Esparru instituzional berri baterako arrazoi ekonomikoak


Archivo Word (Agiri osoa) 4910 Kb
Archivo Excel (Estatistika_Eranskinak) 95 Kb

ONDORIOAK:

1.- Euskadik, azken bi hamarkadetan, diktadura-garaitik jasotako garapen ekonomikoaren eredua sakon-sakon aldatzeari ekin dio. Barne-merkatura bideratutako ehun produktiboa ezaugarri duen eredua ekonomikoa, oso gutxi dibertsifikatutakoa eta urritasun teknologiko larrikoa.
Aldaketa arrakastatsu horren bi giltzarri nagusiak hauek izan dira: batetik, kanpora irekitzea eta Europako merkatuan barneratzea; bestetik, autogobernua berreskuratzea, euskal instituzioek, horren bidez, politika publiko asko jarri ahal izan baitituzte abian.

Aldaketa horren emaitza nabarmenena Barne Produktu Gordin per capitaren hazkundean ikus daiteke, ia bikoiztu egin baita 1980 eta 2002 artean. Horrenbestez, euskal herritarraren errenta Europako batez bestekoaren %105ean jarri da, eta 16 puntutan hobetu da 1980an zuen kokapen erlatiboa.

2.- Aldaketa ekonomikoaren eta ongizatearen hobekuntzaren prozesu horretan hiru aldi bereiz daitezke, eta horiek nolabaiteko paralelismoa dute autogobernuaren aurrerapenarekin.

  • Lehenik, berregituraketa-epea, 1981 eta 1988. urteen artean. Lehentasunak sustapen ekonomikoa, ehun produktiboaren modernizazioa eta azpiegiturak hobetzea izan ziren, 80ko hamarkadaren lehen zatian autogobernua berreskuratu izanari esker.
  • Bigarren epea, esleipen berriarena, 1989 eta 1998. urteen artean. Aldi horretan, autogobernuaren garapena geratu egin da. Ondorioz, beharrezkoa da zorrak hartzea, eta esleipen berrien politikara jotzea, Osasun eta Hezkuntza politikek eragin zituzten gastu sozialak finkatzeko, kapitalaren inbertsioei kalte egin gabe.
  • Hirugarren eta azken epea, egonkortze fiskalarena, 1998. urtetik gaur arte. Ez da aurrerapen esanguratsurik izan autogobernuan, baina zorraren pisua gutxitzeari eta barne-baliabideen erabileren eraginkortasunari esker, politika sozialak hobetu egin dira. Horren bidez, gorakada handia izan da gizarte-laguntzako eta -ongizateko, lurralde-antolamenduko, etxebizitzako eta ingurumeneko gastu erlatiboen portzentajeetan.


Azken batean, esan liteke autogobernuaren sakontzeari dagokionez azken hiru bosturtekoak galdu direla, administrazio zentralari behin eta berriz eskaera politikoak eta instituzionalak egin bazaizkio ere, 1979ko Gernikako Estatutuan aitortzen ziren eskumenak bere osotasunean eskualda zitzan.

3.- Eskumenen geldialdi hori izanagatik ere, erakundeen politika publikoek eta enpresa-sektorearen dinamismoak autogobernuaren abantailez baliatzen jarraitu dute, hazkunde-prozesua finkatzeko.
Baina, egun, 25 urteko autonomiaren ondoren, ziurgabetasun-epe bat ireki da. Euskal instituzioen jarduera-mugak estutu egin dira, eta Europako eta nazioarteko egoera berriari erantzuteko jarduera-ahalmena mugatu egin da.
Euskal ekonomiak arrisku larriak ditu, beste faktore batzuen artean, Europar Batasuna handitu egingo delako. Kontuan izan behar da bertan sartuko diren Ekialdeko Europako herrialdeek, 100 milioiko biztanleria izateaz gain, lan-indar handia dutela, kalifikazio tekniko ona eta lan-kostu erlatibo oso txikia —egungo Europako batez bestekoaren hamarrena inguru—, eta hori erronka handia da gure etorkizun ekonomikorako.
Gure aukera erronka horri erantzutea da, azkar egokituz Europan eta nazioartean azaleratzen ari den Eredu Ekonomiko berrira. Horretarako, beharrezkoa eta presazkoa da Euskadiren bigarren aldaketa ekonomikoa azkartzea.

4.- Agertzen ari den Eredu Ekonomiko Berrira egokitzeko, Euskadik erreferente moduan izan behar dituen ardatzak hauek dira:

- Informazioaren eta jakintzaren gizartea eraikitzea.
- Europan, ikerketaren eta teknologiaren erreferentea izatea.
- Kalitate osoa sustatzea, kudeaketa-modu berri gisa.

Horretarako, beharrezkoa da Euskadiren bigarren aldaketa ekonomikoari berehala ekitea, zutabe hauen gainean:

- Hezkuntza eta heziketa iraunkorra.- Ikerketa, garapena eta kalitatea.
- Gure kokapen fisikoa eta gure artikulazio ekonomikoa sustatzea ardatz europarrean.
- Elkartasun sozialaren eremua eraikitzea, gizarte-babesa bermatuko duena, eta pertsonen ongizatea areagotuko duena.

Eskumenak blokeatzeko estrategiak eta autonomiaren inboluzioaren politikak Gernikako Estatutua agortu dute.
Egungo autogobernu-esparrua bidegurutzean dago, eta, are kezkagarriagoa dena, Gobernu zentralaren politikak Estatutuaren eskumenak geldiarazi ditu, gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna arrisku larrian jarri du eta Euskadiko bigarren aldaketaren zutabeak ikaragarri higatu ditu.

5.- Lehen zutabeari dagokionez —hau da, hezkuntza eta heziketa— Euskadik Espainiako estatuko batez bestekoa baino ratio hobeak ditu. Hala ere, bikaintasun-postuak lortu nahi baditugu, hoberenen artean kokatu behar dugu, bai kostuetan eta baita hezkuntza-sistemaren kalitatean eta emaitzetan ere.

Aurreikuspen hori jasotzen da Gernikako Estatutuaren 16. artikuluko espirituan, baina legedi murriztaileak eta uniformatzaileak murriztu egin du, hala nola: LOGSEk, Kalitate Legeak, Unibertsitateen Lege Organikoak eta Lanbide Heziketaren Lege Organikoak.

Araugintzako tresna horiek guztiek autonomia-erkidegoaren gaitasuna mugatzen dute “lurraldera atxikitako” hezkuntza-politika egiteko, eta, beraz, jakintzaren gizartearen eskakizun berrietara egokitzeko. Berriz ere, Estatuak berandu eta okerreko norabidean arautu du, eta euskal hezkuntza-sistema Madrildik egindako hezkuntza-plangintzaren eta antolaketaren gestore soil bihurtu du, eta gure ekoizpen-sistemaren beharretatik urrundu.

Egoera horren adibide paradigmatiko bat Lanbide Heziketa berriz ere nazionalizazio-prozesura bideratzean islatzen da, euskal langileen kuoten funtsak Gizarte Segurantzaren kaxa bakarraren zati direla aitzakiatzat hartuta, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak argi adierazi duen ez direla gizarte-segurantzaren baliabideen zati. Egoera tamalgarri horri heziketa jarraituaren finantzaketa-eremuko nahastea erantsi behar zaio, eta, azken urteotan, erabaki politikoagatik soilik, Administrazio Zentralak Hobetuz Fundazioaren jarduerak finantzatzeko emandako ezezkoa.

Horren emaitza da hezkuntzan eta lanbide-heziketan geure politika egiteko ezarritako mugak eragozpen astunak direla Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoari ekiteko, jakintzaren ekonomian eta pertsonetan oinarritutako aldaketa egiteko.

6.- Bigarren zutabeari dagokionez —hau da, ikerketa eta garapena— argi eta garbi adieraz daiteke miresgarria izan dela enpresen eta euskal instituzioen ahalegin endogenoari esker egindako bidea. 1980ko BPGaren %0,1 zen eta, 2001. urte amaieran, berriz, %1,5ekoa da.
Hala ere, ahalegin hori oztopatu egin du Estatuak ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren transferentziari ezarritako blokeoak, nahiz eta argi eta garbi adierazten den Gernikako Estatutuan eskumen hori. Espainiako gobernuaren alde bakarreko erabaki politiko horren ondorioz, ikerketarako 800 milioi euro baino gehiago galdu dira azken hamarkadan. Hau da, hondatzen ari da, nahita, euskal ekonomiaren oraingo eta etorkizuneko lehiakortasunaren zutabeetako bat.

