"Pasadena"
Zero segundotik hasten da diskoa, play botoiari ematerako jadanik martxan diren "SIMA" abestiko gitarrekin, eta, neurri batean, detaile horrekin, arnasa hartuta iristeko eskatzen dio entzuleari. Hortik aurrera, galeraz, iragandakoez eta erabat lortu gabekoez populatutako paisaiak zeharkatzera eramango gaituzte Libe Garcia de Cortazarren eta Jon Basagurenen ahotsek. Pasadena izendatu dute haiek lurralde hori. Berri eta, aldi berean, zahar. Ezagun eta arrotz. "GOIBELA ARNASTEN DUTE". «Inork ez ditu ikusi,/ lekuko berririk ez,/ baina direnik ez ukatu».
Americana dotore bat, doinu beltzeko rock patxadatsu moduko bat, Izaki Gardenak eta Libe taldeekin landutako tenpo paretsuetan, baina helduago eta aberatsago. Ahotsak landuago. Melodiak zainduago. Gitarra eta teklatu apainduak soiltasuneraino. Biluztasuna. Bateria eta piano akorde hutsez aurrera tira egiten duten pasarte horietan bezala. "BIHOTZ TAUPADA ETA LABANA".
Bera iristerako jadanik hor zegoen mundu batera sartzen du entzulea lehen abestiak diskoa kolpean abiatzeko duen modu horrek, eta mundu horri eta sentsazio horri zutik eustea da gero erronka hurrengo datozen zortzi kantetan.
«Errautsa izan naiz ohantzean». Lelo ezin tristeago bat, kontrastean, itxaropentsu entzuten den melodia baten oskolean bizitzen. "EZ GARA HIL BEHAR". Guztia irensten duen zarataren erdian eskaintzera heltzen den gardentasunagatik datozkit, agian, Aurora Luque poetaren lerroak gogora -itzuli ezin ditudanak-.
«Da la espalda al vecino vertedero
de datos, ruido y prosa.
Traduce -a ver si puedes-
esa gracia del mundo
que es aullido y sonrisa».
"ITZULI" kantako letrak dioena da bestela. «Leku hura gogoan baino ez da». Ereserki baten eskeletoa dirudi abestiak, hiru minututara iritsi ere egin gabe. Eta Emile Cioran pentsalariaren edertasuneraino zorroztu eta higatutako etsipen horren oihartzuna datorkit nahasian niri haren melodiarekin.
«Ez gara ereserki suntsituak baizik».
"ARRAZA GABEKO ZAKUR". Bluesaren tradizioa alderik alde eta garaiz garai betetzen duen zakur saldo erraldoiari ale bat gehitzera datorren zakur klase bat gehiago. «Arraza gabeko zakur/ ezin zaituzte sailkatu/.../ Ezer gabe joango zara; bakarrik ez». Eta basatiago hor gitarrak. "SUMENDI MAGALEAN". «Egiak ez du inoiz bizirauten». Eta "HUTSUNEA", azkenik, diskoa ixten, haren amaieran askatuz bezala ordura arteko kontentzio musikal guztia, presarik gabe, gozamen hutserantz luzatzen dirudien koda batean, behin entzulea joan ondoren ere, haren presentziaren beharrik gabe, han, paisaia soildu moduko horretan, zerbaitek bizirik jarraitzen duela iradokiz bezala.
Iñigo Astiz
Abestiak
1. Sima (04:46)
2. Goibela arnasten dute (03:51)
3. Bihotz taupada eta labana (04:57)
4. Ez gara hil behar (03:06)
5. Itzuli (02:55)
6. Arraza gabeko zakur (03:44)
7. Sumendi magalean (04:06)
8. Hutsune (05:46)
Laburrean
- Egileak Pasadena
- Zenbatekoa15,00 € (biniloa) / 10,00 € (CD) / 8,00 € (disko digitala)
- FormatuaBiniloa / CD / MP3
- HizkuntzaEuskara
- Argitalpen-urtea2021
- LizentziaCopyright


