Prevencionar sarien lehenengo edizioa egin da

Osalaneko zuzendari Izaskun Urienek Banco Bilbao Vizcaya Argentariari (BBVA) eman dio Urteko Enpresaren Saria (Enpresa Handia kategorian), laneko arriskuen prebentzioan (LAP) espezializatuta dauden Prevencionar eta E-saludable komunikabideek antolatutako Prevencionar sarien lehenengo edizioan. Sari-banaketa Ramón Areces Fundazioan (Madril) egin zen urriaren 11n. Saria eman zaio osasuna sustatzearen eta prebentzioaren arloko jardueretan teknologia berriak integrazio eta garapeneko erreminta gisa erabiltzeko moduagatik. 

Prevencionar sarien babesleetako bat da Osalan, eta helburu dute enpresek eta profesionalek laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan egiten duten lana aitortzea eta sektorea berritzeko gogoa eta prebentzioaren benetako kultura sortzeko ahalegina eta motibazioa errekonozitzea.

Ekimenaren xedea da halako jarrerak nabarmentzea eta argitara ematea, gizartea kontzientziatzeko eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko lanean parte har dezan lortzeko, bai eta orain arte beste enpresa batzuetan eta gizartean, oro har, ezarri izan diren jardunbide egokiak hedatzea ere.

Sariak honako kategoria hauetan banatzen dira: Enpresa Osasuntsua; Bide Segurtasuna; Prebentziozko Berrikuntza; LAParen Komunikazioa; Prebentzio Jarduerarik Onena; Prebentzio Kultura; Urteko Profesionala; eta Urteko Enpresa.

 

Prebentzioarekin konpromisoa

 

Prevencionar sarien lehenengo ediziora 349 hautagai aurkeztu dira, eta horrek nolabait ere egiaztatzen du, batetik, deialdiak arrakasta izan duela eta, bestetik, enpresek eta profesionalek interesa dutela laneko osasunean eta segurtasunean.

Urteko Profesionalaren Sarian finalista izan dira Pedro Pablo Uriarte (Osalanen Planifikazioko zuzendariorde ohia), Juan Carlos Coto (Osalanen egungo Planifikazioko zuzendariordea) eta Alberto Ojanguren (Bilboko Portu Agintaritza).

Sari-banaketan enpresaren munduko eta Administrazio Publikoko 400 ordezkaritik gora izan dira, besteak beste, Gizarte Segurantzaren estatu idazkaria, Gizarte Segurantzaren Antolaketako zuzendari nagusia, Higiene eta Segurtasun Institutu Nazionalaren zuzendaria, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Institutuaren zuzendaria eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Asturiaseko Institutuaren zuzendaria.

Urteko Enpresaren Saria (Enpresa Handia kategoria), adierazi bezala, BBVAri eman zaio, eta gainerako sariak honela banatu dira:

 

Urteko Enpresaren Saria (ETE kategoria): Laboratorios Quintón

ETE honek prebentzio eta osasuneko estrategiak eta jarduerak gauzatzeko moduagatik, handizaletasunez eta konplexurik gabe, kudeaketa-maila handiaz, enpresa handienen antzekoaz edo handiagoaz.

 

Urteko Profesionalaren Saria: Carlos Martínez Domínguez

Lan-arloko bere ibilbideagatik eta bere ibilbide pertsonalagatik, prebentzioaren kulturarekiko konpromiso argiaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan berrikuntza-proiektuen sustatzaile rolaren inguruan garatu duena.

 

Prebentzio Kulturaren Saria: Henkel Ibérica

Gai hau gizartean modu naturalean integratzearen aldeko apustua eginez, LAPa ikastetxeetara eramaten duen “Segu y Salu en la fábrica de juguetes” hezkuntza-proiektuagatik.

 

Prebentzio Jarduerarik Onenaren Saria: BSH Electrodomésticos España

Nahasmendu muskulu-eskeletikoei buruzko bere jarduera-planagatik, eta azpimarratu dira aztertzen dituen jardueren aniztasuna, horien berrikuntza eta izan duten inpaktua eta onura.

 

Prebentziozko Berrikuntzaren Saria: Grandes Almacenes FNAC España

Konponbide zaila duen arrisku baten azterketa xehatuagatik, ezeztatu edo minimizatzeko prebentzio-neurri espezifiko berritzaileen eta erreminten diseinu praktikoa barne dela.

 

LAParen Komunikazioaren Saria: Fraternidad Muprespa

Hedatutako prebentzio-mezuaren argitasunagatik eta luzeragatik, edukietan eta komunikazio-euskarrietan irudi egoki batez lagunduta.

 

Bide Segurtasunaren Saria: Gonvarri Steel Services

Ezin hobeto planifikatu eta gauzatu izanagatik “Emotional Driving” proiektua, eta izan dituen emaitza onengatik.

 

E-saludable Saria (Enpresa Handia kategoria): Liberty Seguros

Pertsonen zaintza eta osasunaren eta ongizatearen sustapena konpainiaren nortasun-ikur moduan erabili eta barneratu izanagatik bertako langileentzat.

 

E-saludable Saria (ETE kategoria): Protón Electrónica

MikroETE honen ibilbide logikoagatik, langileen artean lesiorik eta gaixotasun profesionalik izan ez bada ere eta enpresen agertokia oso ona ez bada ere, jarraitu egin duelako baliabideak eta ahaleginak bideratzen enpresa “segurua” izatetik enpresa “osasuntsua” izatera iristeko.