7.- Hirugarren zutabeari dagokionez —Euskadi Europako hiri-eskualde gisa sustatzea, alegia— euskal instituzioen eta Estatuaren arteko jardueren lehiak, edo Estatuko administrazioaren esku-hartze zuzenak zailtasun handiak eragiten ditu euskal eskumen esklusiboetan, garraio sistemaren osoko kudeaketaren bidez hirugarren zutabe hori eraiki ahal izateko orduan.

Horrela, bada, errepideei dagokienez, eta, bereziki, lurraldea artikulatzen duten gaitasun handiko bideei dagokienez, kudeaketa zenbait administrazioren artean banatuta dagoela ikusiko dugu. Egoera hori Auzitegi Konstituzionalak eman zezakeen erabakirik bidegabekoenak eta etsigarrienak eragin du; 1998ko ekainaren 18ko sententzian, Lege bidez Estatuaren sarean dauden errepideak eskumen foraletatik at geratzen direla adierazi zuen, eta, beraz, haiek elkarrekin kudeatzeko edozein aukera galarazten du.
Trenbideei dagokienez, bi hamarkada galdu dira abiadura handiko linea berriaren eraikuntzan. Bide horrek abiadura handiko Europako sarera sarbidea emango liguke, eta Bilboko eta Pasaiako portuetako merkantzien garraioari irtenbidea emango lieke.

Portuen eta aireportuen kasuan, logikaren aurka, eta Europar Batasunean nagusi diren ohiturei bizkar emanez, Espainiako estatuak beretzat jasotzen du eskumen esklusiboa, Konstituzioaren 149.1.20 artikulua medio. Hori dela eta, ez dio bere kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoari ematen, nahiz eta Madrildik zentralizatutako plangintza-eredua erabat arduragabea eta ez-eraginkorra dela frogatu.

8.- Euskadi hiri global gisa eraikitzeko, azpiegituraren artikulazioa sustatzeaz gain, artikulazio ekonomikoa sustatu behar da.

Horren haritik, jarduera ekonomikoa arautzeko ahalmenak, finantza-sistemaren funtzionamendua antolatzekoak, ekoizpen sektoreak sustatzekoak, lan-harremanen esparru autonomoa izatekoak eta finantza- eta aurrekontu-politika propioa ezartzekoak, elementu funtsezkoak dira balio erantsiko zerbitzuak eta ondasunak eratzeko egiazko plataforma finkatzeko, eta Europako atlantikoko ardatzean erreferentzia-nukleoa izateko.
Administrazio zentralak gai horietan eta urte horietan ezarritako trabak, zailtasunak, betebeharrak eta oztopoak oso nabarmenak izan dira.

Espainiako Gobernu onartutako Kutxen legea adibide esanguratsua gogoratu besterik ez dago. Lege horrek hutsean utzi du Aurrezki-kutxen gainean genuen eskumen esklusiboa. Ildo horretan, bankuei eta aseguruei buruzko eskumenak —Estatutuko 112 a) artikuluak adierazten dituenak— ez dira existitzen, ezta betearazteari dagokionez ere. Iruzur egin zaio eskumenari kreditu ofizialen gaian. Euskal instituzioen parte-hartzea ukatu da Euskal Autonomia Erkidegoko estatuaren sektore publikoan, Estatutuaren 12.7 artikuluak hala aurreikusten bazuen ere. Lan-harremanen geure esparrua garatzea eragotzi da, eta Estatu osoko agente ekonomikoen eta sozialen ordezkaritzari dagokion lan-harremanen sistema ezarri, euskal esparruko negoziazio-gaitasunarekin eta ordezkaritzarekin kontraesanean, askotan. Kontzertu Ekonomikoak ere jasan ditu Gobernu Zentralak Euskadin egindako eskumen-hustearen politikaren eraginak. Finantza-politikaren judizializazio-prozesuak, gai fiskaletan Europar Batasuneko erabakietan euskal instituzioen parte-hartzea ukatzea, zerga-presio beraren printzipioa ezarriz, finantza-autonomiari ezarritako mugak, eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko arautegiak Kontzertu Ekonomikoa ahultzen dute, mugak ezarriz, eta politika ekonomikoaren eta gizarte-elkartasunaren tresna moduan dauzkan ahalmen guztiak erabiltzea eragozten dute.

Azken batean, hirugarren zutabea —ekonomikoki artikulatua eta ardatz europarreko erreferentzia eta ekarpen-gune bihurtzeko gaitasuna duen Euskadi eraikitzea— erabat baldintzatu du Madrilen zentralitatea berreskuratzeko politikak. Politika horrek Madril Espainiar estatuko negozio-nukleo gisa nahi du berreskuratu, eta bertan bildu nahi ditu inbertsio-erabakiak, bai estatukoak, bai atzerrikoak.

9.- Laugarren zutabea —gizarte-babesaren hobekuntza— sistema ekonomiko osoaren helburua da. Ez dago elkartasunik gabeko hazkunde ekonomikorik, eta ez dago elkartasunik hazkunde ekonomikorik gabe. Herritar kaltetuenentzako arreta bermatzen duen elkartasun sozialaren sistema garatzea, beraz, Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoaren ardatza da.

Laugarren zutabeak bultzada nabarmena izan du Euskadin, euskal erakundeek kudeatutako gizarte-babeseko politiken eskutik, bereziki, eta, zehazki, zenbait gaitan: familia, etxebizitza, immigrazio eta pobreziaren aurkako borrokan. Adibide moduan, oinarrizko errentak gora egin duela nabarmen liteke: 1998an gutxieneko soldataren %53koa zen, eta 2003an, berriz, %81.

Hala ere, gizarte-babeseko euskal politikak bultzada erabakigarria behar du, Europako parametroetara hurbiltzeko, eta bultzada hori emateko ezinbestekoa da elkartasun sozialarekin lotutako arlo guztiak batera kudeatzea, aurreikuspen sozial osagarrian ahalegin berezia egitea eta gizarte-laguntzaren alorrean osoko eskumena izatea eta gauzatzea.

Dimentsio horietako bakoitzean, administrazio zentralak ez die kasurik egin Estatutuan ezarritakoari “Autonomia Erkidegoak bereganatuko du gizarte-segurantzako araubide ekonomikoaren kudeaketa …”; edo, oztopoak jarri ditu bereganatutako eskumenetan, adibidez: aseguruaren antolamendu-legeak, Planei eta pentsio funtsei buruzko neurriz gaineko legedia, etab.

Jardueren lehia horrek eta oinarrizko legeak neurriz gain erabiltzeak dakartzan mugek gizarte-babesaren eredua ez-eraginkorra eta zatikatua izatea eragin dute Euskadin. Horrela, beraz, zenbait pertsonari, egoera batetik beste batera igarotzean, jaso beharreko prestazioak aldatu egiten zaizkie —pentsio ez kontributiboak, langabeziako dirulaguntzak, oinarrizko errenta, osagarri minimoak, etab.— eta Euskadiko eta Espainiako administrazioen aurrean kudeatu behar dituzte. Horrek eraginkortasun gabezia dakarkio zerbitzuen eskaintzari, eta ongizatearen galera nabarmena euskal gizarte osoari.

10.- Egungo Estatutuak funtzionatzeko zailtasunak eta muga nabarmenak ditu, sistema ekonomikoaren ikuspegitik. Ez soilik ikuspegi kuantitatibotik —betetzen ez delako, eta eskumenak kentzen zaizkiolako, oinarrizko legeen eta Auzitegi Konstituzionalaren sententzien bidez—, bai eta —eta, bereziki— ikuspegi kualitatibotik, haren inguruan lege- eta jurisprudentzia-alorreko "amarauna" ehundu delako, eta horrek interpretazioa mugatu, garapena eragotzi eta ahalmenak ezerezean utzi dituelako. Horren ondorioz, Gernikako Estatutuak itxura galdu du, defentsa-gabezia juridikoan dago, eta bere garaian bi aldeen arteko hitzarmena izan zena, unean uneko Gobernu Zentralaren gutiziaren zoriaren mendeko tresna bihurtu da.

Bistan denez, egia da egungo autogobernuari esker, euskal erakundeek eskuragarri dituzten baliabideak hobeto erabil ditzaketela, eta gastu eta inbertsio publikoetan lehentasunak berrezarri. Baina, aldi beran, egia da Euskadik tresna berriak behar dituela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, autogobernu-gaitasun handiagoak, eta, bereziki, harreman-esparru berria Estatuarekin. Harreman horrek bi aldeen segurtasun juridikoa bermatu beharko du, eta edukia alde batek bakarrik interpretatzea ezinezko bihurtu.

11.- Autogobernuaren esparru berriaren beharra ez da, azken batean, gutizia politikoa, ezta norgehiagoka ideologikoaren elementua ere. Estatutu Berriaren Proposamena beharra da, Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoari bidea irekiko dioten oinarriak onbideratzeko, eusteko, finkatzeko eta garatzeko beharra; hauek dira, hain zuzen ere, oinarri horiek::

- pertsonen hezkuntza eta heziketa jarraitua.
- ikerketa, garapena eta kalitatea.
- Euskadiren kokapen fisikoa eta ekonomikoa.
- elkartasuna eta ongizatea.

Estatutu Berriaren Proposamena erantzun egokia da hazkundearen eta elkartasunaren espazio ekonomiko berria osatzeko, XXI. mendeko Eredu Ekonomiko Berria osatzen duten zutabeen gainean.

12.- Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoaren garapenak errespetatu egiten ditu Estatuaren esparruko merkatuaren batasuna osatzen duten oinarrizko arloak. Horretarako, Estatutu Berriak eskumen esklusibo batzuk Estatuaren gain uzten ditu (45. artikulua); Kontzertuaren sistemak jarraitu egingo duela finkatzen da, eta pertsonak, ondasunak, kapitalak eta zerbitzuak mugitzeko eta kokatzeko duten askatasuna errespetatu eta bermatu beharko da, inolako bereizkeriarik sortu gabe eta enpresen arteko lehia askerako aukerak murriztu gabe (55. artikulua). Era berean, elkarlan eta lankidetza mekanismoak ezartzen dira, nola finantza- eta aurrekontu-politiketan, hala lan-merkatuan eta gizarte-segurantzaren erregimenean. Horrela, merkatuaren batasuna, merkataritza-harremanak eta ekoizpen-faktoreen mugikortasuna bermatzen dira, araugintza-esparru komunaren pean, eta euskal erakundeei dagozkien politika publikoen berezitasuna eta esklusibitatea kaltetu gabe.

13.- Egiaztapen horretatik abiatuta, zutabe hauek zehazten dira Estatutu Politiko Berrian:

a) Pertsonen hezkuntza eta heziketa, hezkuntza- eta kultura-arloko politika guztien eskumen esklusiboaren bidez, heziketaren dimentsio guztiak kontuan hartuz: irakaskuntza-maila guztiak eta lanbide-heziketa arautua, okupazionala eta jarraitua (47. artikulua).

b) Eskumen esklusiboa sektorez sektoreko politika ekonomiko guztietan, ekonomia- eta finantza-jardueraren arauketan eta antolaketan (49, 56 eta 57 artikuluak), hor biltzen direlarik, berariaz, ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren politikak, jakintzaren eta informazioaren gizartearekin lotutako teknologia berriak, eta baita telekomunikazioak ere. Horrez gain, industria-sektoreen antolaketa ekonomikorako ahalmena hedatzen da, eta merkatuaren eta konpetentziaren araugintzarako ahalmena ere bai.

Politika-multzo horien bidez ikerketaren eta jakintzaren oinarriak sustatuko dira, eta Euskadi hiri-eskualde global gisa finkatu ahalko da, ikuspegi ekonomikotik.

c) Naturako baliabideen eta mota guztietako garraio- eta komunikazio-azpiegituren osoko politika zehazteko eta gauzatzeko gaitasuna (50 eta 51. artikuluak). Horren bidez, kokapen fisikoa eta ingurumenaren onbideratzeaz sustatu ahalko dira, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako hiri-eskualdeen artean kokapen-erreferentzia bihurtzeko ezinbesteko faktore gisa.

d) Euskadiri beharrezko eskumen eta funtzio guztiak ematea, lan- eta gizarte-esparru propioa ezartzeko eta arautzeko, Estatuarekiko eta Europarekiko lankidetzari eta elkarlanari kalte egin gabe (53. artikulua). Horren bidez, negoziazio kolektiboa eta eragile ekonomikoen eta sozialen ordezkaritza hobeto egokituko da gure errealitate sozialera, eta horrek elkarrizketa soziala erraztuko du Euskadin. Eredu Ekonomiko Berria adostasunez sustatzeko, funtsezko elementuetako bat da euskal enpresen eta sindikatuen arteko hitzarmen eta elkarrizketa soziala, hartara euskal gizartearen ezaugarri eta interesak hartu kontuan hartu ahal izateko: hazkundea, produktibitatea, lan-egonkortasuna, soldata-politika, elkartasuna, parte-hartzea eta aurreikuspen soziala.

e) Zergak zehazteko ahalmenaren eta finantza-autonomiaren printzipioak, eta Estatuarekiko koordinazio-mekanismoak bermatuko dituen zerga-politika (58, 59, 60, 61 eta 62. artikuluak).
Alde horretatik, Euskadiri dagokio bere aurrekontuak eta finantza- eta zerga-politika propioak zehaztea, arautzea eta kudeatzea, euskal autonomia-erkidegoko herritarrok izan nahi dugun garapen iraunkorraren ereduaren eskaerei eta betebeharrei aurre egiteko.

Era berean, EAEko herritarrok Estatuko karga orokorrak ordaintzeko egin beharreko ekarpena argitzen da, kupo orokorraren bidez, Kontzertu Ekonomikoaren esparruan (60.3. artikulua).

f) Babes sozialeko eta elkartasuneko egiazko politika integratua garatzea. Bertan gizarte- eta osasun-arloko politikak (48. artikulua) eta gizarte-babeseko politikak (54. artikulua) aurreikusten dira, eta, orobat, euskal autonomia erkidegoko botere publikoei esleitzea gizarte-segurantzaren erregimen publikoa, EAEko herritar guztiei oraingo eta etorkizuneko behar-egoeren aurrean gizarte-laguntza eta zerbitzuak emango zaizkiela bermatuko duen erregimena. Hori guztia, gizarte-segurantzaren alorrean geure aurrekontuak izanik, eta Estatuarekin finantza-partehartzeko mekanismoak ezarriz, Estatuko hiritarren artean elkartasun- eta ez-diskriminazio-printzipioak berma daitezen.

Euskal erakundeek babes sozialeko politikaren dimentsio guztiak eskutan izatean, egungo zatiketa gainditu ahal izango da —oinarrizko errenta, pentsioak, langabezia, diru-laguntzak, aurreikuspen ez kontributiboak, etab.— eta ongizatearen osoko politika egin ahal izango dugu. Horrek egungo disfuntzioak eragotziko ditu, eta horiei esker, Europarekin konbergentzia erdiestea lortu ahal izango da, baita gizarte-babesak eragindako gastuei dagokienez ere, beti ere, Estatuarekiko elkartasunaren kaltetan izan gabe.

14.- Azken ondorioa:

Estatutu Politiko Berriaren Proposamena, bere ezaugarri orokorretan eta berariazkoetan, egungo esparru instituzionalaren blokeo ekonomikoari eta urritasunari aurre egiteko erantzun argia eta positiboa da. Euskadik,bigarren aldaketa ekonomikoari aurre egiteko, beharrezko ditu zenbait autogobernu-tresna. Aldaketa horrek euskal autonomia-erkidegoko herritarren hazkundea sustatu behar du, eta ongizatea areagotu. Gure etorkizuna dago jokoan, eta erronka horri eman dakiokeen erantzun onena autogobernuan sakontzea da, Espainiako estatuarekin harreman politiko eta ekonomiko berriak ezarriko dituen Estatutu Politiko berriaren bidez.

 

Azken eguneratzea: 2004/04/21