"Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan"
Marijesiak, Gernikan Gabonaurrean (abenduaren 16tik 14ra) betetan dan bederatziurrena da, bertan antxinatik ezagutu eta gordetan dana. Tradizinoari emoten jakon izena lehenengo lau egunetan kantetan diran koplen lelotik dator: "Maria, Jose" > marijesi, marijes, mariajes. Tradizinoa entzule guztiak ondo estimetan dabe, etxetik edo ohe epeletik lehenegoz entzuten dabe zelan hurreratzen diran eta gero zelan urrunduten diran gabeko kantuak. Gaur Gernikan ondo errotutako tradizinoa ez eze, gernikarron identidade-ikurra be bada. Bizilagunentzako parte hartzeko gunea da, gaur lehen-lehen baino jite laikoagoa daukana. Azken 50 urteetan zehar taldeak andrazkoen parte-hartzea era modelikoan integrau dau, eta hau aurrera bidean dagoan gure gizartearentzat modernidade seinaletzat hartu behar da.
Hiru melodia desbardin eta 44 kopla kantetan dira errondetan: goizaldeko 4:00etan hasten dira Andra Mariaren eleizan eta leku berean amaitzen dira 90- 120 minutu geroago. Ez dakigu hain goizetik hasteko arrazoia zein dan baina horretan be tradizinoari eusten jako beste barik.Ordu horrek berez esfortzua dakar, loa galdu eta "ahotsa izartu" behar dalako desorduetan. Kalerik kale ibilian kantetan da gau ilunean, egunaren arabera ibilaldi/ geldialdi egokiak eginez, Gernikako ahalik urigune gehienera ailegetako. Azken egunean, 24an, diru-eske ibiltekoa, hiru erronda egiten dira: 4etan, 7etan eta 10etakoa, eguerdialdean amaitzeko. Batutako dirua helburu on baterako izaten da, marijesiak eurak azaroa/zemendiko azken barikuko batzarrean erabagiten dabena.
Kantua hasteko bakarlariak lehen bertsolerro biak emoten dauz eta metro 2-3 atzerako doan koruak emoten deutse segidakoa hurrengo biakaz eta leloagaz, duoa eginaz. Bakarlariaren atala ad libitum edo bere gustura izaten da, eta gero koruak a tempo edo erritmo jakinean erantzuten deutso. 2018ko bakarlariak Jose Antonio Uriarte Itxaso, Denis Azkarate, Fernando Astoreka, Iñaki Gonzalez eta Ane Miren Arejita (antxinatasunaren arabera) dira eta txandaka egiten dabe. Koruaren taldea orain 100 urte 5-6 gizonena 80 baino ez zan izaten, gaur barriz, 80 pertsona, andrazkoak eta gizonezkoak. A cappella kantetan da, hau bat be musika-tresna barik.
Koplak bizkaieraz dagoz (gaztelaniaz bakar bat), eta literatura erlijiosoan erabilitakoaren antzekoan (XX. mende hasieran euskaltzaleak bultzatutako eredutik urrun geratzen dana). Koplak historia biblikoa kontetan dabe, baina batez be Enkarnazinoa (Gizon-egitearena) eta Jesukristoren jaiotza. Ohiko leloak honeek dira: lehenengo egunetik laugarrenera María, José, Jesús María; bosgarrenetik aurrera "Jesukristo, adoratzen zaitugu" / ("Jc qué bonito es el niño"); eta bederatzigarren egunean Da bart Belenen (bis) jaio da Jesus Nazaren.
Marijesien tradizinoak bizirik irauten dau Bizkaiko beste leku batzuetan, Abenduak,Marijesiak, Marijosiak, Kebonikuak moduko izen desbardinak hartuta.
Ean eta Gautegiz Arteagan bederatziurren osoa gordetan da, lekuan lekuko aldaerakaz, bai melodian, bai testua; beste leku batzuetan 23an edo 24an egiten dan erronda bakarrean antzerako koplak kantetan dira (Ibarrangelu, Mendata, Ariatza-Muxika, Busturia, eta Urdaibaitik kanpora Lekeitio, Iurreta, Abadiño...). Beste herri batzuetan galdu arren baina hondino bertako bizilagunen akorduan dago (Arratzu, Munitibar, Ereño, Nabarniz, Forua, Berme...).
Dana dala, gure kasuan garrantzitsuena da Marijesiak bizirik dagozala XXI. mendean, eta ondo bizirik, jakina. Gernikan gehien baten Gabonaurreko erreferentzia-gune, eta gernikar guztion identidadearen ikur bihurtu dira Maraijesiak. Aspaldiko partez erritua (zentzu antropologikoak) biziberritu eta garatu egin da, eta andrazkoen parte hartzea be integrau dau, jatorrizko zentzu erlijiosoa makalduta. Horrengaitik guztiorrengaitik proiektu multimediaren erdigunean jarri dogu tradizinoa, eta datetan be bat egin gura izan dogu Pedro Bidaguren Garratzaren Marijesiac liburutxua 1919an argitaratu zaneko lehen mendeurrena beteterakoan.
Gernika-Lumo 2019
Fitxa
FMK Filmak-ek Gernikako Marijesientzat egindako dokumentala.
- Zuzendaria: Oier Plaza, Gernikako Marijesiak
- Gidoia: Iñaki González, Oier Plaza
- Ekoizpena: Gernikako Marijesiak, Eider Plaza
- Ekoizpen exekutiboa: Joserra Plaza
- Zuzeneko soinua: Daniel Asua, Ager Galarza, Xabier Crespo
- Soinu-posprodukzioa: Iñigo Etxebarrieta
- Dokumentazioa: Amagoia Lopez de Larruzea
- Muntaketa: Oier Plaza
- Irudia: Kerman Goikouria, Mikel Etxebarria
- Webgunea: www.marijesiak.eus
Laburrean
- Egileak Oier Plaza, Gernikako Marijesiak
- HizkuntzaEuskara
- Estreinaldi-urtea2019
- LizentziaCopyright


