Txabolapeako pinudia 2 hobia (Legutio, Araba)
| KOKAPENA | Txabolapeako pinudia, Legutio (Araba) |
| BIKTIMAK | 1 |
| DATA | 2017ko martxoaren 25a |
1936ko azaroaren 30ean, Euzkadiko Gudarostearen erasoa hasi zen, Gasteiz hiria hartzeko, Legutioko bataila deitu zen hartan. Borrokak abenduaren 25era arte iraun zuen, baja ugari eraginez. Egun horretatik aurrera, frontea egonkortu egin zen.
Xabier Argotek eta Jon Etxezarragak (azken hori Euskal Prospekzio Taldeko kide eta Aranzadiko kolaboratzailea) kartutxo-zorroaren material-hondarrak eta larru-zatiak aurkitu zituzten giza hezurren hondarrekin lotuta, Albertia mendirako igoeran, igoera-bidearen ertz batean. Lekua 630 metroko altueran zegoen. Aranzadiko teknikariek egiaztatu zuten aurkikuntza hura, 2016ko apirilean.
Hezur-hondarrak 2017ko martxoaren 25ean atera zituzten, eta, bertan egon ziren Legutioko alkate Nekane Garaigordobil eta hainbat zinegotzi, Julen Arzuaga legebiltzarkidea eta Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria, bai eta Legutioko zenbait auzokide ere.
Azaleko lurperatze hori Albertia mendira igotzeko bidearen eskuinaldean zegoen, landaretzak estaltzen zuen pinudi batean. Distantzia gutxira zegoen pinu baten sustraien hazkundeak, bestalde, hezur-hondarrak lekuz mugitu zituen.
Ondorioz, eskeletoaren zati batzuk falta ziren, beste batzuk aldatuta zeuden, edo hondatuta (artikulazioetako bat bera ere ez zegoen osorik). Hala ere, bertan zeuden goiko eta beheko gorputz-adarretako hezurrak, koxalak, eskuineko oineko hezurrak eta garezurraren hezur okzipitala. Bestalde, orno-arkuak eta saihetsen zati batzuk baino ez ziren kontserbatu.
Hezurren hondarrekin lotuta, tatxet-oinetakoen zolak eta hainbat munizio-kartutxo berreskuratu ziren.
Albertia mendiko batailan hildako ugari egon ziren, eta, ideologia askotako batailoiek parte hartu zuten. Horrez gain, ez da identifikazio-lana orientatu dezakeen elementurik aurkitu. Horregatik guztiagatik, ezin izan da gorpua identifikatu.
Gorpuzkiak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan ehortzi ziren 2018ko otsailean egindako ekitaldi instituzionalean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela.
