"Elbira"
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) hil zela 40 urte bete direnean, hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko dokumentala estreinatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana da Elbira, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakonduko duen dokumental fikzionatua.
Dokumental fikzionatua
Euskal gizarteak oso sakon barneratua dauka memoria historikoa lantzea eginbeharreko ariketa dela. XXI. mendeko Gipuzkoa eta Euskal Herria ez da egun batetik bestera eraiki. Gizaki konprometitu askoren lana dago atzean, eta azkenengo urteetan badago konpromiso bat pertsona horien lan eta sakrifizioa aitortzeko. Elbira dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du.
Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen dute. Horiek dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek gorpuzten du andereñoa. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.
Ibilbidea
Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta gero, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapen egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien.
Maistra berriak trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen 1968an. Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.
Fitxa
- Zuzendaria: Iban González
- Ekoizpena: Baleuko
- Laguntza: Gipuzkoako Foru Aldundia, EiTB, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde, BBK Fundazioa, Bermeoko Udala, Donostiako Udala
- Aktore nagusiak: Teresa López de Munain, Oihana Maritorena, Egoitz Lasa, Teresa Calo
Laburrean
- Egileak Iban González
- HizkuntzaEuskara
- Estreinaldi-urtea2022
- LizentziaCopyright


