Zabale baserria hobia (Mutriku, Gipuzkoa)
| KOKAPENA | Zabale baserria, Mutriku (Gipuzkoa) |
| BIKTIMAK | 1 |
| DATA | 2004ko urriaren 10a eta 12a |
Asensio Ansorregik 10 urte zituen orduan. Gogoratzen zuenez, 1936ko erdialdean, tropa frankistek pertsona bat hil zuten bere baserritik (Zabale) hurbil. Hildakoa, antza, Azkoitia edo Azpeitikoa zen, eta euskal milizietako kidea zen. Gorpua baserriaren ondoan lurperatzeko proposatu zen arren, azkenean, 300 metro eskasera ehorztea erabaki zen, ipar-ekialdean, malda suabea zuen larre-inguru batean. Gorpua estaltzeko, leku horretan bertan lursailak bereizteko dagoen horma bateko harriak aprobetxatu ziren. Harrezkero, lursailean ez zen lurrak mugitzeko lanik egin, eta, beraz, larrean zehaztasun osoz identifikatu zitekeen hobia.
Iñaki Egañak egindako azterketa historikoaren arabera, 1936ko irailaren 20an tropa frankistak Mutrikura iritsi ziren, Bizkairantz bidean, astebete lehenago Donostia beren esku geratu ostean. Mutrikun ez zen borrokarik egon. Borrokarik hurbilenak bezperan izan ziren, Itziarren, eta, intentsitate gutxiagoz, Deban. Bi aste lehenago Irunen posizio errepublikazaleak erori zirenetik borroka gogorrenetakoak izango ziren, seguru asko. Borroka horietan parte hartu zuten, tropa leialetatik, Bilbotik Irunera iritsitako anarkista batzuek. Talde oparo horretan dozenaka baja egon ziren.
Zutabe frankista kostaldetik paralelo zihoan errepidetik joan zen. José Iruretagoyena zen buru, Lodosako koronela (Nafarroa). Errepublikazaleen aldean, agintariak Bizkairaino erretiratu ziren, baina lider sindikaletako batzuk Eibarren zeuden. Pentsatzekoa da frankistek posizio errepublikazaleak gainditutakoan hainbat miliziano harrapatuak izan zirela, are gehiago kontuan hartuta ez zituztela lur horiek ezagutzen.
2004ko urriaren 10etik 12ra bitartean egin ziren gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak. Hobia lursail natural batean zegoen induskatuta, gehienez 40 zentimetrorainoko sakoneran, buztinaz betetako marga-geruzan. Hobia estaltzeko, tamaina desberdinetako kareharrizko harriak jarri ziren, handik hurbil zegoen horma batetik ekarriak. Horma horrek larrean lursailak mugatzen zituen.
Barrualdean, gorpua, ziur aski, ahoz gorako etzanera jarri zen. Horixe ondorioztatu genuen gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanetan, hezur-ezpal batzuen kokapenagatik. Kontserbazio-egoera oso eskasa zen, lurzoruaren gainean silueta interpretatu zitekeen arren.
Gorpuarekin lotutako hainbat objektu berreskuratu ziren, besteak beste lepoan zeraman zilarrezko katea, zeinak domina laukizuzen bat baitzuen eskegita aurrean Begoñako Ama Birjinaren irudiarekin eta atzean Jesusen Bihotz Sakratuaren irudiarekin. Era berean, kremailerako krokadura bat, bost botoi metaliko (bost puntuko izar batekin eta galburuaren marrazki batekin), eta praketako bi botoi beltz aurkitu ziren.
Ezin izan zen heriotza azaltzen zuen arrazoi edo patologiarik ezarri.
Ikerketak egin ziren, hainbat aukera kontuan hartuta, gorpuaren nortasuna orientatu ahal izateko daturen bat aurkitu asmoz. Hala ere, aukera guztiak baztertuta geratu ziren.
Hezur-hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gorde ziren, haren inaugurazioan, 2017ko urtarrilaren 30ean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.

