38. Enpleguko politika aktiboen transferentzia eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren irekiera.

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat da, bere nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko jarduteko erabateko gaitasuna dituena.

Enplegu egonkor eta kalitatezkoa edukitzeko eskubidea erabat garatzeko xedea du, hiru alderdi hauek eraginkortasunez bermatzen lagunduko duen lan-merkatu bat antolatzearen alde egiteaz gainera: lan egiteko moduan dauden pertsonak laneratzea, enpresen eskakizunetara egokitutako langile-beharrak estaltzea eta gizarte- eta lurralde-kohesioa bultzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenen esparruan agintzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz.

Aurrekariak

“Enplegu-politika aktibo"en kudeaketari dagokionez, hauteskunde-programan jasota daude, batetik, erakundeen eraginkortasun-gabezia (koordinazio-gabeziak eragina) antolatzeko konpromisoa eta, bestetik, hainbat alorretan gizarte-eragileekin batera eta aktiboki lan egiteko beharra, besteak beste, prestakuntza, enplegua, lan-malgutasuna, lanbide-orientazioa eta lan-bitartekaritzaren alorretan.

Neurri horien eraginkortasunak dakar enplegua jotzea Euskal Enplegu Sistema berria egituratzen duten oinarrizko printzipiotzat, bazterketa-arriskuan dauden pertsonen gizarteratze-prozesuaren giltzarri gisa.  Egoera berrirako aldaketa-aldia uste baino gehiago luzatu denez, beharrezkoa izango da lan-gizarteratzearen alorrean jarduteko aukerak sortzea, Euskal Enplegu Sistemaren eredua garatzeaz gainera, Sistema horretan beren eginkizuna bete behar duten pertsonek aukera izan dezaten, Lanbideren zerbitzua abiarazitakoan, sistema hori modu errazagoan ezartzeko ezaguerak eskuratzeko.

Saila

Lan eta Gizarte Gaiak

Esku hartzen duten Sailak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, enplegurako prestakuntza, orientazioa eta enplegu-azterketa zein -sustapenaren eremuetan dituen eskumenengatik; eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Lanbide Heziketan eta Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko Legearen dinamizazioan dituen eskumenengatik.

Bi sail horiek batera jardun beharko dute, gainera, Kualifikazioen Agentzia edo Institutua garatzeko lanean; izan ere, Agentzia horren xedea da ikaskuntza formalaren, formalaz kanpokoaren zein lan-eskarmentuaren bidez lortutako gaitasunen aitorpena egituratzea.

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak adostu beharko du Lanbideren estatutuei buruzko dekretua nahiz jarduerarekin hasteko dekretua.

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak ere, erakunde publiko horren barruan erabakiak hartzeko organo gorena den heinean, hiru aldeko izaera eta izaera paritarioa izango du gizarte-eragileekin eta Administrazioarekin batera.

Eraginak

Araudian eragina

Abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, EAEko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, bere Bigarren Xedapen Gehigarrian sortu zuen zuzenbide pribatuko Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde publikoa. Beste batzuen artean, honako eginkizun hauek esleitu zizkion erakunde horri: enplegua sustatzeko plan bereziak diseinatzea eta betearaztea lehentasunezko tokiko edo sektoreko esparruetan, eragindako eragileen adostasuna bultzatzea, eta enplegua sostengatzeko diagnosi- eta betearazpen-eragiketa integralak garatzea.

Enplegu-politika aktiboen transferentzia arautzen duen legearen ondorioz, antolamenduaren arloko beste bi arau egingo ditu EAEko administrazioak:

  • Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen Dekretua.
  • Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera arautzen duen dekretua.

Horrez gainera, 2009ko azaroaren 17ko Gobernu Kontseiluak onarturiko IX. Legegintzaldiko Legegintza Egutegiaren arabera, 2011ko bigarren seihilabetekoan onartuko da Enpleguaren Euskal Legea. Lege horren helburuen artean, honako hauek daude: EAEko enplegu-politikaren helburuak eta printzipio gidariak ezartzea, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa lortze aldera, eta enplegu-politikak sustatzeko eta garatzeko egitura eta tresna egokiak arautzea.

Halaber, enpleguko politika aktiboen eskumenak eskuratzean, erabateko indarra hartuko du Gobernu Kontseiluak 2009ko azaroaren 17an onetsitako legegintza-egutegian aurreikusitako Enpleguaren Euskal Legea lantzeko beharrak.

Antolamenduan eragina

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren sorrerak eta transferitutako enpleguko eskumenak erakunde horri eskualdatzeak (Lanbideri esleitu baitzaizkio zereginik garrantzitsuenak) aldaketak ekarriko ditu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egungo eginkizunetan:

  • Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren eginkizun ia guztiak eta egitura Lanbideri esleitu zaizkio.
  • Gizarteratze Zuzendaritzaren eginkizunen zati garrantzitsu bat ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa barne (dagokion lege-aldaketaren ondorioz), Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzura igaroko da.
  • Egailan sozietate publikoari eginkizun guztiak eta egitura kendu eta hori guztia Lanbidek hartuko du bere gain.
  • Aldaketak egongo dira Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren eginkizunetan.

Aurreikuspen horiei esker, Lanbideri esleitutako zereginak gauzatzeko Egailanen mendeko bulegoak eta horien funtzionamenduak baliatuko direnez, baita sozietate publiko horretako langileak ere, aldaketa horiek gauzatu aurretiko esperientziei aurre hartu ahalko zaie, Lanbidek formalki jarduera hasten duen unean aipatutako bateratzea azkarrago eta eragingarritasun handiagoz egiteko.

Aurreikusitako esperientzia horien artean garrantzitsuenetarikoa da ondo ezagutzea Lanbiden lan egingo duten langileen funtzionamendu-dinamika eta prestakuntza. Horretarako, ahalegin osagarria egin beharko da gizarteratze-programei lotutako politiken funtzionamendua hobeto ezagutzean, politika horiek funtsezko ardatza baitira Euskal Enplegu Zerbitzu berriaren ikuspuntutik.

Aurretiazko jarduera horien bitartez proiektu berriari ekingo dioten langileak prestatu ez ezik, praktikoki eta sare osora zabaldu baino lehen aztertu ahalko da zer eragin izango duen gizarte- eta lan-neurrien kudeaketak enplegu-zerbitzuaren ikuspegi horretan.

Aurrekontu eta finantzetan eragina

Enplegu-politika aktiboen transferentzia dagozkion Estatuko Administrazioaren funtsak eskualdatzearekin batera doa; funts horiek hirurehun eta hogeita bost milioi euro ingurukoak izango dira.

Hona hemen gastu-aurreikuspenaren nondik norakoak:

  • Langileak: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik (EEZP) transferitutako 500 pertsona inguru, Egailaneko 70 langiletik gora eta Saileko zuzendaritzetako ia 30.
  • Hornidurak: EAE osoan sakabanatutako 30 bulegotik gora, prestakuntza-zentroak eta dagozkien zerbitzu zentralak.
  • Enplegurako prestakuntza-programak, bai eskaintzakoak, bai eskarikoak.
  • Lan-orientaziorako zerbitzuak eta azterketa- zein informazio-zerbitzuak lan-merkatuko aldagaiei, lanbide-profilen bilakaerari eta eskakizun profesionalei buruz.
  • Enplegu-programak prestatu eta dagozkien diru-laguntzen deialdiak onetsi eta izapidetzea; arreta berezia eman beharko zaie gizarte-bazterkeria pairatzeko arrisku handiena duten taldeei.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) kudeaketa, eta Etxebizitza Osagarriarena DBEak eskuratzen dituztenentzat.
  • Langileak aurrez ezartzeko eta prestatzeko proiektuei ekiteko baliabideak, enplegurako errenta aktiboaren kudeaketa-proiektuari dagozkionak, bereziki, Egailan SA sozietateak Lanbiden txertatu aurretik irekita dituen bulegoen bidez.
Beste jardueretan eragina

Koordinazio-mekanismo garrantzitsuak behar dira Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko Lege-proiektuak behar bezala erantzuna diezaien Enplegurako Lanbide Heziketaren Azpisistemako programa guztietan prestatzen diren pertsonen beharrei, bai eta modulukako Lanbide Heziketan diharduten pertsonen beharrei ere. Halaber, aintzat hartu beharko dira prestakuntza-modalitate ezberdinak irakasten dituzten erakundeen beharrizanak ere.

Erakunde harremanetan eragina

Enplegu-politika aktiboak, EEZPk kudeatu izan ditu eskualdaketa gauzatu arte; orain, berriz, EEZPrekin koordinazio-behar berri bat sortu da, oraindik ere bere esku baitago Politika Pasiboen edo prestazio-sistemen kudeaketa, baita sistema osoari dagozkion araudi orokorrak ere.

Ez hori bakarrik, eginkizun berriek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren parte-hartze aktiboa behar dute estatuko eta EAEko koordinazio-organo hauetan:

  • Enpleguari buruzko sektoreko konferentzia. Lan eta Inmigrazioko Ministerioa.
  • Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorra.
  • Estatuko Enplegu Sistemaren Kontseilu Orokorra.
  • EAEko Lanbide Heziketaren Kontseilua.

Jarduera burutzeko aurreikusi den epea

- Politika aktiboen transferentzia 2010ean gauzatzea espero da. - Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak eta jardueren hasiera arautzeko dekretuak 2010eko ekainerako. - Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak formalki jarduera hasi baino lehen langileak aurrez ezarri eta prestatzeko jarduerak 2010ean zehar gauzatuko dira.
AURRERAPENA ETA SEGUIMENDUA

Lortutako faseak

FaseakHasiera dataAmaiera dataEgoera
Aurretiazko zirriborroaren aldia2010/01/012010/06/30Bukatuta
Izapidetze-aldia2010/07/012010/10/07Bukatuta
Onarpena2010/10/082010/12/31Bukatuta
Azken aldaketa: 2011/09/13