Lehendakariak Bruselarako bere 3. bidaian bilera bat egingo du Belgikako liderrarekin, eta Estaturik gabeko nazioak edo botere legegilea duten eskualdeak bultzatuko dituzte erabaki-foroetan, kohesio-funtsei, industria eta geopolitikari, edo EBn euskara bezalako hizkuntzen ofizialtasunari begira

Argitalpen-data: 

Belgikako lehen ministroak, Bart De Weber-ek, martxoaren 4an, Imanol Pradales Lehendakariari harrera egingo dio bere egoitza ofizialean, maila politiko goreneko aldebiko topaketa batean. Topaketa horren helburua da bi herrialdeen arteko aliantza eta elkarrekiko lankidetza indartzea, besteak beste, Europako hizkuntza koofizialen defentsan, edo legegintzako eskumenak dituzten estaturik gabeko eskualde eta nazioen zeregina aldarrikatzea, Kontseilu Europarrean zuzenean eragiteko.

Imanol Pradales Lehendakaria Bruselara joango da martxoaren 3an eta 4an, Euskadik Europar Batasunaren bihotzean duen protagonismo politikoa indartzeko agenda betetzea helburu. Lehendakariak legegintzaldi honetan Belgikako hiriburura egiten duen hirugarren bidaia da, 2024ko azaroan eta 2025eko urtarrilean egindakoen ondoren. Horiek guztiek helburu bera dute: Euskadi eragiten dioten erabakiak hartzen direnean mahai horietan egotea, eta, horrela, eragina irabaztea, Europan ere euskal gizartearen interesak eta eskubideak defendatu ahal izateko.

Une hau, gainera, Europar Batasuneko politikak birdefinitzeko une erabakigarria da, eta Lehendakariak ziurtatu egin nahi du euskal industriaren ahotsak eta gaitasunek zuzeneko eragina izango dutela Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen erabakietan, lan-agenda trinko baten hainbat ekitaldiren bidez.

Martxoaren 4an, asteazkenean, egingo den jardunaldiak Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaidaren erdigunean jarriko du Euskadi. ‘Power Regions of Europe - Round Table Summit 2026’ (Europako Lurralde Boteredunen 2026ko Mahai inguruaren) goi-bileran parte hartuko du Lehendakariak. Bertan, Europan gaitasun ekonomiko eta teknologiko handiena duten eskualdeek 2028 osteko Kohesio Politikaren aurrean duten jarrera bateratua finkatuko dute. Foro horretan, Imanol Pradalesek Europako funtsen eredu bat defendatuko du, eskualdeko berrikuntza eta lehiakortasuna sarituko dituena.

Aurretik, Lehendakariak European Policy Centrek (EPCk), Europako Politiketarako Zentroak antolatutako elkarrizketa estrategiko batean parte hartuko du. Bertan, Europako industria segurtasun eta geopolitika aro berrira lehiakortasunik galdu gabe nola egokitu behar den azalduko du.

Maila goreneko bilera

Agenda politikoaren hitzordu nagusia Bart De Wever Belgikako lehen ministroaren egoitza ofizialean izango da. Bigarren bilera izango da, Davosen izandako bileraren ondotik; hori, Lehendakariak urtarrilean munduko ekonomia eta finantza foro handienera egin zuen bidaian egin zen. Han, Pradales eta De Weverrek nazioarteko egoerari buruzko ikuspegiak partekatu zituzten eta industria profil indartsua, berritzailea eta mundura irekia duten Europako estaturik gabeko eskualde eta nazioen arteko lankidetza bideak aztertu zituzten.

Datorren asteazkenean, martxoaren 4an, egingo den aldebiko bileran, Imanol Pradalesek Belgikako lehen ministroari Eusko Jaurlaritzaren kanpo-agendarako funtsezkoak diren gaiak helaraziko dizkio, hala nola, Europar Batasuneko erakundeetan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko beharra eta eskumen legegileak dituzten estaturik gabeko eskualde eta nazioen eginkizuna aldarrikatzea, Europako Kontseiluan (EUCO) zuzenean eragiteko, besteak beste.

Euskal diasporarekin eta izaera teknikoagoko beste batzuekin ere bilerak egitea aurreikusi da.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

Eusko Jaurlaritzak bideo bat argitaratu du Imanol Pradales lehendakariak heltzean egindako adierazpenekin, Bruselara egindako hirugarren bidaia instituzionalean.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea