Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute Europako eta Estatuko hainbat ekimenetan aktiboki parte hartzen dutela kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarra hobetzeko eta baheketa-programetan sartzeko desberdintasunak murrizteko. Kolonen Baheketa Programaren bidez, Euskadik Europako hainbat batzorde eta ekintza bateratutan laguntzen du aholkulari gisa, hala nola ECIRen, Minbiziaren Desberdintasunen Europako Erregistroan (baheketetan ekitate eza gutxitzekoa) eta EUCANSCREENen (Europa osoan baheketa-programak ezartzea eta praktikak bateratzea bultzatzen duena). Europako Batzordeak sustatutako ekimen horien helburua ezagutza partekatzea, teknologia berriak ebaluatzea eta minbizia prebenitzeko programak indartzea da herrialde guztietan.
Gainera, Osakidetzak zentro anitzeko hainbat ikerketa-proiektutan parte hartzen du, baheketaren kalitatea eta kolon eta ondesteko minbiziaren azterketa hobetzen jarraitzeko. Horietako hiru europarrak dira, biomarkatzaile berrien garapenean eta baheketa-kolonoskopien ondoren hautemandako lesioen jarraipenean oinarritzen direnak.
Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-eredua nazioarteko erreferentea da, bai Estatuan, bai Europan. Izan ere, Europako Batzordeak berriki nabarmendu du jardunbide onena dela minbizia prebenitzeko eta detektatzeko politiketan, Europako aditu-talde batek egindako txosten baten arabera.
Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa 74 urtera luzatu duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoa izan da Euskadi. Gonbidatuen % 77,1ek parte hartu du, Estatuko eta Europar Batasuneko partehartze tasen artean handienetakoa.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea