"Ur goiena, ur barrena"
Jotzaile ugari ez dituen arren, direnak oso esanguratsuak direla azpimarratu behar genuke. Irudiz, ez du pertsonak instrumentua hautatzen, harpak berak aukeratzen baitu bere doinuaren magia harraparia endelegatu eta trasmititu dezakeen musikaria.
Olatz Zugasti (Hernani, 1965) "aukeratu" horietakoa da. Gaztetatik musikaren konposizioan zein interpretazioan murgilduta, harpa ikasten nerabe garaian hasi zen. Harrezgeroztik, Benito Lertxundiren taldekide funtsezkoa izan da, eta 1991tik 2010era 4 disko sinatu ditu, zein baino zein kuttunago, sentituago, sortzaileago. Ur goiena, ur barrena izeneko bere bosgarren honek, aurreko guztietan topa ditzakegun osagaien dosifikazio orekatuan oinarrituta, artistaren ibilbidean urrats sendoa suposatzen du.
Olatz Zugastik, berak konposatu, idatzi, moldatu, gidatu eta ekoitzitako lan mardul honen eraikuntzan, urtetan jasotako esperientzia eta talentua erabiltzen ditu erruz, barruko sen naturalaren bideari jarrikitzeko, eta jarrera hau islatzen du lan berriak hasieratik amaiera arte, lanaren helburua jarrera horretantxe balego bezala.
Harpa zeltaren erreferentzia tinbrikoak dakarren betikotasun zapore lasaigarrian biltzen ditu konposizioak Olatzek, berezko nortasuna darion lan pertsonal honetan. Kantu dotoreak, soilak eta sustraidunak, giro gautiarrak, harmonia zabalak, doinu eztiak, bihozkaden antzera datoz, bata bestearen atzetik, kantariaren eta musikarien dohainak azalera ekarrita.
Diskoa osatzen duten 13 kantak eroso eta erakargarri suertatzen dira, hala arima gozatzeko, nola norberak barne-une bat esperimentatzeko, eta horrekin batera, giza balore garrantzitsuak transmititzen dira, bizitzaren ibilbidea argitzeko.
Beste aldetik, zuzeneko kontzertuetarako egoki ere izatea oso kontuan hartu du artistak, oholtzaren gainetik ere kantuok hats bera arnas dezaten, publikoak lanaren dimentsioa bere osotasunean har dezan. Horretarako, kantu bakoitzaren izaera eta instrumentazioaren arteko harreman intimoa zain-tzen eta elikatzen du, musika talde gazte eta emankor baten eskutik.
Ur goiena, ur barrena izeneko disko berriak, azkenean, Olatz Zugastiren barneko erreka garden eta freskoa agertzen du, mendeetako korronte jakintsu eta distiratsuaren antzera.
Laburrean
- Egileak Olatz Zugasti
- DiskoetxeaElkar Argitaletxea
- Zenbatekoa16,50 €
- FormatuaCD
- Data2015
- LizentziaCopyright


