Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Estraburgora bidaiatuko du datorren ostegunean, urriaren 22an, Europa Power Conference biltzarrean parte hartzeko.
Biltzarra urriaren 21etik 23ra egingo da hiri alsaziarrean, eta Europa osoko lider politikoak, enpresa-arduradunak, zientziaren eta kulturaren arloko ordezkariak, gizarte zibileko kideak eta gazteak bilduko ditu.
Ubarretxenak eskualdeek, hiriek eta tokiko agintariek beren lurraldeen bidez Europa nola indartu dezaketen aztertuko duen mahai-inguruan parte hartuko du. Harekin batera arituko dira Estrasburgoko alkatea, Grand Est eskualdeko presidentea, Alsaziako Batzarreko presidenteordea eta Europako Eskualdeetako Lantaldeko presidenteordea.
Bere hitzaldian, sailburuak azalduko du Euskadik zer ikuspegi duen estaturik gabeko nazioek, eskualdeek eta hiriek Europaren etorkizunean duten eginkizunari buruz. Era berean, lurralde horiek Europar Batasuneko erabakiak hartzeko prozesuetan hasieratik parte har dezatela defendatuko du.
Horren adibide gisa, Ubarretxenak Euskadik autogobernuaren arloan duen esperientzia eta Makroeskualde Atlantikoa bultzatzeko azken zortzi urteetan egindako lana aurkeztuko ditu. Ekimen horrek Europako Eskualdeetako Lantaldearen babesa jaso zuen joan den astean, Imanol Pradales Lehendakariak parte hartu zuen bilkura batean.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, halaber, Europar Batasuneko erakunde guztietan euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko du, eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunak Europako proiektuaren aberastasun nagusietako bat direla defendatuko du.
Europa Power Initiative erakundeak antolatzen duen bigarren biltzarra da. Korronte politiko desberdinetako hirurehun pertsona ospetsuk baino gehiagok sustatu zuten erakundea 2025eko azaroan. Bultzatzaileen artean Europako komisario ohiak daude, hala nola Margrethe Vestager, Mariya Gabriel eta Nicolas Schmit.
Edizio honetan Europar Batasuneko hainbat agintarik parte hartuko dute, besteak beste, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Sergio Mattarella Italiako presidenteak. Eusko Jaurlaritzak maila horretako foro batean parte hartzeak Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta Europaren etorkizunari buruzko eztabaidari egiten dion ekarpena indartzen ditu.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea