2022ko Segurtasun Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa

Helburuak

  1. Sarrera.

    Plan hau Segurtasun Sailaren politika planifikatzeko tresna da; izan ere, bere helburua da onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzea edo helburu publikoak lortzea, dirulaguntzak emanez.

    Azpimarratu behar da plana programatikoa dela, eta, beraz, edukiak ez duela ez eskubiderik ez betebeharrik sortzen. Planaren eraginkortasuna hainbat dirulaguntza ildo abian jartzeak baldintzatzen du, besteak beste, ekitaldiko aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta.

    Plan hau prestatzeko, jomuga diren interes publikoak aztertu dira, eta 2022rako izango diren baliabideekin alderatu. Horrela, eraginkortasun- eta efizientzia-mailak handituko direla bermatzen da, baita gure jardun-eremuan gardentasuna indartuko dela ere.

    Hori guztia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Dirulaguntzen Plan Estrategiko hau prestatu du, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak prestatzeari buruzko 01/15 Zirkularreko jarraibideak erreferentziatzat hartuta. 

  2. Planaren eremu objektiboa, instituzionala eta denbora-eremua

    Egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuan ematen zaizkion eskumenen arabera Segurtasun Sailak kudeatzen dituen dirulaguntzak biltzen ditu plan honek.

    Dirulaguntza kontzeptuaren barruan, planak pertsona publiko edo pribatuen aldeko diruzko xedapen guztiak biltzen ditu, baldin eta horiek onuradunen kontraprestazio zuzenik gabe ematen badira eta helburu jakin bat bete behar badute, proiektu bat gauzatu behar badute, jarduera bat egin behar badute edo portaera berezi bat hartu behar badute, eta betiere finantzatutako proiektuaren, ekintzaren, jokabidearen edo egoeraren helburua onura publikoko edo interes sozialeko jarduera bat sustatzea bada.

    Kanpo geratzen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren aplikazio-eremutik berariaz kanpo geratzen diren kasuak.

    Denbora-eremuari dagokionez, planak 2022. urterako aurreikuspenak jasotzen ditu.

  3. Helburu nagusiak

    Sail honek sustapen-jarduerarekin bete nahi dituen helburuak desberdinak dira, sail horri esleitutako eskumen-eremuak kontuan hartuta. 

    helburua.- Alderdi politikoen ohiko funtzionamendu-gastuak finantzatzea

    Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoen ohiko funtzionamenduagatiko gastuak dirulaguntza bidez finantzatzea, urtez urte, EAEko aurrekontuen legeetan jasotzen da, bertan xedatutakoaren arabera, eta banaketa Eusko Legebiltzarrerako egindako azken hauteskundeen emaitzen arabera egiten da, eta alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 3.2 eta 3.3 artikuluetan ezarritako irizpideen arabera.

    Alderdi politikoen finantzaketa zorrotz dago araututa; izan ere, funtsezko faktorea da sistema demokratikoaren egonkortasuna bermatzeko, eta, beraz, berme eta bitartekoak behar ditu herriaren borondatearen eta botere politikoaren erabileraren arteko distortsio-elementurik ez sartzeko.

    Alderdi politikoen finantzaketari buruzko Lege Organikoak adierazten duenaren arabera, alderdi politikoek beren eskuduntzak egikaritzeko duten askatasunari kalte egingo litzaioke, baldin eta, finantzaketa-formula gisa, erabateko liberalizazio-eredu bat baimenduko balitz; izan ere, hala balitz, beti izango litzateke eztabaidagarria finantzaketa-iturri jakin batetik datozen ekarpenek erabaki politiko jakin batean izan lezaketen eragina, eta alderdi politikoek, erakunde gisa, herri-borondatea bideratzeko duten zeregina hausteko arriskua legoke.

    Hori dela eta, legeak iturri publikoak ziurtatzen ditu alderdien funtzionamendua finantzatzeko, eta, aldi berean, ekarpen pribatuak mugatu eta euren gardentasuna eskatzen du.

    Horrenbestez, abenduaren 23ko 11/2021 Legearen bidez onartutako 2022ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan partida bat aurreikusten da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei ohiko funtzionamendu-gastuei aurre egiteko dirulaguntzak emateko.

    helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte hartzea bultzatu eta sustatzea

    Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak eta hori garatzen duen Herritarrek larrialdiei aurre egiteko euskal sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzko urtarrilaren 19ko 24/2010 Dekretuak (otsailaren 26ko 30/2019 Dekretuak aldatua) xedatzen dute larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako EAEko sisteman herritarrek parte hartzeko eta laguntzeko sare bat, babes zibilerako interesa duten boluntario-erakundeek osatua. Erakunde horien artean daude Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena duten EAEko babes zibileko erakunde laguntzaileak.

    Lankidetza-hitzarmenen bidez, babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko jardueretan modu erregularrean lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen dute erakunde horiek. Izan ere, erakundeon helburu nagusia larrialdi-egoeretan pertsonei eta ondasunei arreta ematea izan behar da, helburuetako bat babes zibileko zerbitzuak ematea izan behar da eta izaera altruista izan behar dute.

    Lankidetza-hitzarmen horietan jaso behar da, besteak beste, erakunde laguntzaileak larrialdi-egoeretan parte hartzeagatik izaten dituen gastu eta kalteen konpentsazioa, agintari eskudunak parte-hartze hori eskatzen duenean.

    Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Segurtasun Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu babes zibileko erakunde laguntzaile hauekin: Euskadiko Gurutze Gorriaren Batzorde Autonomikoa, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea, Euskal Espeleologoen Elkargoa, Euskal Mendizale Federazioa eta EuskalEguraldia Informazio Meteorologikoaren Elkartea. Era berean, Euskal-DYA Federazioarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea aurreikusten da.

    Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak, aipatu hitzarmenetan aurreikusitako urteko jarduketa-programetatik eratorritako gastuak konpentsatzeko aurrekontu-partida batzuk xedatzen ditu.

    helburua.- Ikerketa ozeano-meteorologikoa sustatzea

    Helburua da itsasertzeko itsas inguruneko plataformen bidez informazio ozeano-meteorologikoa lortzera bideratutako ikerketa sustatzea.Euskal Autonomia Erkidegoko sare ozeano-meteorologikoa hiru plataforma ozeano-meteorologikoz osatuta dago (EAEko portuetan daude), bai eta ur sakonetako bi buia ozeano-meteorologikoz, kostaldeko radar-sare batez eta hiru kostalde-bideometriako sistemaz ere. Sare hori EAEko meteorologia-zerbitzuak dituen baliabideetako bat da.

    AZTI Fundazioa zentro teknologiko aditua da itsas eta ozeanografia-ikerketan, eta Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barne dago. Irabazi-asmorik gabeko eta interes orokorreko erakundea da, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-, meteorologia- eta, bereziki, ozeanografia-garapenarekin konprometitua. Hogeita bost urte baino gehiagoko ibilbidea du ozeanografiari eta itsas ekosistemei buruzko azterketan eta ikerketan, eta hainbat ikerketa egin ditu itsasertzaren eta itsas baliabideen zaintzaren esparruan.

    Zentro teknologiko espezializatua izatea du eginkizun, eta ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du ezagutza berria sortzeko. Kalitate zientifiko altuak, ikerketaren emaitzak aplikatzearekin konbinatuta, bere ikerketa-taldea nazioartean erreferente izatea lortu du. AZTI fundazioa EuroGOOS irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakunde ospetsuko kidea da, eta Europa mailako ozeanografia operazionalarekin konprometituta dago.

    Segurtasun Sailak, babes zibilari, larrialdiei eta meteorologiari, klimatologiari eta antzeko zientziei dagozkien eskumenak betez, komenigarritzat jotzen du AZTI Fundazioarekin lankidetzan aritzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sare ozeano-meteorologikoko arlo horietan zaintza, informazioa, mantentzea, kudeaketa, ezagutza eta zabalkundea sustatu eta bultzatzeko.

    Helburu horrekin, 2020ko maiatzaren 7an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Segurtasun Sailaren bitartez, eta Azti Fundazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko elementu ozeano-meteorologikoen zaintza, jarraipen, kontrol eta kudeaketarako zerbitzurako. Hitzarmen hori 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da, bi alderdiek luzapen-akordio bat sinatuz.

    Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan aurreikusten da AZTI Fundazioari dirulaguntza bat emango zaiola aipatu hitzarmenean hartutako konpromisoei aurre egiteko.

    helburua.- Mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzea

    Eusko Jaurlaritzak, Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoen bidez, helburu estrategiko deritzo hezkuntzari, trafiko-istripuak prebenitzeko tresna gisa, eta, horretarako, mugikortasun segururako hezkuntza-ekimenak sustatzen ditu. Besteak beste, nabarmentzekoa da Bigarren Hezkuntzako ikasleekin hainbat programa eta ekintza espezifiko gauzatzea.

    AESLEME (bizkarrezur-muineko lesioak ikertzeko elkartea) sortzeko arrazoia izan zen nabarmen ugaritu zirela trafiko-istripuen ondoriozko bizkarrezur-muineko lesioak eta garezurreko eta entzefalo-traumatismoak. Irabazi-asmorik gabeko espainiar entitate pribatua da, 1995. urtean onura publiko erakunde izendatua, eta istripuen ondoriozko lesio konponezinak prebenitzen jarduten du, heziketa-kanpaina prebentibo propioen bidez. Trafiko-agintaritzekin, tokiko erakundeekin eta autonomia-erkidegoetako erakundeekin lankidetzan aritzen da hainbat kolektibori zuzendutako istripu-prebentzioko programetan, hala nola, ikastetxeak, akademia militarrak, adinekoen zentroak, espetxeak, enpresak eta abar. Prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpainen bidez, istripuak prebenitzea du eginkizun, bai eta lesionatu larrien eta jatorri traumatikoko hildakoen kopurua bide-hezkuntzako kanpainen bidez gutxitzea eta herritarrak istripuen ondorioez eta desgaitasuna duten pertsonek aurre egin behar dieten arazo fisiko, psikologiko eta sozialez sentsibilizatzea ere.

    AESLEMErekin lankidetzan arituz, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako ikasleak trafiko-istripuen prebentzioaren arloan informatzeko eta sentsibilizatzeko helburua bideratzen du; hala, informazio- eta sentsibilizazio-jardunaldiak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxeetan. Hitzaldi-solasaldiak emango dira lehen mailako prebentzioari (arriskuak eta prebentzioa), bigarren mailako prebentzioari (istripuetan esku hartzea) eta hirugarren mailako prebentzioari (istripuen ondorioak) buruz, fakultatiboen eta zirkulazio-istripu baten ondorioz bizkarrezur-muineko lesioak dituzten pertsonen eskutik, eta saioak ikasleen adinera eta mailara egokituta egongo dira.

    Hartzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo edo Lanbide Heziketako 12 urtetik gorako ikasleak izango dira. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak aurretik aukeratuko du zein ikastetxetakoak.

    Aurreko urteetan arrakasta izan duen sustapen-ildo bat da, eta, beraz, 2022ko ekitaldirako EAEko Aurrekontu Orokorretan ere AESLEMEren aldeko dirulaguntza bat ematea aurreikusten da, helburu berarekin. 

    helburua.- Jokoarekiko adikzioek eragindako arriskuen prebentzioa

    Jokoaren Euskal Behatokiak egin dituen azterketen amaieran, joko arduratsua sustatzeko eta joko problematikoa prebenitzeko ekintza-plan bat egin da. Plan horren abiapuntua honako diagnostiko hau da: jokoaren eskaintza eta eskuragarritasuna handitu dira, bai eta gizartearen kezka ere, pertsona eta gizarte-kolektibo jakin batzuengan nahi ez diren ondorioak izan ditzakeelako.

    Behatoki horren xedea da EAEko jokoaren azterketa eta analisi iraunkorra egitea, EAEko Jokoa Arautzeko Agintaritzari jokoaren ikuspegi orokor bat emateko, agintaritza horrek bere politika publikoak ezar ditzan.

    Aipatutako ekintza-planaren helburuetako bat da jokoaren erabilera desegokiarekin lotutako arriskuak murriztea eta adikzio-arazoak dituzten pertsonei tratamendu integrala eskaintzea.

    Horretarako, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntza ekonomikoak ezarri dira, joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak garatzeko. Dirulaguntza horren helburua da irabazi-asmorik gabeko erakundeek jokoarekin lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea. Joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-proiektu unibertsaltzat joko dira honako helburu hauek dituzten ekintzak proposatzen dituztenak: joko patologikoaren arriskuarekiko kalteberatasun-egoerak hautematea; joko arduratsuaren ezaugarriak eta joko-arriskuko egoera baten adierazleen ezagutza sustatzea; teknologia berriek jokoan dituzten arriskuak ezagutaraztea; eta joko patologikoaren aurkako borrokako jarduera eta baliabide publiko eta pribatuak ezagutaraztea. Proiektuak, besteak beste, honako kolektibo hauei zuzenduta egon daitezke: adingabeak, gazteak eta nerabeak, familiak eta hezkuntza-komunitatea.

    Era berean, lankidetza bat sinatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren bidez, eta EHUk, Jokoaren Euskal Behatokiarentzat interesgarriak izan daitezkeen mota guztietako ikerketa-proiektuak sustatu, bultzatu eta garatzeko.

    Horregatik, 2022ko ekitaldirako EAEko Aurrekontu Orokorretan, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiteko eta Jokoaren Euskal Behatokiarentzat interesgarriak izan daitezkeen ikerketa-proiektuak sustatu, bultzatu eta garatzeko dirulaguntzak ematea aurreikusten da.

    helburua.- Ertzaintzako langileek Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten sustatzea eta bultzatzea

    Polizien eta Suhiltzaileen Jokoen helburua, alde batetik, kirolari esker mundu osoko polizien eta suhiltzaileen arteko esperientziak partekatzea da, segurtasuneko zerbitzu publikoen arteko laguntasuna sustatzeko; bestetik, adibidearekin forma fisiko eta profesional onari eutsi diezaioten motibatzea.

    Polizia-lanak egoera fisiko berezia eskatzen du; eskakizun hori kidegorako hautaketa-prozesuan bertan egiten da, baina egoera horri ibilbide profesionalean zehar eutsi behar zaio.

    Ibilbide profesionalean zehar sasoiko egotea sustatzeko, Segurtasun Sailak polizia-kidegoko kideek jarduketa publikoetan, esaterako, polizia eta suhiltzaileen jokoetan, parte hartzea sustatzen du. Izan ere, parte hartzea, jokoon sonagatik, akuilu eta pizgarri gisakoa da beste funtzionario batzuentzat, ariketa fisikoa eta kirola egiteko ohitura izan dezaten, sasoiko egoteko eta errendimendua eta segurtasuna areagotzeko esparru profesionalean.

    Egiaztatu da kirol-jarduera publikoetan parte hartzearen adibidea, batez ere komunikabideetan duen oihartzun publikoagatik, joan den urteetan parte-hartzearekin lortutako arrakastak kontuan hartuta, gainerako funtzionarioek kirol-jardueraren bidez gaitasun fisikoari eustearen komenigarritasuna ikustean eragiten duela, eta aldi berean, kirol-lorpenak taldearentzat gauza prestigiotsutzat hartzen direla.

    Bizigarri hori oso komenigarria da, kontuan hartuta funtzionarioentzat jarduera fisikoa mantentzeko derrigorrezko programak ezartzeak lekarzkeen zailtasunak eta eragozpenak, eta agenteek behar bezalako egoera fisikorik ez izateak harreman zuzena izango lukeela laneko errendimenduarekin eta langilearen beraren osasunarekin.

    Aitzitik, kirol-jarduerak eragin positiboa du lanarekin lotutako gaitasun fisiko zehatz batzuk hobetzean, gorputza mugitzeko gaitasun efizientean eta nekea kudeatzean, alderdi psikologikoak hobetzean, aurrez aurreko fisiko batean arriskuak murriztean eta osasunarekin harremanetan dauden alderdiak hobetzean.

    Hori dela eta, 2022ko ekitaldirako EAEko Aurrekontu Orokorrek aurreikusten dute Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoko langile kirolzaleei laguntzak ematea, 2022an Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten.

    helburua.- Ikasketa eta ikerketa kriminologikoa sustatzea

    Segurtasun Sailari esleitutako eskumenen artean delinkuentzia prebenitzea eta tratatzea dago, baita herritarren segurtasuna hobeto bermatzea ere. Helburu horiek lortzeko planifikatutako neurrietako bat da epe ertain eta luzean kriminalitatearen ezagutza, prebentzioa eta desagertze modu eraginkorrena hobetzeko tresnak sortzea.

    Arlo horretako ezagutzaren eta ikerketaren mesedetan, Segurtasun Saila, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren bitartez, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Uibertsitatearekin lankidetzan ari da, bi jarduera-ildoren bidez.

    Alde batetik, UPV-EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen UNESCO Katedrarekin lankidetzan dihardu; hitzarmen bat sinatu du, gorroto-delituei buruzko EAErako txosten propio eta espezifiko bat egin dadin bultzatzeko, baita Europan arlo horretan egiten denarekiko konparazioa ere.

    Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren helburu garrantzitsuenetako bat da delituen prebentzioa, eta, guztiak ere garrantzi handikoak izan arren, arreta berezia eskaini behar zaie gorroto-delituei; izan ere, mota horretako delituek biktimarengan inpaktu handia eragiteaz gain, biktima izan daitekeen taldea edo kolektiboa beldurtzen dute, eta, era berean, kalte komunitario eta sozial handia eragiten dute, oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta gizarte-kohesioari eta bakeari larriki eragiten diote.

    Txosten horren helburua izango da kriminaltasun-mota hori epe laburrean edo ertainean hobeto ezagutu, prebenitu eta eraginkorrago erauzteko tresna bihurtzea. Horrez gain, txosten horrek mesede egingo dio operadore juridikoekiko koordinazioari, eta gorroto-delituekiko lan-esperientzia nazioarteko erakundeetara eroaten lagunduko du; bereziki interesgarria izango da EAEko errealitatea Europaren errealitatearekin alderatu ahal izatea.

    Bestalde, UPV-EHUko Instituto Vasco de Criminología / Kriminologiaren Euskal Institutuarekin (IVAC-KREI) lankidetzan aritzea aurreikusten da, jarduera akademikoak, azterlanak eta ikerketak garatzeko ikerketa- eta prestakuntza-jardueretan (batik bat aplikatuak). Jarduerok interes kriminologiko eta biktimologikoa izango dute batez ere, eta segurtasun objektibo eta subjektibo berezia behar duten elementuak ezagutu eta ulertzeko bide emango dute, betiere, bi erakundeen lanaren –IVAC-KREIren lan zientifikoaren eta Ertzaintzaren lan praktikoaren– sinergiei esker, delinkuentzia prebenitzeko eta tratatzeko balia daitezkeen emaitzak lortzea xede, baita herritarrei segurtasun-berme onena eskaintzea ere.

    IVAC-KREIren jardueraren xede espezifikoa da zientzia kriminaletako ikerketa eta prestakuntza espezializatua da, eta, unibertsitate-institutu gisa, hainbat unibertsitate-zentrotako eta -sailetako irakasleak eta ikertzaileak biltzen ditu, bai eta aipatu aztergaiarekin zerikusia duten eremu publiko eta pribatuetako profesionalak ere. Estatuan eta nazioartean harreman pribilegiatuak dituzte atzerriko zentro eta unibertsitateekin eta beste ikerketa-institutu batzuekin.

    IVAC-KREIk horrelako proiektu bat egiteak Segurtasun Sailean, oro har, eta Ertzaintzan, bereziki, arlo horren gaineko ezagutza handitzea eta arlo horretako ikerketa-jarduerak ugaritzea ekarriko du.

    2022ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan aurreikusten da dirulaguntza bat emango zaiola Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrari, eta beste dirulaguntza bat Instituto Vasco de Criminología / Kriminologiaren Euskal Institutuari, biak UPV-EHUkoak, deskribatutako helburuetarako.

Legegintzaldia

XII. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Ardatz estrategikoak eta dirulaguntza-lerroak

 Jarraian, planaren ardatz estrategikoak eta dirulaguntzen lerroak zerrendatzen dira, saileko unitate organikoaren arabera:

 

    • 4611. programa: ARAUBIDE JURIDIKOAREN, ZERBITZUEN ETA HAUTESKUNDE PROZESUEN ZUZENDARITZA
      • 1. helburu estrategikoa.- Alderdi politikoen ohiko funtzionamendu-gastuak finantzatzea
      • Dirulaguntza-lerroa: Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoentzako dirulaguntzak, ohiko funtzionamendu-gastuei aurre egiteko:
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: alderdi politikoen gastu arrunten finantzaketa publikoan laguntzea, konstituzio-helburuak behar bezala gara ditzaten.
          • Ekintza: Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei dirulaguntza bat ematea, 2022ko ohiko funtzionamendu-gastuei aurre egiteko.
          • Adierazleak: dirulaguntza jasotzen duten alderdi politikoen kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 4.536.000 €.
          • Partida: 02 4611 12 452 22/0022
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzailea: Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoak.
          • Emateko prozedura: Gobernu Kontseiluaren erabakia, zuzeneko dirulaguntza ematekoa.
    • 2231. programa: LARRIALDIEI AURRE EGITEKO ETA METEOROLOGIAKO ZUZENDARITZA
      • 2. helburu estrategikoa.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte hartzea bultzatu eta sustatzea
      • 1. dirulaguntza-lerroa: Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaren batzorde autonomikoa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman bere borondatez parte hartzea sustatzea
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
          • Adierazleak: sinatzen den lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak (mobilizazio kopurua, aurreikusteko moduko arriskuen prebentzio-baliabideen kopurua, prestakuntza- edo dibulgazio-jardueren kopurua).
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 471.600 €.
          • Partida: 02 2231 21 452 22/0041
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaren batzorde autonomikoa
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2019ko abenduaren 20an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena. 
      • 2. dirulaguntza-lerroa: Euskal-DYA Federazioa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman bere borondatez parte hartzea sustatzea
          • Ekintza: sinatuko den lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
          • Adierazleak: sinatuko den lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak (mobilizazio kopurua, aurreikusteko moduko arriskuen prebentzio-baliabideen kopurua, prestakuntza- edo dibulgazio-jardueren kopurua).
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 155.000 €.
          • Partida: 02 2231 21 452 22/0042
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Euskal-DYA Federazioa.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatuko dena.
      • 3. dirulaguntza-lerroa: Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman bere borondatez parte hartzea sustatzea
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
          • Adierazleak: sinatzen den lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak (mobilizazio kopurua, boluntario akreditatuen kopurua, egindako prestakuntza- edo dibulgazio-jardueren kopurua, etab.).
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 36.000 €.
          • Partida: 02 2231 21 452 22/0043
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2021eko abuztuaren 2an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
      • 4. dirulaguntza-lerroa: Euskal Espeleologoen Elkargoa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman bere borondatez parte hartzea sustatzea
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean garatutakoak.
          • Adierazleak: sinatzen den lankidetza-hitzarmenean garatutakoak (mobilizazio kopurua, boluntario akreditatuen kopurua, egindako prestakuntza- edo dibulgazio-jardueren kopurua, etab.).
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 15.000 €.
          • Partida: 02 2231 21 452 22/0044
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Euskal Espeleologoen Elkargoa
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2021eko urriaren 1ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
      • 5. dirulaguntza-lerroa: Euskal Mendizale Federazioa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman bere borondatez parte hartzea sustatzea
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean garatutakoak.
          • Adierazleak: sinatutako lankidetza-hitzarmenean garatutakoak (egindako prestakuntza- edo dibulgazio-jardueren kopurua, prestatutako pertsonen kopurua, etab.).
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 25.000 €.
          • Partida: 02 2231 21 452 22/0045
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Euskal Mendizale Federazioa
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2022ko urtarrilaren 12an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
    • 5512. programa: LARRIALDIEI AURRE EGITEKO ETA METEOROLOGIAKO ZUZENDARITZA
      • 2. helburu estrategikoa.- Herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte hartzea bultzatu eta sustatzea
      • 6. dirulaguntza-lerroa: EuskalEguraldia / Informazio Meteorologikoaren Elkartea.
        • a) HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman borondatez parte har dezaten sustatzea, fenomeno meteorologikoei eta larrialdiei buruzko informazio segurua eta kalitatezkoa jasoz, bai eta meteorologiazale trebatuak dauden lekuan gertatzen denaren argazkiak eta bideoak ere.
          • Ekintza: elkartekideen prestakuntza eta jardueren protokoloak.
          • Adierazleak: elkarteko kideen kopurua eta partaidetza.
        • b) AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 3.000 €.
          • Partida: 02 5512 21 452 22/0062
        • c) SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: EuskalEguraldia / Informazio Meteorologikoaren Elkartea.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2022ko otsailaren 1ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
      • 3. helburu estrategikoa.- Ikerketa ozeano-meteorologikoa sustatzea
      • Dirulaguntza-lerroa: AZTI Fundazioa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: itsasertzeko itsas inguruneko plataformen bidez informazio ozeano-meteorologikoa lortzera bideratutako ikerketa.
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
          • Adierazleak: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 195.000 €, 2022. ekitaldirako; eta 195.000 €, 2023. ekitaldirako.
          • Partida: 02 5512 21 452 22/0061
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Azti Fundazioa.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2021eko abenduaren 23an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
    • 2221. programa: TRAFIKO ZUZENDARITZA
      •  4. helburu estrategikoa.- Mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzea.
      • Dirulaguntza-lerroa: Bizkarrezur-muineko lesioa ikertzeko elkartea (AESLEME), mugikortasun segururako hezkuntzari buruzkoa
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: ikastetxeetako ikasleak trafiko-istripuen prebentzioari buruz informatzea eta sentsibilizatzea.Ekintza: lehen mailako prebentzioari (arriskuak eta prebentzioa), bigarren mailako prebentzioari (istripurik izanez gero nola jokatu) eta hirugarren sektoreko prebentzioari (istripuen ondorioa) buruzko solasaldi-hitzaldiak.
          • Adierazleak: hitzaldi-solasaldien kopurua eta parte hartu duten ikasleen kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 30.000 €.
          • Partida: 02 2221 23 452 22/0094
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: AESLEME elkartea.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehendakariorde lehenaren eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa.
    • 6113. programa: JOKO ETA IKUSKIZUN ZUZENDARITZA
      • 5. helburu estrategikoa.- Jokoarekiko adikzioek eragindako arriskuen prebentzioa
      • 1. dirulaguntza-lerroa: irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak garatzeko
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: irabazi-asmorik gabeko erakundeek jokoarekin lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea, besteak beste, adingabeei, gazte eta nerabeei, familiei eta hezkuntza-komunitateari zuzenduta.
          • Ekintza: kalteberatasun-egoerak hautematea; joko arduratsuaren ezaugarriak eta joko-arriskuko egoera baten adierazleen ezagutza sustatzea; teknologia berriek jokoan dituzten arriskuak ezagutaraztea; eta joko patologikoaren aurkako borrokako jarduera eta baliabide publiko eta pribatuak ezagutaraztea, hainbat proiekturen bidez.
          • Adierazlea: programa kopurua eta horien hartzaileen kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 200.000 €.
          • Partida: 02 6113 22 452 22/0067
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: irabazi-asmorik gabeko erakundeak
          • Emateko prozedura: norgehiagoka, lehia-prozedura. Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, deialdia egitekoa.
      • 2. dirulaguntza-lerroa: UPV/EHU. Jokoaren Euskal Behatokiarentzat interesgarriak diren ikerketa-proiektuak
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: Jokoaren Euskal Behatokia edukiz hornitzea; horren helburua da EAEko jokoaren azterketa eta analisi iraunkorra egitea, EAEko Jokoa Arautzeko Agintaritzari jokoaren ikuspegi orokor bat emateko, agintaritza horrek bere politika publikoak ezar ditzan.
          • Ekintza: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
          • Adierazleak: sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutakoak.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 100.000 €.
          • Partida: 02 6113 22 410 22/0064
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.
          • Emateko prozedura: Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, dirulaguntza izendun bat ematekoa, bi alderdiek 2020ko irailaren 25ean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez gauzatzen dena.
    • 2223. programa: GIZA BALIABIDEEN ZUZENDARITZA 
      • helburu estrategikoa.- Ertzaintzako langileek Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten sustatzea eta bultzatzea
      • Dirulaguntza-lerroa: Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolzaleentzako laguntzak.
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, bai EAEtik kanpo, eta kirol-lehiaketen eta kirol-jardueraren berezko balioak sustatzea, lanbiderako sasoiko egon ahal izateko une oro.
          • Ekintza: polizia-jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinetan parte hartzea eta postu jakin bat egiaztatzea.
          • Adierazlea: parte-hartzaileen kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 20.000 €.
          • Partida: 02 2223 13 451 22/3665
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Hartzaileak: Ertzaintzako funtzionarioak.
          • Emateko prozedura: norgehiagoka, hainbanaketa. Agindua, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, deialdia egitekoa.
    • 2223.  programa: KUDEAKETA EKONOMIKOAREN ETA BALIABIDE OROKORREN ZUZENDARITZ
      •  7. helburu estrategikoa.- Ikasketa eta ikerketa kriminologikoa sustatzea
      •  1. dirulaguntza-lerroa: UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedra
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: gorroto-delituen ezagutza, prebentzioa eta desagertzea hobetzea; izan ere, delitu horiek desagerrarazteaz bat, berdintasuna, tolerantzia, elkarbizitza eta errespetua loratuko baitira, eta horixe da gizarte demokratiko aurreratu ororen asmo gorena.
          • Ekintza: gorroto-delituei buruzko EAErako txosten propio eta espezifiko bat egitea, baita Europan arlo horretan egiten denarekiko konparazioa ere.
          • Adierazleak: txosten kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 30.000 € urtean, 2022-2025 aldian.
          • Partida: 02 2223 11 410 22/538401
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedra
      • Emateko prozedura: Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zuzeneko dirulaguntza bat ematekoa, lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatzen dena.
      • 2. dirulaguntza-lerroa: UPV-EHU, Instituto Vasco de Criminología / Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI)
        1. HELBURUAK, EKINTZAK ETA ADIERAZLEAK
          • Helburua: segurtasun objektibo eta subjektibo bereziaren eremuan lortzen diren emaitzen ezarpen praktikoa lortzea helburu duen ikerketa garatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ikuspegi kriminologiko eta biktimologikotik.
          • Ekintza: azterlanak eta txostenak; ikastaroak, jardunaldiak eta bestelako prestakuntza-jarduerak; eta urteko udako ikastaro bat.
          • Adierazleak: azterlanen eta txostenen kopurua; ikastaro, jardunaldi eta bestelako prestakuntza-jardueren kopurua; udako ikastaroen kopurua.
        2. AURREKONTU-KONPROMISOAK
          • Zenbatekoa: 125.000 € urtean, 2022-2025 aldian.
          • Partida: 02 2223 11 410 22/538402
        3. SEKTORE HARTZAILEAK ETA EMATEKO PROZEDURA
          • Sektore hartzaileak: UPV-EHU, Instituto Vasco de Criminología / Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI).
      • Emateko prozedura: Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zuzeneko dirulaguntza bat ematekoa, lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatzen dena.