institutek Rivers Memorial Medala eman zion. 1987an, Fellow of The British Academy aukeratu zuten. 2001ean, bestalde, Daughter of the British Empire saria eman zioten. Berriki eskuratu dituen sarien artean, berriz, Viking Fund Medal of the Wenner- Gren Foundation for Anthropological Research dugu, 2003koa. Azkenik, Association for Social Anthropology in Oceania elkarteak (ASAO) Honorary Fellow izendatu du.
Bere ibilbide osoan, hamarka artikulu argitaratu ditu, eta baita liburu ugari ere. Honako hauek dira nabarmentzeko modukoak: Women in Between (1972), Self-decoration in Mount Hagen (1971, Andrew Strathernekin), Dealing with Inequality (arg. 1987), The Gender of the Gift (1988), Big Men and Great Men: Personifications of Power in Melanesia (1991, Maurice Godelier koeditorearekin), Partial Connections (1991, ASAOren Argitalpen Berezia, 3. zk.), Property, Substance and Effect (1999), Transactions and Creations (Eric Hirschekin), eta Kinship, law and the unexpected: Relatives are often a surprise (2005).
● Miren Agur Meabe, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria
Miren Agur Meabe idazle bizkaitarrak (Lekeito, 1962) Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eskuratu du “Errepidea”lanagatik. Bigarrenez jaso du saria modalitate honetan. Aurreko aldia 2002an izan zen “Itsaslabarreko etxea” obragatik.
Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi zituen. Bilboko ikastiola batean irakasle jardun zuen zenbait ikasturtetan baina 1990tik argitaletxe batean eta idazle moduan aritzen da.
1986an “Uneka...Gaba” argitaratu zuen eta lau urte beranduago “Oi, hondarrezko emakumea”. 1997An “Ohar orokorrak” olerki bildumagatik Imagínate Euskadi Saria jaso zuen . Lan horren zenbait olerkik hurrengo liburuaren oinarria izan ziren, hots, “Azalaren kodea” (2000). Liburuak 2001ko Kritika Saria jaso zuen.
“Bisita”, “Joanes eta Bioletaren bihotza”, “Etxe bitan bizi naiz”, “Nola zuzendu andereño gaizko bat” eta “Amal” liburuak nabarmentzen dira idazlearen haur eta gazteentzat idatzitako literaturan.
• Josefina Triguero 2011ko Manuel de Irujo Saria
Orain dela 33 urte Espainiako lehendabiziko emakumezko epailea izan zen Josefina Triguerori (Madril, 1946) ematea erabaki du 2011ko Manuel de Irujo sariaren epaimahaiak. Bere jurisdikzio-jardunbidea guztiz bat datorrelako epaileek izan beharreko lanbide-dohainekin eta Espainian karrera judiziala egiten lehenengo emakumea izatea bere garaian ohiz kanpokoa izan zelako erabaki du epaimahaiak saria berari ematea. Triguero 1977ko abenduan ekin zion karrera judizialari, eta Justiziaren balioak bultzatu eta Zuzenbidea sustatu eta garatzeko bide berri bat ireki zuen. Gaur egun Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salan dihardu.
Josefina Triguero Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean. 1977an karrera judizialari ekin zion, eta 1978ko urtarrilean hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, epaile-lanetan, Navalmoral de la Matan (Cáceres). HHan jardun ondoren, Donostia, Bartzelona eta Madrilgo epaitegietan jarraitu zuen lanean.
Triguerok epaietan teknika juridiko jasoa erakusten duela eta lan-arloko jurisdikzioko lan-gatazkak konpontzeko ahalegin handiak egiten dituela azpimarratzen dute bere lankideek. Bere ibilbideak erakusten du karrera judizialaren feminizazioaren sustatzaile nagusia dela (1966 arte karrera judiziala emakumeentzat debekatuta egon zen Espainian).
Manuel de Irujo Sariaren bidez, publikoki goraipatu nahi da jardunbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoan eredugarri diren eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonen eta taldeen jarduera. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak urtero ematen duen saria da eta Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren lan batez, aintzatespen publikoa egiteko ekitaldi batez eta 15.540 euroko diru-kopuruaz osatuta dago.
• Aizpea Goenaga, zinemagile lez Simone Beauvoir saria
Aizpea Goenaga (Donostia) aktore, gidoi egile, zinema zuzendaria eta Etxepare Institutuko zuzendaria aurtengo Simone Beauvoir saria dugu zineman egindako lanengatik. Goenagak magisteritza ikasi zuen Cristina Rota eta Dina Rothen irakasleekin interpretazio ikasketak hasi baino lehen. Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatiko diplomatua, New Yorken dramaturgia eta interpretazioa ikasi zuen ere H.B. Studio, Ernie Martin Studio eta New School University-n . Ibilbide profesionala oparoa izan du eta aktorea izateaz gain, idazlea, gidoi egile eta zuzendaria da bai oholtza gainean bai zinema eta telebistarako. “ Sukaldeko kontuak” filmatu zuen 2009an. Lan hori izan zen haren lehenbiziko film luzea gidoi egile eta zuzendari moduan. Aktore gisan filma askotan parte hartu du, esaterako: Javier Aguirrek zuzenduriko “El polizón de Ulises” (1987); Ana Diezen “Ander eta Yul”, (Goya Saria ) 1989an ; José Antonio Zorrillaren “El invierno en Lisboa” 1990ean; José María Tuduriren “Santa Cruz, el cura guerrillero” 1990ean. Interpretazio horrekin Paco Rabal-Actriz Revelación Saria jaso zuen Murtziako Zinema Jaialdian; “La gente de la Universal”, Felipe Aljurek zuzendua (1991); “Pecata Minuta” Ramón Bareak zuzendua (1999); “Carretera y manta” Alfonso Arandiarena (1999); “Yoyes”, Helena Tabernak zuzendua (2000); “El final de la noche” Patxi Barcorena (2003); “Obaba” Montxo Armendárizek zuzendua (2005) eta “La casa de mi padre” Gorka Mentxakak zuzendua.
Antzerkirako “Zu (t) Gabe” / ”Sin ti” idatzi du, 1995 Donostia Hiria Antzerki saria jaso zuena 1995ean eta urte berean Txalok estreinatu zuena. “Agur betiko”/”Adiós para siempre”, Serantes Antzerkio Saria 2001ean, “Ongi Ibili”/”Buen viaje”, estrenada en 2005ean estreinatutakoa; “Euskararen 7 Bekatu Nagusiak”/”Los siete pecados capitales del euskara”urte berean oholtzara eraman zena; “Joetuta”, 2004ko Cafe Bilbao Anzerki Laburraren Saria ; “Sancha”, BBK-Euskaltzaindia Saraia 2005ean ; “Ama quiero ser lehendakari” 2007 estrenatu zena; “Ezker Eskubi” eta “Kaia” umeentzako antzerki lanez Iruñeko Antzerki Eskolak eta Udalak ematen dute antzerki saria jaso zuen 2008an. “Arrainontzia/ La pecera” genero indarkeriaren metafora Max antzerki sarietan finalista izan zen 2010ean. Urte horretan ere beste bost idazlerekin batera “Las mujeres invisibles” idatzi zuen, Max sarietan Errebelazio sarietarako aipatua izan zena.
• Ellen Johnson Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tawakkul Karman 2011ko Bakearen Nobel Saridunak
Aurtengo Bakearen Nobel Saria hiru emakumeentzat izan da. Hirurek emakumeen ziurtasunaren aldeko borroka bakezalea eta bake prozesuetan emakumeek parte hartzeko eskubideen alde lan egin dute. Abenduaren 10ean Oslon ospatuko den ekitaldian banatuko diete 1’1 miloi euroko saria. Hauek dira aurtengo sarituak: Ellen Johnson Sirleaf Liberiako Gobernuko presidentea, Liberiako Leymah Gbouee eskubideen aldeko ekintzailea eta Tawakkul Karman Yemeneko lider politikoa.
Ellen Jonson Sirleaf (Monrovia, 1938) presidente izateko demokratikoki aukeratutako lehen emakume afrikarra da. Gizadiaren kontrako krimen egiteagatik epaitzen ari diren Charles Taylor Liberiako aurreko presidentea kargutik kentzeko lagundu eta herrialdearen guda zibila amaitzea lortu zuen. George Weah futbolista ohiaren hautagaitza garaituta 2005ko hauteskundeak irabazi zituen eta botera iritsi izen. Ekonomialaria eta Harvardeko Universtitateko Masterra da . Citibank eta HSBC bezalako erakunde pribatuetan eta publikoetan - Munduko Bankua eta NBE- lan egin du. Mundu zabalean duen izen handia gai hauen defentsak ekarri dio: zorren kentzearen aldeko borroka, doaneko lehen hezkuntza unibertsalaren aldeko aldarrikapena, prentsa askatasunerako legea eta Egia eta Errekontziliatzeko Batzordearen ezarpena.
Leymah Gbouee Monroviako gizarte langileak Charles Taylor presidentea bere postutik kentzeko borrokatu zuen. Haren sei seme-alaben laguntzaz merkatu batean antolaturiko eseraldiak “Women of Liberia Mass Action for Peace” mugimenduari hasiera eman zion. Indarkeria amaituko zirenak amak izango zirela ustekoa zenez sexu greba bat iradoki zien emakumeei, ekintza horren bitartez gizonek gerra arbuiatzea espero zuelarik.
2005n sortu zen Emakume Kazetariak izeneko taldeko buruzagia da Tawakkul Karman yemeniarra. Nobel Sarirako epaimahaiak “udaberri arabiarra” eta iraultza horretako emakumeen partaidetzari garrantzia eman nahi izan dio. Administraritzan lizentziaturik eta oposizioko Al-Islah alderdikidea da. Saná unibertsitatearen parean orain zortzi hilabete bizi den kanpin dendan eman zioten sariaren berri. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaben ama da. Islamiar erradikalek gogorki kritikatzen diote niqab (aurpegi osoko estaldura) ez duelako erabiltzen. Herriak lortu du haren liberazioa atxilotu duten hiru aldietan. 2006tik idatziriko artikuluetan Yemeneko iraultza iragartzen zuen. Egun oposizioak argitarazten ditu.
Nobel Sarirako Batzordeko Presidenteak, emakume sarituen izenak ezagutzera eman ondoren “ ezin dugu ez demokrazia ez bake iraunkorra lortu “ emakumeek gizarteko maila guztietan garatzeko aukera berdinak izaten ez dituzten bitartean ezin zango dugu ez demokrazia ez eta bake iraunkorra lortu munduan” , esan zuen. .
● Amale Arzelus II Antzerkizale Saria
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak Amale Arzelus antzerkizale eta euskaltzale donostiarra omendu du II. Antzerkizale Egunean, urriaren 8an, Mungian. Antzerkiaren arloan egindako lanagatik jasoko du Antzerki Saria Arzelusek. Amale (Donostia, 1924) “pozik eta pixka bat lotsaturik” saria jaso zuenean, aita izan zuen gogoan, hari zor baitio “naizen guztia.” Donostiarrak euskal kulturaren aldeko lan handia egin du haren bizitzan zehar. Zortzi urte zituela aitak idatzi zion Neskamearen marmarrak bakarrizketaz hasi zen oholtzara igotzen. Gerra ondorengo erbesteratzetik sorterrira itzuli zenean, Elbira Zipitriarekin batera, nork bere etxean euskarazko eskolak irakasten, ikastolen mugimenduari hasiera eman zuen. Hizlaria umeetatik, irratiko esataria, hainbat aldizkari eta Euskaldunon Egunkariaren kolaboratzailea izan da urteetan zehar. Gaur egun Euskerazaintza elkartearen kidea da.
● Wangari Maathai, “ Emakume arbola” zendu da
Wangari Maathairen heriotzak dolua ekarri die feminista, ekologista eta giza eskubideen aldeko mugimenduei. Minbiziak jota zendu da ingurumenarekin hain konpromiso handia azaldu zuen emakume ekologista. Ahulenekin konprometiturik haren adibide ederra sustraiturik geratuko da Afrikan eta mundu bakezale eta osasuntsuaren alde lana egiten dutenen baitan.
Lurren higaduraren kontrako kanpaina abian jarri zuen Kenyan 47 miloi arbola landatzeko. Horregatik “ Emakume arbola” gaitzizenaz ezagutzen zen mundu zabalean. Nobel saria lortzen zuen lehenbiziko emakume afrikarra izan zen 2004an. Garapen jasangarriaren bitartez demokrazia eta bakeari ematen zion sostengua saritu nahi izan zioten eta baita emakumeen gizarteratzen alde egiten zituen ahaleginak. Wangari Maathaik garapen jasangarria eta giza eskubideak batzea lortu zuen.
Egun, Mwai Kibaki presidentearen gobernuko ministroa zen Ingurunea eta Baliabide Naturaletarako Ministerioan. Diputatua izateaz gai, 2005ean UAko (Afrikako Batasuna) Batzorde ekonomiko eta Kulturaleko presidente izan zen.
Wangari Maathaik dirulaguntza bati esker ikasi zuen Estatu Batuetan Biologia. Herrialde horretan katedra lortzen zuen lehenbiziko emakume afrikarretako bat izan genuen baina, sustraiak ahaztu ez, eta Kenya independentera itzuli zen ikasitakoa erakusteko asmoz. Aktibista izaki, unibertsitateko emakumeen taldeekin eta nekazariekin kontaktuak izan eta 1977 Gerriko Berdea Mugimendua (GBM ingelesezko sigletan) sortu zuten. Emakumeak haziak kudeatu eta landatzen hasi ziren. Hasiera batean sail txikietan, gero landa publikoetan GBMren laguntzaz. Nobel jaso zuenerako 3000 haztegi zituzten eta 35.000 emakumek lan egiten zuten bertan.
71 urte zituela zendu da Nairobiko ospitale batean minbiziaren kontra luze borrokatu ondoren. Hiru seme-alabaren ama eta biloba baten amona zen.
● Ikerketa sarian irabazitako 25.000 euroak dirulaguntzarako eman ditu Consuelo Guerrik
Valentziako Príncipe Felipeko ikerlaria den Consuelo Berryk Alemaniako Manfred Lautenschlagerren The Manfred Lautenschlager Award saria jaso du . Sariketaren 25.000 euroak Valentziako erakundearen dirulaguntzetarako eman ditu osorik. Ikerlariak urteak eman ditu emakume haurdunengan alkoholaren kontsumoaren eraginak ikertzen. Gai hori da hain zuzen saritu diotena.
Consuelo Guerrik zuzentzen duen Patologia Zelularren laborategian etanolen oinarri zelularrak ikertzen dituzte eta baita ere heriotza neuronala, neurodegenerazioa eta Umekien Sindrome Alkoholikoa.
Esperimentuetako animalia adoleszenteetan ikerturiko neurotoxizidadea eta alterazio kognitibo zein jarrerazkoen emaitzak gizarteak kontuan hartu beharrekoak dira: “Alkoholaren aldizkako kantitate handiko kontsumoa ( asteburuetan, esaterako) nerabezaroko neuroplastizitatean eragin izan dezake eta arreta, memoria eta ikasteko arazoak ekar ditzake epe motzean zein luzean. Emaitza horiek garrantzia dute nerabezaroko alkohola kontsumoari aurre egiteko.
● Sara Lovera ohoratua Mexikoko emakumeen eskubideak defendatzeagatik
Sara Lovera kazetari mexikarra eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista ezagunak Emilio Krieger domina jaso zuen joan den irailaren 19an. Ohoregarria Giza Eskubideen defentsarako Abokatu Demokratikoen Elkarte Nazionalak eman dio.
Doble Jornada osagarria, La Jornada egunkaria eta Agencia Comunicación y Organización de la Mujer A. C. (CIMAC) sortu zituen Loverak. Genero ikusmoldea duten Kazetarien Nazioarteko Sarea bultzatu du eta gainera, komunikabideetako aholkularia izateaz gain, genero eta komunikaziori buruz irakaslea da. Hari esker emakumeen egoera sozialez konprometituta dauden kazetarien sarea sortu da Mexikon.
Kazetaritza eta Gizarte Langintzaz gainera, Nekazaritza Komunikazioa eta Estatuari buruzko teoria ikasi zituen.1970an Mexikoko Chapingoko Nekazaritza eskolako lehenbiziko emakumezko ikaslea izan zen. 2005 eta 2006 bitartean Mexikoko diputatuen Ganbaran Feminizidioa ikertzeko ikerketa nazionala koordinatu zuen; kazetari ikerketa sakona burutu zuen ere Coahuilako (Mexiko) ikatz meatzarien babesik gabeko alargunei buruz; Palabra de Antígona izeneko zutabe bat idazten du astero eta zenbait komunikabiderekin kolaboratzen du Mexikon bertan eta kanpoan. Izan ere, Catalunyako La Independent agentziarako lan egiten du.
● María Teresa Fernández de la Vega, Carmen Quintanilla eta Graça Machel saritu dituzte
María Teresa Fernández de la Vegak (Estatuko aholkularia), Carmen Quintanillak (Kongresuko Berdintasunerako Azpibatzordeko presidentea) eta Graça Machelek (giza eskubideen aldeko ekintzaile afrikarra eta Mozanbiqueko Hezkuntza ministro ohia) Genero Indarkeria Erauzteko Lan Nabarmenaren Errekonozimendua jaso dute. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko Indarkerien kontrako Behatokiak ematen duen saria da.
Politikariak dira hirurak. María Teresa Fernández de la Vegaren kasuan, partaidetza politikoaren arloko emakumeekiko izan duen konpromisoa eta gizarte zuzenagoen alde egingo duten etorkizuneko liderren prestakuntzako lana zpimarratu nahi izan ditu Behatokiak. Ezagutza partekatzeko nazioarteko sareen defendatzaile sutsua izaki Afrikako emakumeekin bi topaketa antolatu ditu . Espainiako presidenteordea zenean berdintasunerako politikak eta genero aurkako politikei lehentasuna eman zien gobernuaren agenda publikoan.
Carmen Quintanillaren kasuan Behatokiak nekazaritza esparruko emakumeen rola eta baita horien independentzia eta autonomiaren aldeko borrokaren aldarrikapena azpimarratu nahi izan da. Europako Kontseiluko Gizakien Trafikoaren Kontrako Azpibatzordeko presidenteorde moduan eta Kongresuko Berdintasunerako Batzordetik Europako legeria berrindartzeko eta emakumeen babesa hobetzeko lan egiten du.
Mozanbikeko Graça Machel, giza eskubideen aldeko borrokarako, eta bereziki umeen eta Afrikako emakumeen eta alfabetizazioaren aldeko erreferentea izateagatik saritu zuten. NBko Gatazka Armatuen Eragina Haurtzaroan Ikerketa Batzordeko presidentea izan da. Bizitza osoa eman du afrikarren duintasun eta askatasunaren alde borrokatzen. Emakumeen rola nabarmentzen saiatu da, haren ustez emakumeak izango baitira kontinentea aurrera eramango dutenak.
● Ofelia Rey Castelaok, María Josefa Wonenburger saria jaso du
Ofelia Rey Castelaok, Santiago de Compostelako Historia Garaikideko katedradunak, 2011ko María Josefa Wonenburger saria jaso du. Ohoregarria Galiziako Emakume eta Zientzia Unitateak ematen du. “Castelaoren ekoizpen zientifiko zabala eta ikerketa arlo berriak irekitzeko gaitasuna”, azpimarratu nahi zuen epaimahaiak. Zientzialariaren lanak “ gai ezberdinak jorratzen ditu, historia soziala eta ekonomikoa, historia demografikoa, mentalitateen historia edo kulturarena. Nabarmenak dira emakumeen historian egindako ekarpenak”.
María Josefa Wonenburger saria humanitate arloan ematen duten lehenbiziko aldia da. Aurreko sariak jaso zituztenak saio zientzietako ikerlariak ziren: Inmaculada Paz Andrade (Fisikoa), Teresa Miras Portugal (Farmatzia), María Soledad Soengas (Biologia) eta Carmen Navarro (Medikuntza).
● María Ángeles Durán Heras, doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean.
María Ángeles Durán Heras, Soziologia lehenbiziko emakumezko katedraduna Espainian, doktore “honoris causa” izendatuko dute Valentziako Unibertsitatean. Madrileko Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta ekonomikoetan lizentziaturik; aldi berean zuzenbideko hainbat kurtso batera egin zituen. Doktorego lanaz ‘cum laude’ lortu ondoren, "Institute for Social Research -University of Michigan”en espezializazio ikasketak burutu zituen Fulbright Fundazioaren dirulaguntzaz.
Madrileko Unibertsitate Autonomoaren Emakumeen Ikasketarako Institutuaren sortzailea, Espainiako Soziologia Federazioko presidentea eta International Sociological Association delakoren Executive Committeeko partaidea izan da. Egun, CSICeko (Consejo Superior de Investigaciones Científicas, gaztelerazko sigletan) ikerlari irakaslea da Humanitate eta Zientzia Sozialetan.
Haren ikerketak aitzindariak izan dira gaia hauek jorratuz: soldatarik gabeko lanak, emakumeen egoera soziala, menpekotasuna dutenen emakumezko zaintzaileak eta denboraren erabileraren aldeak. María Ángeles Durán Herasek idatziriko liburuen artean azpimarratzekoak ditugu : “El trabajo de la mujer”, “De puertas adentro”, “Mujeres y hombres en la Teoría Sociológica”, “La ciudad compartida” eta “Los costes invisibles de la enfermedad”. “Diario de batalla” (2003) autobiografiak Fundación para la Educación Pública y Formación Oncológica Continuada (FEFOC) emandako ohoregarria jaso zuen.
Sari asko jaso ditu, bestaek beste: Pascual Madoz Zientzia Juridiko Sozial eta Ekonomikoetan Ikerketa Sari Nazionala; Lanaren Urrezko Domina; Fernando de los Ríos Urbanismo Saria; Protagonistas (komunikabideak ) Saria; Mensajeros de la Paz Saria; edo Extremadurako Urrezko Domina.
Pilar Mateo Munduko Emakume Indigenen Mugimendua aurkeztuko du Gasteizen
Pilar Mateo, valentziarra Zientzia Kimikoetan doktorea eta honoris causa doktorea Anahuac-eko (Mexiko) unibertsitatean, datorren irailaren 21ean Gasteizen izango da. MOMIM (Munduko Emakume Indigenen Mugimendua, gaztelerazko sigletan) aurkezteko.
Izen handiko zientzialaria da baina ez da hori bere jardunik ezagunena. Bere ekimen humanitarioak, lurralde desberdinetara eraman duena beti behartsuenen aldeko lanean, nazioarteko esker ona balio izan dio. Bereziki azpiragarria da Boliviako Chaco eremuan egindako lana, Chagas-eko gaitzaren kontra eta emakume guaranien bizi baldintzak hobetzearen alde.
Charo González Casasen “El vampiro de los pobres: La increíble historia de la lucha de Pilar Mateo contra el mal de Chagas” liburuak jasotzen du Pilar Mateok aipatu gaixotasunaren kontra izan duen borroka. Liburuaren salmenten etekinak Boliviako Guarani herriarentzat izango dira.
Sari askoren artean, osasun eta ingurugiro UNICEF saria, teknologia berrien Europa saria, Espainiako Emakume Aurrerakoien Elkarteak ematen duen Bétera en Lilà saria… jaso ditu. Halaber, nazioarteko kooperazioko Príncipe de Asturias sariko finalista izan da 2009 eta 2010 urteetan.
Guarani herrien ohorezko enbaxadorea da, CYCA (Ciencia y Conocimiento en Acción www.fundacioncyca.org) fundazioaren presidentea eta MOMIMeko presidentea. www.pilarmateo.com
Patricia Cornwellek Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA saria irabazi du.
Estatu Batuetako Patricia Cornwell (Miami, 1956) idazleak Eleberri Beltzako Nazioarteko RBA bosgarren saria irabazi du. Polizia generoan ikerketa forensea sartu zuen Kay Scarpetta auzitegiko medikua pertsonaiaren bitartez. Telesaio ugariek inspirazio iturri izan dute gero ekarpen hori.
Cornwell, Patrick Welsh izengoitiaz, Red rain izeneko lanarekin aurkeztu zen sarira. Lehenbiziko pertsonaz kontaturik, aurreko eleberrietako zenbait pertsonaia erabili ditu egileak. Scarpetta doktorea Lege eta Auzitegi Medikuntzako zuzendaria da Cambridgen (Massachussets) eta defentsa departamenduan laguntza ematen du.
Idazleak Auzitegiko Zientziak eta Medikuntza ikasteaz gain ezbeharren kazetaria izan eta Virginiako Richmondeko gorputegian lan egin zuen. Saritutako eleberria Gabonetan argitaratuko dute ingelesez.
Hasiera
Montse Velasco Bartzelonako sommelier gaztea Nariz de Oro 2011 saria
Montse Velasco beste 48 sommelierrekin lehian aritu zen 2011ko Nariz de oro saria lortu ahal izateko. Lehiaketan parte hartzen zuen laugarren aldia zen eta azken hiru urte hauetan jarraian, emakumeak izan dira sari ospetsu hau jaso dutenak. Aurretik, Andrea Alonso eta María José Vázquez izan ziren irabazleak.
Montse Velasco ados dago emakumeek usaimena gizonek baino garatuagoa dutela ziurtatzen duten ikerketekin. Honez gain, Velascoren ustez emakumeak lanean oso eraginkorrak eta irmoak dira, eta lehiaketaren azken aldi hauetan hala gertatu da. Lanbide honetan gizonak gehiengoa badira ere, gero eta emakume gehiago dago, enologiaren alorrean eta ardoen munduaren alderdi komertzialetan bezala. Dastatze unean, dio, emakume bat izatea inportantea da, beste kutsuren bat aurki dezakeelako.
Montse Velasco turismo ikasketak egin zituen eta handik ostalaritzan eta sommelier arloan sartu zen. Familiaren negozioan lan egiteak girotu egin zuen eta 2005ean egin zuen sommelierentzako ikastaroa. Dastatzean prestakuntza izateaz gain, sommelier on bat izateko, batek, ahosabai egokia, memoria ona eta sormena izan behar duela uste du, bai eta bezeroei aholkua emateko eta zapore berriak dastatzeko gaitasuna ere.
Hasiera
Natalia Rodríguez, Atletismoko Munduko Txapelketan brontzezko domina
Natalia Rodríguez kataluniarrak 1.500 metrokoan brontzezko domina lortu du Daegun ospaturiko (Hego Korea) Munduko Atletismo Txapelketan. Tarragonan jaioak Berlinen 2009an izan zuen desengainua gainditu egin du. Bertan, urrezko domina kendu zioten pistatik Gelete Burka ateratzeagatik eta brontzezko domina ipini behar izan zioten, Jennifer Barringer-Simpson estatubatuarraren eta Hannah England britainiarraren atzetik.
Natalia Rodríguezen domina Espainiako emakumeen atletismoak irabazi duen hamargarrena da. Natalia Rodriguezek atletismoko zita inportante batean parte hartzen duen laugarren aldia da. 2010ean, Dohako Munduko Txapelketan eta 2009an Turingoko Europarrean zilarrezkoak lortu zituen, biak pista estalian, eta joan den udan Bartzelonako Europako Txapelketan, aire librean, brontzezkoa.
Hasiera
Esther M. Rebato Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko presidente hautatu dute
Esther M. Rebato, Zientzia eta Teknologia Fakultateko (UPV/EHU) Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslea, Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkarteko (SEAF) presidente hautatu dute, ekainean Bartzelonan egindako XIX. Batzar Nagusian.
Esther M. Rebatoren ikerketa ildo nagusiak elikaduraren antropologia, auxologia (giza hazkundea eta garapena) eta giza ekologia dira. Egun garatzen ari den lanen artean “Obesidad en familias de etnia gitana del Gran Bilbao. Aspectos sociales y de género” proiektua dago. Horren haritik, ijito etniako familietan gizentasun fenotipoen zenbait faktore genetiko eta ingurumeneko aztertuko ditu gutxienez hiru urtez. Ikerlan epidemiologikoen esparruan, ikerkuntza lan sakona egin du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren bi sexuetako “unibertsitateko ikasleen elikadura egoerari eta gorputz irudiaren pertzepzioari” buruz.
Esther Rebatok Aleš Hrdlička domina akademiko entzutetsua jaso du, Txekiar Errepublikako Antropologia Elkarteak eta Estatu Batuetan jardun zuen zientzialari horren jaioterri Humpolec hiriak egindako proposamenari jarraiki. “Ikasle txekiarren prestakuntzan laguntzeagatik, irakasle eta ikasleekin truke hitzarmenak ezartzeagatik eta Pragako Charles Unibertsitatearekin arlo zientifikoan elkarlanean aritzeagatik” eman zaio saria.
Antropologia Fisikoaren Espainiako Elkartea (SEAF) irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Horren baitan, askotariko ibilbide profesionaletako zientzialariek -nagusiki, Biologiaren arlokoek, baina baita beste arlo batzuetakoek ere, esate baterako, Medikuntzakoek- Antropologia Fisikoaren arloan egiten dute lan. Elkartearen helburua Biologiaren arlo honetako ikerketa sustatzea eta ezagutza zabaltzea da.
Christine Lagarde, NDFko zuzendari berria
Christine Lagarde, Frantziako Ekonomiako Ministroa, kontsentsuz aukeratu dute Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari berri. Dominique Strauss-Kahn ordeztuko du, honek bere kargua maiatzaren 19an utzi ondoren, New Yorkeko hotel bateko zerbitzari bat bortxatu zuela leporatu ziotenean. Dominique Strauss-Kahnen dimisioa aldarrikatu zutenetik, Lagarde, Agustin Carstens, Mexikoko banku zentraleko gobernatzailearekin lehian sartu zen postua eskuratzeko. Azkenik, izendapen honek Funtsaren buruan europarrek izandako monopolioa iraunarazten du, duela hirurogeita bost urte sortu zenetik, Europako ordezkariek zuzendu dutelako. Gainera, NDFren hamar zuzendarietatik lau frantziarrak izan dira: Pierre-Paul Schweitzer, Jacques de Larosière, Michel Camdessus eta Dominique Strauss-Kahn, erakunde hau 36 urtez zuzendu zutelarik. Christine Lagarde NDFaren buruan izango den lehen emakumea izango da.
Egunkariei egindako aldarrikapenen arabera, politiko frantziarrak enpresen zuzendaritzan eta politikan, ministro gisa, izandako esperientzia guztia ekarriko dio Funtsari eta “jarduera guztietan erakutsi dudan taldeko izpiritu irekiarekin lan egitea” prometatu du. Funtsaren botere egitura egokitzeko ere lan egingo duela esan du, goraka ari diren herrialdeen nabarmena eta aldatzen ari den errealitate ekonomiko globala kontutan hartuz.
Lagarde abokatua da lanbidez. 25 urtez Baker & McKenzie bezalako nazioarteko firmetan aritu zen. Geroago, estatuko zerbitzuan sartu zen, Kanpo Komertzioko Ministro bezala, Jaques Chirac-en administrazioan; Nekazaritza eta Arrantza Ministro bezala Nicolas Sarkozyren gobernuan eta azkenik, Finantza Ministro bezala. G20 eta G7an parte hartu du nabarmenki, krisi ekonomiko berri honetan. 2004an Forbesek munduko emakume boteretsuenen zerrendan sartu zuen.
Josefina Molina, Zinemako Emakume Saria
Josefina Molina zinema zuzendariak jasoko du datorren 8an Madrilgo Arte eta Zinematografia Zientzien Akademian, 2011ko Zinemako Emakume Saria, bere ibilbide profesionala dela eta. Sari hau Emakumearen Institutuaren ekimena da, zinema eremuan emakumeek egindako lana aldarrikatu eta bistaratzeko.
Ekitaldiaren ondoren, “Función de Noche” (1981) filma proiektatuko da, estreinaldiaren 30 urteurrenarekin bat. Lan hau Josefina Molinaren lan aipagarrienetakoa da.
Madrilgo Complutense unibertsitatean Politika Zientziatan lizentziatua, Josefina Molina Espainiako Zinematografiako Eskola Ofizialean zuzendari eta errealizadore titulua lortu zuen lehen emakume espainola izan zen. Cordoban, bere jaioterrian, Medea Saiakera Antzerkia sortu zuen eta bertan zenbait ikuskizun zuzendu. TVEn hainbat programa dramatiko egin zituen, bai eta Franz Kafka, Charles Dickens, Edgar Allan Poe eta Lope de Vega bezalako idazleen egokitzapenak ere.
“La rama seca”, bere lehen laburmetraia, 1972an zuzendu zuen. Geroago “Vera, un cuento cruel” (1973) egin zuen. “El camino” (1977) telebistarako eginiko filma da, Valladolideko Miguel Delibes idazlearen obran oinarritua. Egile honen drama da ere “Función de noche” (1981), Lola Herrera protagonista duelarik. Lan hau antzokietara eta pantailara eraman zuen. Ospe handia eman zion beste lan bat “Teresa de Jesús” (1984) telebista saila izan zen, Concha Velascok antzeztua. Geroago egin zituen “Esquilache” (1988) filma historikoa; “Lo más natural” (1990); “La Lola se va a los puertos” (1993) eta “Entre naranjos” (1997) tele saila, Blasco Ibáñezen nobelan oinarritua.
Gainera, hiru eleberri argitaratu ditu “Cuestión de azar”, “En el umbral de la hoguera” eta “Los papeles de Bécquer”. Arte Ederren urrezko domina jaso du eta CIMAko (zinema eta audiobisualen emakumeen elkartea) ohoreko presidentea da.
Bibiana Aído, NBE Emakumeak erakundearen aholkularia
Bibiana Aído, Berdintasunerako Estatuko Idazkaria, NBE Emakumeak erakundearen aholkulari izendatu dute. Michelle Bachellet, Chileko presidente ohia da Erakunde honen zuzendaria. Kudeaketa eta Administrazioko Arloaren aholkularia izango da, Giovanie Biha, arloko buruaren azpitik. Joan den urritik Aído Estatuko Idazkaritza zuen bere gain, Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunerako Ministerioa beretu zuenetik.
Viviana Aído Cadizekoa da eta 34 urte ditu. 2010eko urriraino Berdintasunerako Ministroa izan zen, Zapatero presidentearen azken Gobernu birmoldaketan Osasun eta Politika Sozialeko Ministerioak Berdintasunarena bere gain hartu eta hiru ataleko Ministerio berriaren buru gisa Leire Pajín izendatu zuten arte. NBE Emakumeak luzatutako iragarkiaren arabera, Bibiana Aídok “Espainiako politikan lan asko egin du berdintasunak eremu guztiak zeharkatzeko, bai eta genero berdintasuna eta generoko ikuspegiarekin lotutako arazoak bistaratzeko, atzerriko foro askotan, hala Europar Batasunean, nola Generoko Indarkeriaren aurkako Europako Behategian, estrategia europarra sustatzeko”.
Hasiera
María Blascok Barbacid ordezkatu du Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren buruan
Ikerketa Onkologikoetarako Zentro Nazionalaren Patronatuak (CNIO gaztelaniazko sigletan) aho batez izendatu du María Blasco erakundearen zuzendari, modu honetan Mariano Barbacid ordezkatuz. Barbacidek dimisioa aurkeztu zuen 2009ko irailean. Blasco erakunde bereko Oinarrizko Ikerketa saileko zuzendari ordea zen.
1965ean Alicanten jaioa, María Blascok bere doktoretza tesia Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan egin zuen eta Margarita Salasek ikuskatu zion lana. Biokimika eta Biologia Molekularrean egin zuen doktoretza eta ondoren New Yorkeko
Cold Spring Harbor Laboratoryn jarraitu zituen ikasketak 1993 eta 1996 bitartean. Urtebete beranduago Espainiara itzuli zen eta CSICeko Bioteknologiako Zentro Nazionaleko Taldearen buru izendatu zuten. 2003an CNIOra itzuli zen Telomero eta Telomerasa Taldeko buru eta Onkologia Molekularreko Programako zuzendari gisa. 2005etik ere Oinarriko Ikerketako zuzendari orde bazen. Kromosomen muturren edo telomeroen ikerketan aditua da. Telomeroek pertsona bakoitzaren informazio genetikoa duten egitura horiek zirpiltzea galerazten dute.
140tik gora artikulu idatzi ditu zientzia munduan ezinbestekotzat hartzen diren aldizkarietan, adibidez, Nature, Cell edo Science. Era berean, sari desberdinak jaso ditu: Santiago Ramón y Cajal Sari Nazionala, Biologia arloan; Jaime I Erregearen Oinarrizko Ikerketaren saria; eta Biologia Molekularreko Europako Erakundearen (EMBO ingelesez) Urrezko Domina.
Hasiera