"Hegaldiak"

  • "Hegaldiak"

Iker Martinez de Zuazo (Latzen, Potemkin, Amonal, Lenao) musikari oñatiarrak gidatzen du Iker Martinez eta Zaldi Herrenak proiektua. 2017an kaleratu zuen bere bakarkako lehen diskoa, 2019an iritsi zen bigarrena eta 2021eko irailean dator hirugarrena: Hegaldiak.

Hirugarren disko honetan, lehen aldiz Zaldi Herrenak taldearekin elkarlanean jorratu ditu kantuak Ikerrek: berak sortutako melodia eta hitzak, oraingo honetan, taldearekin bat egin eta lokalean denen artean ondu dituzte; eta, estudioan, denek batera jotzen grabatu.

Lan honetan, aurreko diskoetako kantu eta kontu goibelak indarra galduz joan dira, kantu alaiagoei tokia emanaz. Soinu akustiko eta organikoetatik asko urrundu gabe, Zaldi Herrenek azal elektrikoagoa eman diete Ikerren kantuei, soinu biziago eta trinkoagoa lortuz. Abesti itsaskorrak dira, leun egiten dutenak aurrera, airean hegan joango balira bezala. Hortik dator diskoaren azala bera ere: Iker eta Zaldi Herrenak dira, eguzkia zeharkatuz, leunki eta aske, lana osatzen duten hamar "hegaldietan".

Hitzak Ikerren harreman sarearen isla dira: inguruan izan dituen maitale eta lagunei idazten die, harremanetako ñabardura txikiak azaleraziz, beti ere tonu alai eta jostalarian. Gauza txikien garrantzia handiaz ari da, orainaren garrantziaz, garena era soil eta lasaian izan eta bizitzearen garrantziaz.

CDa Elkar saltokietan edo www.elkar.eus webgunean eros daiteke; disko digitala, aldiz, Spotify eta Amazon plataformetan entzun eta lor daiteke, besteak beste.

Abestiak

1. Bakarrik joango da (3:24)
2. Inguratu zinenean (2:34)
3 Dantzatu nirekin (3:39)
4. Etxera itzultzeko bidea (3:42)
5. Itxi begiak (3:47) -bideoklipa-
6. Azken porturarte (4:15)
7. Leku ezkutuetan (3:29)
8. Ahaltsua (4:07)
9. Horrela izaten da (5:44)
10. Ez al da hobe (3:54)

Uhinak Komunikazioa

Laburrean

  • Egileak Iker Martinez eta Zaldi Herrenak
  • DiskoetxeaAlmehuna
  • FormatuaCD / MP3
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2021
  • LizentziaCopyright