Txaldatxur mendia 2 hobia (Donostia, Gipuzkoa)

KOKAPENA Txaldatxur mendia, Zubieta Donostia (Gipuzkoa)
BIKTIMAK 1
DATA 2017ko urtarrilaren 28a

Lasarte-Oriako prospekzio-taldeak (Islada Ezkutuak), Txaldatxur mendiaren iparraldeko hegalean (Zubietan, Donostia udalerriaren mugartean) bilaketa eta prospekzioa garatu bitartean, objektu metaliko bat aurkitu zuen: kantinplora bat. Haren ondoan, beste objektu batzuk eta giza hondarrak ere bazeuden. Agintaritzei eta Gogora Institutuari eman zioten aurkikuntzaren berri, eta azken hori Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Sailarekin harremanetan jarri zen, desobiratze arkeologikoa egiteko.

Inguru honetan, borrokak 1936ko abuztuaren eta irailaren artean izan ziren. Lubakien sareko defentsa-lerroak eta tirogileen putzuak Txaldatxur mendiaren hegaletan zeuden, eta Belkoaineratz jarraitzen zuten.

Hala, 2017ko urtarrilean, deialdia egin zitzaien udal-agintariei, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta beren aurrean egin ziren lanak. Bertan egon ziren Donostiako alkatea, Eneko Goia, eta Donostiako Udaleko zinegotzia, Juanra Viles; Gipuzkoako Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaria, Mª Isabel Vaquero; eta Gogora Institutuaren zuzendaria, Aintzane Ezenarro.

Lehen unean, aurkikuntzaren inguruan zegoen inguru zabal bat garbitu zen, orbelez eta adarrez estalita baitzegoen. Hezur-hondarrak harri baten ondoan zeuden. Ziur aski, harri horrek geratuko zuen hilotza beherantza erortzea, izan ere, gorpua hegalaren maldarekiko perpendikular zegoen. Goiko eta beheko gorputz-adarretako hezurrak eta garezurreko zati batzuk geratzen ziren.

Lotutako objektuen artean, honako hauek berreskuratu ziren: aluminiozko kantinplora bat, kontserbazio-egoera onean; ASTRA 300 pistola, zorro eta guzti. Era berean, horien ondoan, aurkitu ziren: txistu bat, Ingalaterrako THE ACME markakoa eta THUNDERER modelokoa; pistola metrailadorearen munizio-kargagailua, ASTRA edo Mauser, Alemanian egina (BKIW; NICORRO); pistola formako txiskero bat eta identifikazio-plaka biribil bat, 4994 zenbakikoa.

Borrokalari hori nor izan zitekeen ikertzeko, identifikazio-plaka aztertu da. Hala ere, ezin izan da dokumentazio egokia aurkitu. 1936ko irailean, hil zenean, soldaduen zerrendak (beren identifikazio-zenbakiak jasotzen zituztenak) ez ziren hain zehatzak. Edonola ere, objektuen artean pistola eta txistu bat zeudenez, pentsatzekoa da ofizial bat izango zela.

Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren, 2018ko otsailaren 9an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldian.