"La lucha por la vida"
«Drama berez ona baldin bada, ez du beste ezer behar, nire ustez; ezta dekoraziorik ere. Aktore-talde bikain batek kamiseta hutsik Hamlet antzeztuko balu, zirrara bizia eragingo lieke ikusleei». (P. Baroja. 1902)
Bada, horixe da gure asmoa; alegia, eszenatokia "kamiseta hutsik" egotea. Funtsezko zera bakarrik, behar-beharrezkoa soilik. Horra Arriaga Antzokiaren ekoizpen berri bati ekiteko hasierako planteamendua, zuzendaria Ramón Barea dela. Pertsonaietara jolasten dute aktoreek, haien gorputza eta hitza izan nahi dituzte, batez ere Barojaren hitza. Narrazioan eta elkarrizketetan, paisaiak eta gogo-aldartea sortzen ditu. Irudi errealisten bidez ezin dira erreproduzitu Barojaren paisaiak eta deskribapenak, baina idatzizko hitzak eta, antzerkian, ahozkoak, antzezleek fisikoki bultzatuta, zabalduta eta gorpuztuta, deitzeko eta gogoratzeko ahalmen handia dute, «dekoratu» batek baino askoz handiagoa. Antzerkia, berez, arte poetikoa da batez ere, eta errealismoak hiltzera darama. Nabarmen berretsi digu hori Shakespeareren lanen hainbat mendetako ekoizpenak. Aktore-taldea ere abesbatza eta paisaia da, taupada narratiboa eta eszenikoa. Haien hitzek, berriz, irudimena martxan jartzen dute.
Barojaren lan narratiboak badu, oro har, antzerki-sena: elkarrizketadun eleberriak dira, egitura eszenikoz hornituak. Barojaren eleberri gehienak egokitu daitezke antzerkirako. La lucha por la vida lanaren asmoa ez zen kronika historiko bat osatzea, baizik eta gizaki bat (Manuel Alcázar) ingurune latz eta gogor batean nola hazten den azaltzea. Eta ez dezagun ahantz alferrak, pikaroak, iruzurgileak, jende langilea, izaki babesgabeak eta pertsona eskuzabalak ez direla garai jakin batekoak soilik. Trebakuntzari buruzko kontakizun gisa ikus daiteke La lucha por la vida, non funtsezkoa Manuelen bilakaera-prozesua baita hamabi edo hamahiru urte zituenetik; hots, haren ekintzen eta gizarteratze-prozesuaren kontakizuna, esanguratsuak diren hutsegiteak eta esperientziak azaltzen dituena. Hasieratik dabil Manuel elkarren aurkako eraginen artean, pertsonaia arras desberdinen artean: batzuek zintzoa, langilea eta pertsona duina izatera bultzatzen dute; beste batzuk, berriz, indar negatibo gisa jarduten dira, Manuelen hondamen morala nola eragingo.
Fitxa
- Moldaketa: José Ramón Fernández
- Zuzendaria: Ramón Barea
- Antzezleak: Ramón Barea, Aitor Fernandino, Olatz Ganboa, Ione Irazabal, Itziar Lazkano, Sandra Martín, Alfonso Torregrosa, Leire Ormazabal, Diego Pérez eta Arnatz Puertas
- Eszenografia: Jose Ibarrola
- Argiztapena: David Alcorta
- Jantziak: Betitxe Saitua
- Soinu-espazioa: Adrián García de los Ojos
- Atrezzoa: María Casanueva
- Zuzendari laguntzailea: Nagore Navarro
- Ekoizpen koordinatzailea: Leire Orbe
- Ekoizpena: Arriaga Antzokia (Madrilgo Teatro Español-ekin koprodukzioan)



