"Lucio"
89 urte zituela zendu zen Lucio Urtubia, "Cascanteko Robin Hood", bidaia txekeen faltsifikazio erraldoi baten bidez First National Bank-i desafio egin zion anarkista, eta bere atzean, oraindik ia ezkutuan diharduen istorio bat utzi zuen, hura ezagutu zuten guzientzat betirako inspirazio indartsua eskainiz. Hor datza proiektu honen indarra, jardun hutsaren plazerean eta konpromezuan. Etengabe lanean jarraituz hemen garela eta kapitalismoaren inertzia ankerraren aurrean, txikiak izanik ere, norbait garela harrotasunez erakusteko grinak hauspotzen du ekimen eder hau.
Yerbabuena Producciones-en eskutik dator proposamen berezi eta berritzailea. Antzerkiaren, komikiaren eta jazzaren hizkuntza eta baliabideak nahastuz Lucioren bizitza, ekintza eta pentsamenduen berri ematen digu irudi, hitz eta New Jazz Collectiveren musika zoragarriaren bitartez. Belatz, komikiaren egileak zioen bezala "Lucio joan zaigu, baina bere ekintzen oinordekoak gara eta bere borrokarekin aurrera jarraituz gure ondoan dagoela sentitzen dugu oraindik" eta Pilar Chozas ikuskizunaren koordinatzaileak aitortzen duen moduan "proiektu hau, inguruko gauza guztiak gain behera zetozela iruditzen zitzaidan unean, bapatean iritsi zaidan opari bat izan da niretzat"; omenaldiaz gain, Lucio aldarrikapen bat eta borrokaren pauso berri bat da aldi berean. Literatura, irudia eta soinuaren arteko muga iragazkor horretan Lucio obrak pertsonaia poliedriko honen erretratu kubista bat ekartzen digu. Espazio-denbora koordenada eta ikuspuntu ezberdinen arteko elkarrizketa liluragarri honek gure aurreiritzi eta uste sendoenak hautsi eta galdera zorrotzak planteatzen ditu. Antzokia utzi bezain pronto, hausnarketa sakonera edota akzio zuzenera pasatzeko bultzada ederra sentitzen dugu ikusleok.
Eremu anitz horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak.
Laburrean
- Egileak The New Jazz Collective
- DiskoetxeaErrabal Jazz
- Zenbatekoa10,00 € (CD)
- HizkuntzaBat ere ez
- Argitalpen-urtea2022
- LizentziaCopyright


