Euskal Herriko Unibertsitateak, Arabako Campuseko NanoBioCel ikerketa-taldearen eta terapia farmazeutiko aurreratuen Joint Research Lab-aren (JRL) edo ikerketa bateraturako laborategiaren bidez, parte hartuko du "Decentralized Health Digital Twin Ecosystem Consisting of Research Infrastructures - DTRIP4H" Europako proiektuan (ikerketa-azpiegiturez osatutako osasun deszentralizatuko ekosistema biki digitala), 11.9 milioi eurokoa. Proiektua urtarrilean hasi da, Tallinen (Estonia) egindako bilera batekin.
UPV/EHUko ikerketa-taldeak 657.000 euro jasoko ditu lau urtean, 2025eko urtarrilean hasita.
DTRIP4H proiektua Europako adituen partzuergo batek osatzen du, eta Horizon Europe programaren dirulaguntza garrantzitsua jaso du. Partzuergo horren helburua da Europako osasun-ikerketako azpiegiturak eraldatzea, abangoardiako Adimen Artifizial sortzailea eta errealitate birtualarekin integratutako biki digitalen teknologiak erabiliz.
Proiektuak pertsonak ardatz dituen ikuspegia azpimarratzen du. Azken belaunaldiko ikasketa federatuko metodoak (FL) erabiliko ditu, EBko datu-estrategiari jarraiki (COM 2022066), kode irekiko biki digitalen ingurunea (DDTE) garatzeko, deszentralizatua, fidagarria eta pribatutasuna zainduko duena, osasun-ikerketarako DT (biki digitaletako) soluzioetan aurrera egiteko.
Partzuergoak Europako 14 herrialdetako 23 onuradun eta 3 erakunde afiliatu biltzen ditu, horien artean unibertsitateak, enpresa handiak, ospitaleak, ETEak eta puntako ikerketa-azpiegiturak, hala nola Medikuntza Traslazionaleko Europako Azpiegitura (EATRIS), Osasun Kudeaketako Europako Elkartea (EHMA) eta Ingurumen Esposizioaren Ebaluazioari buruzko Ikerketa Azpiegitura (EIRENE).
Ikus informazio osoa (Iturria: UPV-EHUren webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea