Ikasturte berriaren hasierari begira euskal familiek liburuetan, materialean, arropan nahiz matrikuletan egingo duten gastuaren hazkundearen aurrean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gomendio praktikoak helarazi ditu. Ikasgeletara itzultzea urteko ahalegin ekonomiko handienetako bat denez, aldez aurreko antolakuntza eta aurrekontuaren kudeaketa dira gastuak murrizteko eta behar ez diren erosketak saihesteko tresnarik eraginkorrenak.
Ikasturtea prestatzeko gako-gomendioak
- Inbentarioa egin: Lehenengo urratsa etxean dagoen materiala berrikustea da (motxilak, estutxeak, arropa) egoera onean dauden elementuak berreskuratzeko eta bikoiztasunak saihesteko.
- Aurrekontua eta zerrenda ezarri: Ezinbestekoa da aurrekontua zehaztea eta benetako beharren zerrendara mugatzea, bultzadazko erosketak gelditzeko.
- Prezioak alderatu: Denda fisikoen eta interneteko plataformen artean alderatzea gomendatzen da, ezberdintasun handiak izaten dira eta.
- Laguntza publikoak kontsultatu: Eusko Jaurlaritzako testuliburuen mailegu-programak (Eskolako Liburuak) zein EAEko eta tokian-tokiko bekak aztertu.
- Erosketak denboran banatu: Ez da material guztia aldi berean erosi behar, lehenengo eskola egunerako eskatzen ez bada.
- Iraupenari eta funtzionaltasunari lehentasuna eman: Modako lizentziek eta publizitateak produktua garestitzen dute kalitate pedagogikorik gaineratu gabe. Material birziklatuen alde egiteak kontsumo jasangarria sustatzen du.
- Tiketak gorde eta baldintzak berrikusi: Erosketa-tiketa edo faktura gorde behar da erreklamatzeko, eta gogoratu publizitateak kontratu-balioa duela. Denda fisikoen itzulera-politikak kontsultatu behar dira, eta interneteko erosketetan 14 eguneko atzera egiteko eskubidea dagoela gogoratu.