Talledo hobia (Talledo, Kantabria)

KOKAPENA Talledoko kanposantua (Kantabria)
BIKTIMAK 2
DATA 2005eko irailaren 1a

Ezaguna zen jatorri bizkaitarreko bi gudulari 1937an Talledora iritsi zirela eta bertan atxilotu eta erail zituztela. Horietako bat Soledad Agirre Garroren senidea ote zen jakin nahi zen, azken horrek gorpuzkiak hobitik ateratzeko eskaria egin baitzuen.

Talledoko (Kantabria) parrokoaren baimena jaso zen gorpuzkiak hobitik atera ahal izateko. Hala, udalerri horretako kanposantuan bildu ziren 1937an gertatutako pasarte horien lekuko bat, Ángel García, Talledokoa; Antonio Ontañón Toca historialaria, "Héroes de la República y la Libertad” elkartekoa; senideak; eta Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak.

Hobia kanposantuaren eskuineko aldean zegoen, lekukoak adierazitako tokian. Bertan, 40 zentimetroko sakoneran, bi eskeleto zeuden ehortzita, paraleloan eta ahoz gorako etzanera.

Hezur-hondarrak Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Auzitegi Antropologiako Laborategira eraman ziren, Donostiako Irakaskuntza Unitatean, eta, bertan, azterketa antropologikoa egin zen.

Bi gizonezkorenak ziren, biak heldu gazteak. 1. pertsonak tiro baten ondoriozko lesioa zuen garezurrean. Haren barrualdean, zehazki, jaurtigaiaren blindaje oxidatuko eta berunezko nukleoa aurkitu da. Goma beltzezko zola zuten zapatilak zituen jantzita.

2. pertsonak, 20 urte ingurukoak, metalezko tatxetak zituzten larruzko bota batzuk eta gerrikoko plaka zeramatzan. Halaber, jaurtigaiaren irteera-zuloa zuen ezkerreko lokian.

Azterketa genetikoak egin ziren egiaztatzeko ea 2. pertsona Joaquín Garro Eizmendi, Urnietakoa jatorriz, eta Alderdi Komunistako Rosa Luxemburgo bataloiko milizianoa, izan zitekeen, baina hezur-hondarrek ez zuten profil genetiko baliagarria eman, identifikazio-lanak egin ahal izateko.

Hezur-hondarrak Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan gorde ziren, 2017ko urtarrilaren 30ean.