Kontsumobidek kontsumitzaileei orientazioa ematen die Hedonai klinikak itxi ondoren

Argitalpen-data: 

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, jakinarazi du Hedonai kliniken itxierak hainbat kontsumitzaile euren tratamentuak amaitu gabe utzi dituela

Kontsumobidek kontsumitzaileei orientazioa ematen die Hedonai klinikak itxi ondoren

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, jakinarazi du Hedonai kliniken itxierak hainbat kontsumitzaile euren tratamentuak amaitu gabe utzi dituela. Horiek eteteak kalte ekonomikoa eragin diezaieke, eta, gainera, osorik eman ez diren zerbitzuengatiko kuoten ordainketarekin egin dezakete topo. Egoera horren aurrean, Kontsumobidek gogorarazi du jarduteko bideak ordaintzeko moduaren araberakoak izango direla.

Alde batetik, zerbitzua zuzenean klinikari ordaindu bazitzaion lotutako finantzaketarik gabe, kontsumitzaileek bide judizialetik erreklamatu beharko dute. Kasu horietan, enpresaren hartzekodunen konkurtsoa deklaratu arte itxaron beharko da prozeduran hartzekodun gisa agertzeko.

Bestalde, kontratatutako zerbitzuari lotutako kredituren bat dagoenean, kontsumitzaileek zuzenean jo dezakete finantza-erakundera ordainketak geldiarazteko eta, hala badagokio, finantzaketa-kontratua bertan-behera uzteko. Horretarako, tratamendua eten dela egiaztatu beharko dute, eta eskura duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute, hala nola kontratua, hasierako aurrekontua edota kontratatutako zerbitzuarekin lotutako edozein egiaztagiri.

Martxoaren 12tik, Kontsumobidek eta Euskadiko KIUBek 106 erreklamazio erregistratu dituzte Hedonai kliniken itxierarekin lotuta. Kontsumoko Euskal Institutuak eraginpeko pertsonei gomendatzen die eskura duten dokumentazio guztia biltzea eta erreklamazioa ahalik eta lasterren aurkeztea, dela finantza-erakundean, dela dagokion bide judizialetik.