"Urdina"

  • "Urdina"

Geraldine Ramírez Gasteizen jaio zen, eta Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Jazz Interpretazio eta Kantu ikasketak egin zituen. Bere ibilbidean zehar, Deborah Carter, Sheila Jordan, Malwina Masternak, Judy Niemak eta Susanna Stivali nazioarteko abeslarien eskolak jaso ditu, besteak beste.

Gaur egun, hainbat proiektutan ari da kantari; besteak beste, honako hauetan: Geraldine & Bilbao Sinfonietta, Iker Sánchez Silvak zuzendua eta Miguel Blancoren moldaketa eta konposizioekin; Hó Bá Lá Lá, Ricardo Urrutia gitarristarekin batera; eta Recordando a Édith Piaf, Eduardo Moreno klarinete jotzailearekin, Javier Jaso akordeoi jotzailearekin eta Marcelo Escrich kontrabaxu jotzailearekin.

Gainera, hainbat musikarirekin kolaboratu du: Miguel Blanco, José Agustín Guereñu, José Negroni, Nomar Negroni, Iñigo Ruiz de Gordejuela...

Urdina du izena bere lanik berrienak. Bertan, Ricardo Urrutia gitarristarekin elkarlanean, euskarazko, ingelesezko eta portugesezko abestiak uztartzen ditu, eta jazz eta bossa nova estiloetako hamar pieza aurkezten dizkigu, ikuspegi moderno eta freskagarri batekin: estilo berezi eta berritzailea lortzen duen fusioa da.

Urdina. Itsasoa eta zerua. Bizia eta lasaia. Bossa nova biziki maite duten bi musikariren arteko topaketa honek agerian uzten du musika estilo honek harmoniei, melodiei eta erritmoei dagokienez zer-nolako aberastasuna duen.

Ahotsa eta gitarra batzen dituen formatu minimalistak giro berezia sortzen du, eta lasaitasunaren eta malenkoniaren arteko bidaian murgiltzen gaitu; poztasunean eta saudadean. Geraldineren ahots intimo eta gardenak Ricardo Urrutia jazz moldatzaile eta beteranoaren gitarraren soinuarekin bat egiten du, instrumentu bakarra balira bezala.

Urdina. Ura eta airea. Iraganeko konpositoreen inspirazioa eta haien obrak etorkizunera eramateko askatasuna duen diskoa.

Urdina diskoko abestiak

1. Like Someone in Love
2. Luiza
3. Skylark
4. Urdina
5. Afro Blue
6. Sina
7. Ilbetea
8. The Peacocks
9. Urepel
10. My Favourite Things

Urdina CD formatuan eta digitalean dago eskuragarri.

Geraldine

Laburrean

  • Egileak Geraldine, Ricardo Urrutia
  • DiskoetxeaAutoekoizpena
  • Zenbatekoa10,00 €
  • FormatuaCD / Digitala
  • HizkuntzaBeste batzuk
  • Argitalpen-urtea2023
  • LizentziaCopyright