"El puente de los perros suicidas"
Abel Amutxategiren eleberri berri honek, argitaletxearen hitzetan, "Evelyn Waugh-en fartsa politikoa, P.G. Wodehouse-ren pertsonaia zentzugabe eta desorientatuak edo Tom Sharpe-k Wilt-i ezartzen dizkion nahigabe eta komeriak gogorarazten dizkigu".
Sinopsia
John Kennedy Toole idazle iparramerikar ospetsuak New Orleanseko zabor pilo baten artean berpiztu eta munduko literaturaren jenio idolatratua bihurtu dela deskubrituko du. Eleberrigile laudatuak bere errealitate berria ulertzen eta hil ondoren baino lortu ez zuen loria literario hori dastatzen saiatuko da, baina zaila suertatuko zaio bere pertsonaia ikonikoarekin, Ignatius Reilly grotesko eta porrokatuarekin, ez identifikatzea.
Abiapuntu horretatik hasita, Amutxategik bere vaudeville itxuraren azpian gori-gori dauden gaiak jorratzen dituen satira sozial bat eratzen du. "Dibertigarria serioaren kontrakoa ez dela dioen Chestertonen esamoldeari jarraituz", dio idazleak, liburua "arrakastaren esanahiari buruzko hausnarketa eta egungo mundu editorialaren erradiografia bat da" batez ere. Baina, horrez gain, bere mitoarekin ez ezik "bere arrakasta guztia zor dion ama nartzisista horrekin ere kontuak kitatu nahi dituen gizonaren istorioa ere bada".
Egilea
El puente de los perros suicidas Abel Amutxategiren (Bilbo, 1978) zazpigarren lana da -antologia anitzetan sartutako ipuinak alde batera utzita-, eta Pez de plata argitaletxeak kaleratu du bere "La risa floja" bildumaren barruan. Izan ere, Amutxategi umorezko literaturan espezializatutako autorea da, helduentzat zein haurrentzat. Euskaraz idatzitako "Berbontzi" ipuinarekin 2014an estreinatu zenetik, helduentzako Jo, jo, jo (2017) eta La tienda del señor Li (2016) eleberri laburrak editatu ditu erderaz, eta haurrentzako La increíble historia de Mara y el sol que cayó del cielo' (2018) eta Cuentos a tumba abierta (2020) "middle grade" bilduma (8 -12 urte inguruko irakurleentzat). Bere azken argitalpena, orain arte, Su muerte, gracias (2021) eleberria izan zen. Urte horretan bertan abiarazi zuen Cuentos cortos para lavarse los dientes' proiektua, haurren hortz-garbiketa atseginagoa egiteko pentsatutako bi minutuko audio-narrazioen onlinezko bilduma. Proiektuaren arrakasta ikusita, paperean ere argitaratu ziren ipuin haiek. Horren guztiaren aurretik, Amutxategi kultur kazetari gisa ere aritu zen, eta comoescribirunlibro.com webgunea sortu zuen, bertan idazleentzako aholkuak eman ahal izateko.
Laburrean
- Egileak Abel Amutxategi
- ArgitaletxeaPez de plata
- Zenbatekoa19,90 €
- HizkuntzaGaztelania
- Orri-kopurua272
- Argitalpen-urtea2023
- ISBN978-84-126961-0-3
- EskuratuErosketa


