Osasuna: Euskadi Europarako azpiegitura onkologiko integralen CCI4EU ekimenerako aukeratutako 10 eskualdeetako bat da, Horizon Europe-ren Minbiziaren Misioaren esparruan, eta sare horren lankidetzarekin Europako bikaintasun-zentro gisa akreditatzerako abian doa

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta I+G+b egituren ordezkaritza batek, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea buru zela, Stockholmeko Karolinska Comprehensive Cancer Center bisitatu du. Helburua: bere eredutik ikastea, Euskadin ezartzeko bidean aurrera egiteko.

Egonaldia Euskadik CCI4EU (Minbiziaren Azpiegitura Integralak Europarako) ekimenaren barruan garatzen duen lanaren parte da. Ekimen hori Europar Batasunak finantzatzen du Horizon Europeko Minbiziaren Misioaren esparruan. Euskadi azpiegitura onkologiko integralak bultzatzeko hautatutako hamar eskualde aurreratuetako bat da, asistentzia, ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza ikuspegi koordinatu eta kalitatezkoarekin uztartzen dituena.

Suediara egindako bidaia beste urrats bat da Euskadi Comprehensive Cancer Centre (Orotariko Minbizi-Zentro) gisa ziurtatzeko prozesuan. Aitorpen horrek indartu egingo du minbiziaren arreta bikaintasun klinikoan, ikerketan, berrikuntzan eta emaitza neurgarrietan oinarritutako eredu baten bidez eraldatzearen aldeko apustua egiten duten eskualdeen Europako sarean duen zeregina.

Argitaratu berri den 2025-2030 aldirako Euskadiko Plan Onkologiko Integrala guztiz lerrokatuta dago Europako bikaintasun-zentro gisa egiaztatzeko prozesuaren eskakizunekin.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea